Hotza fabrikatzen duen kooperatiba

Ganbera, panel, ate eta hotz ekipamenduen fabrikatzailea da Kide. Duela pare bat urte Txinan zuten lantegia itxi eta egun ekoizpen osoa Berriatuan burutzen dute, gerora produktuak bost kontinentetan merkaturatzeko

Argazkia: Kide Argazkia: Kide

50 urte betetzear den Mondragon taldeko kooperatiba da Kide. 1975ean sortua, hotz ganberak, panel isolatzaileak, hozkailu ateak, hotz ekipamenduak eta lehortegiak fabrikatzeaz arduratzen da egun, nahiz eta hastapenetan supermerkatu eta merkataritza-guneetako armairuak egiten zituzten soilik. “Supermerkatuetan jogurtak gordetzen diren armairuak egiten hasi ginen, eta Electrolux enpresa suediarrarekin akordio batera iritsi ginen euren produktuak hemen saldu eta merkaturatzeko”, azaldu du Miren Larrañaga finantza eta marketin arduradunak. Aitzitik, 1980ko hamarkadan produktu mota honen ekoizpenak emaitza onik ematen ez zuela ikusita, panel eta ateen fabrikazioaren aldeko apustua egin zuten. “Ekoizpena konplexua zen, eta aldaketa ugari zekartzan. Gainera, gure ekoizpena eskuz egiten genuen, eta ezin genuen enpresa handiekin lehian aritu”, gehitu du.

Gerora, hotz ganberen fabrikazioa berreskuratu eta beste hainbat produktu mota ere egiten hasi dira, lehortegiak tartean. Izan ere, azken urteotan produktu gama zabaltzea izan da Kidek jorratutako estrategia nagusia, dibertsifikazioa, hain zuzen: “2007tik produktu mota berri pila integratu ditugu. Enpresa txikia gara merkatuko konpetentziarekin alderatuta, eta eurei segi ahal izateko beharrezkoa da geure produktu gama zabaltzea”, dio Larrañagak.

Miren Larrañaga: “gure ganberak McDonaldsen gaude, esaterako, baina ez diegu zuzenean eurei saltzen. Guk instalatzaileari saltzen diogu eta gero honek saltzen dio ezagunagoak egiten zaizkigun enpresa handiei”

Dena den, produktua baino zerbitzua da Kidek duen bereizgarri handiena finantza arduradunaren hitzetan. Mundu osoko ekoizleekin lehia horretan kalitatezko produktua egitea aurresuposatzen da nolabait, eta zerbitzuan egin beharra dago diferentzia. Kidek zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen du, enpresa txikia izanik duen gertutasuna baliatuz: “bezeroari zero unetik produktua saldu osteko unera arte eskaintzen diogu aholkularitza, eta muntaian eta logistikan ere laguntzen diegu. Gure ganberak McDonaldsen daude, esaterako, baina ez diegu zuzenean eurei saltzen. Guk instalatzaileari saltzen diogu, eta gero hark saltzen dio ezagunagoak egiten zaizkigun enpresa handiei, gure bezeroarentzat oso garrantzitsuak baitira”. Finean, konpetentziak eskaini ezin duen soluzio integral bat eskaintzen du. “Ez gara merkeenak, ezta handienak ere, baina zerbitzuan oso onak gara”.

Berriatuatik bost kontinentetara

“Guk diseinatzen dugu saldutako guztia. Kalitatezko teknologia erabiltzen dugu eta bizkor erantzuten diogu bezeroari”, dio arduradunak. Fabrikatzaile izateak ematen die bizkortasun hori nahiz zerbitzu pertsonalizatua emateko aukera. “Proiektu oro hasterako unean, gure talde teknikoak aholkularitza eskaintzen du. Atez ateko logistika ematen dugu, baita muntaia zerbitzua ere”. Hori gutxi balitz, asteko zazpi egunetan 24 orduko saldu osteko zerbitzua ere badute.

Jarduera horren emaitza 35 milioi euroko fakturazioa izan da iaz. Pandemiako urteetan beherakada izan ondoren —%25eko jaitsiera izan zuten salmentetan— 2021ean errekuperatzen hasi ziren, 20 milioi fakturatuz. Aurten, dena ondo badoa, iaz adina fakturatzea espero dute gutxienez, eta espektatiba onak dituztela aitortu du Larrañagak.

Miren Larrañaga: “Gure ganberak McDonaldsen daude, esaterako, baina ez diegu zuzenean eurei saltzen. Guk instalatzaileari saltzen diogu, eta gero hark saltzen dio ezagunagoak egiten zaizkigun enpresa handiei”

Jadanik errentagarria ez zela ikusita, Txinan zuten fabrika itxi zuten duela bi urte, eta egun Berriatuan duten lantegi bakarrean ekoizten dute dena. Berriatuatik, beraz, mundu osora zabaltzen dituzte panel, ganbera eta lehortegiak, salmenten %52 esportazioak delarik. “Espainian, Frantzian, Portugal eta Europa iparraldean saltzen dugu gehien bat, baina ia mundu osoan gaude, hala nola Hego Amerikan, Afrikan eta Asian”. Gaur 150 langile dira guztira kooperatiban.

Halaber, b2b negozio-eredua da Kiderena, eta azken bezeroari baino, banatzaile eta bitartekariei saltzen dizkie produktuak: “Gure ganberak McDonaldsen daude, esaterako, baina ez diegu zuzenean eurei saltzen. Guk instalatzaileari saltzen diogu eta gero honek saltzen dio ezagunagoak egiten zaizkigun enpresa handiei”, nabarmendu du marketin arduradunak. Elikagaien sektorean, ostalaritzan eta industrian aritzen dira batik bat.

Mondragon taldea gotorleku

Kooperatiba izaki, antolaketa eredu horizontalean langilea ere enpresaren jabe da, eta Larrañagaren ustez, ardura handiago bat izateaz gain, enpresarekiko konpromisoa ere areagotu egiten duela iritzi dio. Mondragon taldeak dituen balio oro dute oinarri, baina kooperazioa nabarmentzen du beste guztien gainetik. “Sortzen dugun aberastasun horrekiko erantzukizun soziala dugu. Errentagarritasuna garrantzitsua da, baina aberastasuna gure inguruan enplegua sortzera edo euskara sustatzera ere bideratu behar dugu”.

kide eraikina
Kideko eraikina, Berriatuan | Argazkia: Kide

Printzipio kooperatiboez gain, Mondragon taldearen parte izateak ematen duen babesa azpimarratu nahi izan du Larrañagak: “babesa eta sinergia ditugu esparru askotan. Finantza arloan diruzaintzan, giza baliabideetan talentuaren kaptazioan edota erosketetan ere bai. Hain handiak ez garen enpresentzat egunerokotasunean oso lagungarriak diren gauza asko ematen dizkigu taldeak”.

Digitalizazioak egingo ditu lehiakor

Inbertsio handi batean murgilduta, produkzio osoaren birlokalizazioak esfortzu handia ekarri die azken urteotan. Berriatuako lantegia handitu eta digitalizatzeko prozesuan dihardute, eta barne aldaketa ugari egiten ari direla azaldu du Larrañagak. “Digitalizazioak merkatuan lehiakortasun handiagoa eman diezaguke. Pabiloia handitu dugu, 4.0 industrian sartu nahi dugu eta makineria berritzen ari gara”.

Hori gutxi balitz, produktu gama zabaltzen jarraitzen dute eta aurten ateratzeko produktu berri asko dituzte prest. Langile gehiago beharko dituztela ere uste du finantza arduradunak. Izan ere, gehiago saldu nahi dute Espainian, eta, batez ere, Frantzian, oso merkatu garrantzitsua baita eurentzat. “Asko hazten ari gara eta oso pozik gaude, baina aldi berean, gauza asko ditugu egiteko”, bukatu du.

 
 

 

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK