Ibatik Ibarmiara

Azkoitiko Ibarmia enpresak espezializazioa eta berrikuntza izan ditu bide maila internazionalean saldu ahal izateko 70 urte hauetan. Iraganean egindako apustuak ahalbidetu dute honakoa

Enrike eta Joxe semeak, eta Joxe Mari Ibarmia aita, 1953an | Argazkia: Ibarmia Enrike eta Joxe semeak, eta Joxe Mari Ibarmia aita, 1953an | Argazkia: Ibarmia

Alpargatak ziren ospetsu Azkoitian (Gipuzkoa) 1950. urte bueltan. Luze ekoizten ziren horiek herrian, ehun enpresa gutxi batzuk zirelako nagusi bakarrik Azkoitiko ekonomian. Ez zen ohikoena, hortaz, Jose Mari Ibarmiak tailer txiki batean egin zuena. Ibarmia enpresaren aitzindarietako bat izan zen, egungo enpresaren lehen pausuak finkatu zituena orduan. Mekanizatuen fabrikatzaile enpresa euskalduna da honakoa, zulagailuetan aditu. Iraganetik edan du gaurkotasunean lortu duen eraginkortasuna.

Eraikuntzan zebilen lanean Jose Mari bigarren mundu gerra osteko urteetan. Lortutako aurrezkiekin, bigarren eskuko zeinbat erraminta erosi, eta piezak egiten hasi zen Juaristi enpresarentzat, zonaldean zegoen enpresa txiki batentzat, alegia. Orduan konturatu zen eskaintza zegoela pieza txiki horietan. Karrakagailuekin gora eta behera eskuz sortzen zituen tramankulu erabilgarri anitz eta, lan honekin, Iba enpresa sortu zuen 1953. urtean, egungo Ibarmia enpresaren enbrioia. Kostuei aurre egiteko, baina, herriko beste bost bazkide lortu zituen, laster 20 bat lagun bilakatu zirenak, 1957ren bueltan. Horien artean zeuden Enrike Ibarmia eta Joxe Ibarmia semeak, eta baita egungo enpresaren aitzindariak ere.

Eraikuntzan zebilen lanean Jose Mari bigarren mundu gerra osteko urteetan. Lortutako aurrezkiekin, bigarren eskuko zeinbat erraminta erosi, eta piezak egiten hasi zen Juaristi enpresarentzat, zonaldean zegoen enpresa txiki batentzat, alegia

Enrike "komertzial trebea" eta Joxe "tekniko ona" zituen Joxe Marik. Zulagailuak egiten zituzten batez ere garai hartan eta, horiek sortzeko, hiru pieza produzitu behar zituzten galdaketa grisa izeneko prozesuaren bitartez. Galdaketa hura Gasteizko enpresa batekin egiten zuten, baina 1957ra arte soilik, krisia bizi baitzuten urte hartan. Ekoizleekin zorrak metatu zitzaizkien, eta maileguei aurre egin ezinik Gasteizko enpresa horrek IBA hura absorbitu zuen.

Xabier Ibarmia egungo enpresaren zuzendari teknikoa da, eta Joxe Mariren biloba. Haren aitonaren bizipenak harrotasunez gogoratu ditu: “Ez zegoen kultura mekanikorik Azkoitian; gauzak ondo egiteko borondatea besterik ez zegoen”. Joxe Mari haren ogibidean berriro hasteko hautua egin zuen bizipen horrekin, Enrike eta Joxe alboan zituelarik. Oraingoan, hala ere, Donostiako esperientziadun gizon batekin bateratu ziren. Luis Mayor deitzen zen hura, banaketa zein salmenta lanetan prestua zena.

