Askoren oporraldi amaierak, ikasturte berri baten hasiera dakarkigu. Iraila gainean dugu, bete-betean eta antza, egoera makroekonomikoa aztertzeko ere, lehengo lepotik burua. Alegia, denak bere horretan jarraitzen du.
Ikusteke Europako Banku Zentralak, interes-tasen hamargarren igoera jarraia egingo duen edo ez. Edonola, ekonomia “estutzen” jarraituko duela dirudi, euroguneko inflazioa %2ra eraman asmoz. Epe luzeko borroka da hau, zalantzarik gabe.
Interes-tasen igoerarekin batera, aurreikuspen makroekonomiko ziurgabeak eta finantza arriskuen handitzea eman dira. Honek guztiak, neurri murriztaileak ekarri ditu finantza maileguen eskaintzan. Finantzaketa berria beraz, orohar, beheraka doa. Europako Banku Zentralaren zein Espainiko Bankuaren azken txostenek horixe diote. Kredituen zenbatekoak behera egin du, euren kostuak goraka eta eskatutako bestelako baldintzak, areagotzen diren heinean.
Gertuxeagotik, Euskal Autonomi Erkidegotik, Confebask erakundeak ere horrela berretsi egin du. Bere azken txostenean, eta Espainiako Bankua bera iturri gisa harturik, kredituak lehen seihilekoan %8,6 behera egin duela ondorioztatzen du.
Kudeaketa kontrolari erreparatu
Edozein enpresa proiektu garatzeko kanpo finantzaketa ezinbtestekoa da. Une bakoitzari dagokion tamainan, baina ezinbestekoa. Baina gaur egungo testuinguruari aurre egiteko, enpresek barruko kudeaketa finantzarioari etengabe erreperatu beharko liokete. Hortik hasten baita likidezia lortzeko lehen urratsa.
Elkargitik denbora luzez zabaltzen ari garen modura, kanpo finantzaketaz haratago, testuinguruari aurre egiteko enpresek indarrean jarri beharreko errezeta euren kudeaketaren etengabeko hobekuntzan dago: altxortegia, zirkulatzailea eta controllinga.
Kanpo finantzaketaz haratago, testuinguruari aurre egiteko enpresek indarrean jarri beharreko errezeta euren kudeaketaren etengabeko hobekuntzan dago: altxortegia, zirkulatzailea eta controllinga
Kudeaketa kontrolari dagokion garrantzia eman behar diogu geure enpresetan. Handienek ematen diotenaren antzera, enpresa txiki zein ertainetan ere. Ez genuke ahaztu behar emaitzen kontuak geure produktuen eskaintzatik eraikitzen hasten direla. Horregatik, prezioen berrikuspena eta inbertsioen errentagarritasuna etengabe aztertu behar ditugu. Ez gara ari aldez aurreko analisiaz bakarrik; ondorengo inpaktuaz ere bai. Denboran proiektatutako diruaren benetako balioaren ondorioaz. Ez ahaztu.
Zein produkturekin dirua irabazten dugun eta zeinekin galdu. Horixe da controlling funtzioa. Geure jardueran eragina duten gastuen inguruan kontrola edukitzea, erabakiak datuen arabera hartu ahal izateko.
Zirkulatzailean begirada
Horrexegatik, ziurgabea, garestia eta epe-luzerakoa den ikasturte berri honetan ere, enpresek euren begirada zirkulatzailean jarri beharko lukete. Izan ere, geure proiektuarentzat finantzatzaile handia izan daiteke, nahiz eta askotan ezezaguna egin, edo zenbaitetan, behar bezala kudeatzen ez dugun. Horixe da geure kutxa, geurea den dirua eta zinez, proiekturaren altxorra. Altxortegiaren kudeaketa, edozein enpresaren bizi-konstanteak bezalakoa da, hain zuzen ere.
Finantzarioek dakizuen moduan, bi zirkulatzaile mota bereizi beharko genituzke: bezero, hornitzaile eta izakinen fluxuan definitzen den zirkulatzaile operatiboa, eta finantza-zirkulatzailea zehazten duten bestelako finantzaketa soluzio ezberdinak.
Gure kudeaketaren ondorio diren ekintza guztiak, eta beraien eragina, beher bezala identifikatuta edukitzea funtsezkoa da. [...] Atal horiek ongi optimizatuta izanik, finantza-zirkulatzailean gerta daitezkeen inpaktuak minimizatuko ditugu
Ezagutza eta kudeaketa-tresnak beharko ditugu, ahalik eta etekinik handiena lortzeko. Gure kudeaketaren ondorio diren ekintza guztiak, eta beraien eragina, beher bezala identifikatuta edukitzea funtsezkoa da. Denak betiere geure zirkulatzaile maila aldatu dezaketenak: aktiboen maila, produkzio-prozesuak, gastu operatiboak, edota horien finantzaketa-egitura... Atal horiek ongi optimizatuta izanik, finantza-zirkulatzailean gerta daitezkeen inpaktuak minimizatuko ditugu, gertutik kontrolatu ezin dezakegun zirkulatzaile horrenak, alegia.
Ondoren, epeak ere kudeatu beharko ditugu, gure hornitzaileei kalterik sortu gabe, kobrantza epeak (baita salmenta eta fabrikazioarenak ere) ahalik eta gehien gutxituz. Neurtzen ez dena, ezingo dugu kudeatu.
Zaindu dezagun 'altxorra'
Sarritan, hazkundeak proiektatzerako orduan ez dugu zirkulatzailea aintzat hartzen. Halere, eraikinak beraien oinarritik eraikitzen hasten diren moduan, zirkulatzailearen kuantifikazio egokiari esker, geure finantzaketa behar guztiak programatu eta aurreratu ahal izango ditugu. Enpresa osoaren helburua izango da aktibo zirkulatzailearen batezbesteko epeak gutxitzen joatea.
Elkargitik ezartzen ari garen kudeaketa-kontrolerako lan metodología erraz baten bitartez, enpresa asko ari da kultura aldaketa bat somatzen beraien kudeaketa ekonomiko-finantzarioan. Kultura finantzario berria enpresentzat, zirkulatzaileran kudeaketatik hasita.
Gaur egun ezinbestekoa da altxortegi plan on bat izatea, egoera desberdinetara egokituta
Enpresek ez dute bakarrik ixten, marjina urriengatik edota salmenten jaitsieran nabarmenagatik. Gehienetan, enpresek `kutxa´ faltagatik ixten dute dute. Gaur egun ezinbestekoa da altxortegi plan on bat izatea, egoera desberdinetara egokituta. Zaindu dezagun 'altxorra'.