Imanol Regok hartuko du irailaren 26an Rafael Sterling-en lekukoa. Irizar Taldeko zuzendari nagusi berria izango da, mugikortasuneko konpainiak ohar bidez jakitera eman duenez.
Irizarreko Kontseilu Errektoreak Rego izendatu du Irizar Taldeko zuzendari nagusi, "Taldea bultzatzeaz gain, mugikortasunaren etorkizuneko erronka berriei heltzeko".
Regok kargu hori bere gain hartu du, hainbat ardura-postutan "nazioarteko esperientzia handia" baitu, hornidura-katearen kudeaketatik hasi eta maila globaleko negoziora arte. Irizar e-mobilityko zuzendari nagusi ere izandakoak, Taldearen ezagutza zabala duela dio oharrak. "Mundua erronka klimatiko eta energetiko bati aurre egiten ari zaio, eta Irizar Taldeak garraio-irtenbide ugari eskaintzen ditu, elektromugikortasunetik beste energia-iturri batzuetara, betiere egungo garaiek eskatzen dizkiguten eraginkortasun- eta jasangarritasun-erronkei erantzuteko helburuarekin", nabarmendu du.
Koldo Mendizabal Irizar S.Coop.eko presidenteak, bere aldetik, aho batez adierazi du, Kontseilu Errektorearen izenean, "erabateko konfiantza" duela Regorengan, "teknologikoki aurreratua dagoen erakunde baten liderra den aldetik, hazkunde sendo eta iraunkorra bultzatuko duela, bere talde-balioak islatuko dituela, bezeroekiko konpromisoari eutsiko diola eta Irizar markaren eraginkortasun operatibo handiena sustatuko duela".