Ibarmia, mundu mailan

Jada Ibarmia izenarekin, lanean buru-belarri zeuden 1960ko hamarkadan. “Luis Mayorren laguntzarekin eta familiak hartutako esperientziarekin, sekulako taladro gama kaleratu zuten urte haietan”, plazaratu du enpresariak. “Bi tonako makinak ziren, eta tailer txiki batentzako ekoizpen izugarria zen”. Horrela, lan onaz baliatuta 1965ean lursail handi bat erosi zuten Azkoitian Zumarragarako bidean, 10.000 m2 zituena. Instalazio berri haietara igaro ziren, baita maila internazionalean ezagutzera eman ere. Enrike Ibarmia semea Alemaniatik, Suediatik eta beste hainbat herrialdetatik bidaiatu zuen itzultzaile batekin. Sare komertzial sendo bat sortzea lortu zuen, eta 1970etik aurrera mundu mailan ezagutzera eman zuen enpresa. Bost kontinenteetara esportatzen zituzten Azkoitian egindako makinak.

Ibarmiako fundatzaileak | Irudia: Ibarmia
Ibarmiako fundatzaileak | Irudia: Ibarmia

Zuzendari teknikoak dio 1975. urtean produzitu zituzten makinetatik %80 kanpora atera zirela, batez ere Europara, Ameriketako Estatu Batuetara eta Hegoafrikara. “Hemendik kaleratzen ziren bost kamioietatik soilik bakar batek bidaiatzen zuen estatu mailan, gainontzekoak kanpora irteten ziren”, azpimarratu du. Enpresaren bilakaera horrek makina berriei bide eman zien: “1980tik aurrera kontrol numerikoko makinak gehitu genituen ekoizpenean, oso konplexuak zirenak”. Programatu beharreko makinak ziren, automatizazioa zutenak nagusi. “Iraultza bat izan zen enpresarentzat”.

Zuzendari teknikoa bera zen jada lanean enpresan 1983an. “Kontrol numerikoko hasiera horietan harrapatu ninduen enpresak, elektronika sartu zenean. Oso bitxiak ziren guretzat garai hartan makina hain konplexuak ikustea”, gogoratu du. 23 urte zituela ekin zion familiako ibilbideari, espezializazio prozesu batean murgiltzera eraman zuena enpresa. “3.000 euroko produktu bat 300.000 euroko produktu bat bilakatu zen, eta gure lanbidea espezializatzen joan ginen gutxinaka”, nabarmendu du. Kalitate gorakada garrantzitsua izan zutela azaldu du zuzendariak, baina jatorria ahantzi gabe. “2006ra arte makina konbentzionalak zein kontrol numerikoko makinak erabili izan ditugu; batera bizi izan dira tailerrean”, argitu du. Mende hasierarekin ingeniari ugari kontratatu zituzten era berean, baita ofizina teknikoak garatu. “Negozioaren erabateko eraldaketa eman zen”.

Iragana gaurkotasunean

Berrikuntzen apustu sendo honek ondorio positiboak izan zituen enpresan. Zuzendariaren hitzetan, hasieran egiten zituzten makinek egungoekin ez dute zerikusirik. “Berrikuntzaren zain egon behar izan ginen, bezeroei zerbait ezberdina eskaintzeko”, ondorioztatu du. Espezializazio hartan zentratu nahi izan ziren, lehiakortasuna saihesteko. Prozesu hartan, beraz, bi iraultza nagusi bizi izan zuten: 1980ko hamarkadan egindakoa, eta mende hasieran bizitakoa.

Argazkia: Ibarmia
Argazkia: Ibarmia

Iragana lekuko, lehiakortasun horren baitan bizi da egun Ibarmia enpresa. Gaurkotasunean bost ardatzeko makinak ekoizten dituzte, multiprocess teknologia berria bereganatuta izanik. Aurreratuak daude enpresan, baina ez nahikoa. “2.000 eta 3.000 langile dituzten enpresen aurka lehiatzen ari gara egun, eta gure konpetentzia aurrera doa”, nabarmendu du zuzendariak. “Izerdiaz lapurtzen diegu salmenta bat edo beste, nahiz eta guk ere makina potenteak saldu”. Etorkizunari begira, horrela, baikor agertu da azkoitiarra, nahiz eta erronka guztiez hausnartu. “2023. urtea txukuna dugu orain arte, salmenta onak egiten ari gara”, adierazi du. Gainera, 2017tik aurrera Txinan instalazio bat dute, bertako merkatuan tartetxoa lortzeko helburua duena. “Tranpolin” bezala erabiltzen dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK