Euskal industria adimendunak topaketa du gaur eta bihar BECen egingo den Basque Open Industryn, Let’s meet in Innovation Land lelopean. Europako Enpresa Txiki eta Ertainen astean kokatuta, SME Assembly Europako Enpresa Txiki eta Ertainen urteko asanblearekin bat etorriko da bi eguneko azoka, eta fabrikazio gehigarria, cloud computinga, zibersegurtasuna edo big data dira protagonistetako batzuk. Guztira 150 hizlari eta erakustoki bildu ditu, eta 2.200 lagunek eman dute izena.
Jardunaldia eguerdian inauguratu du Iñigo Urkullu lehendakariak, "industria-sare zabala eta dibertsifikatua", balioan jarriz, tartean bere "erresilientzia-ahalmenagatik". 2024ko aurrekontu "anbiziotsuak" ere azpimarratu ditu. Batetik, euskal ekonomia sustatzeko 850 milioi euro baino gehiago bideratuko dituzte. Bestetik, aurreikusita dago 2.000 milioi euro gehiago bideratzea inbertsio publikorako, eta 700 milioi zientzia, teknologia eta berrikuntzarako.
Hitzaldien partean, talentua da gaurko protagonista nagusia, eta mahainguruetako baten hartu du parte Arantxa Tapia Ekonomia Sustapeneko, Jasangarritasuneko eta Garapeneko sailburuak. Tapiak defendatu du garapen industrialak bat egin behar duela "trantsizio hirukoitzarekin", eta inor "atzean geratzea ekidin" behar dela, baita "enplegua penalizatzea ekidin" ere. Horretan, Industria eta Nazioartekotzeko 2020-2024 planagatik eginiko apustua eta horren emaitzak nabarmendu ditu. Besteak beste, industriaren pisu esportatzaileak gora egin du 2021 BPGaren %33,2 baziren, 2022an %38,3 bitarte hazi baitira. Ekintzailetzari dagokionez, apustua izan da %10 handitzea enpresa teknologiko kopurua, eta 2021ean hazkundea izan bazen ere, 2022an egonkortu egin dela plazaratu du.
Talentuaren gaiari bihar lekukoa hartuko diote industria adimendunerako joerek, eta trantsizio digitalak, energia eta ingurumen trantsizioekin duen harremanaren ikuspegitik. Era berean, enpresen arteko networkinga ahalbidetzeko espazio zabala du, baita Networking Land app bitartezko aurretikako hitzorduak ezartzeko aukera ere. Industriari —batez ere SPRIrenak— loturiko laguntzak ezagutzeko edo teknologiak probatzeko espazioa ere izateko asmoa du.