Ikusik bere garraio negozioa zatitu eta Trebide eratu du

95 pertsonako lantaldeak osatuko du enpresa berria eta Donostian izango du egoitza

Ikusiren eraikina, Miramonen, Donostian | Argazkia: Ikusi Ikusiren eraikina, Miramonen, Donostian | Argazkia: Ikusi

Ikusik bere garraio negozioa banatu eta Trebide enpresa eratu du. Zerbitzu teknologikoak eskaintzen ditu Donostiako konpainiak, digitalizazioan eta zibersegurtasunean espezializatuta, eta hainbat sektoretan egiten du lan. Hala, hemendik aurrera garraio arloko negozioa Trebidek jorratuko du. Egoitza Donostian izango du, eta 95 pertsonako lantaldeak osatuko du enpresa berria.

Garraio sektorean hazten jarraitu ahal izateko hartu du erabaki hau Ikusik. Zehazki, aireportu, errepide, tren eta portuetako azpiegituretan soluzio teknologikoak eskaintzen dituzte, eta eragiketa honen bidez merkatuen euren posizioa indartu nahi dute.

Iñaki Maizek jarraituko du Ikusiko CEO bezala. Trebidek, bere aldetik, enpresa independente gisa jardungo du Velatia taldearen barruan. Fernando Asenjo zuzendari nagusiaren arabera, "marka berriarekin enpresaren negozio-proposamena eguneratu eta berrituko da, garraioaren eta segurtasunaren sektorean ibilbide sendoarekin, eta marka propio batekin hazteko aukera ematen digu".

Donostian egoitza izateaz gain, Trebidek bulegoak ditu Leioan, Bartzelonan, Madrilen eta Txilen; 10 herrialde baino gehiagotan erakunde eta enpresa handiekin egin ditu proiektuak, eta Ikusiren negozio-jarduera hori fakturazio osoaren %10 izan zen 2023an.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK