Industria ingeniaritzarako hizkuntza politika

Azpeitiako Biele Group enpresak 2006.urtetik garatu du euskararen normalizaziorako politika. Auzi honetan indargune nabarmenena enpresako langileak direla azpimarratu dute

Argazkia: Biele Group Argazkia: Biele Group

Julian Lazkano eta Tomas Letamendia sozioek jarri zioten Biele izena enpresari 1973 urte bueltan, abizen biak L-rekin hasten zirela hitz-jokoa gauzatuta. Orotariko ingeniaritza zerbitzuak eskaintzen ditu egun Biele Group enpresak, eta aurten 50.urteurrena ospatu du. Azpeitian dute egoitza, baina nazioartean lantokiak zein bezeroak dituzte, euskara bidelagun, hizkuntza metodologia garatu bat darabilte eta.

Biele sortu zen 1973 hartan, Azpeitian bertan zein zonaldeko arotz tailer eta altzairu fabriketan makinak muntatzen ibili ziren Lazkano eta Letamendia ekintzaileak, hutsune argi bat nabaritu zutenean. Mantentze lanak taxuz egiteko premia aztertu zuten, eta lantoki horiei zerbitzuak eskaintzen hasi ziren. Bakarka hasieran, laster lan kopuru handiagoa behar izan zuten, eta taldea handitzen joan zen gutxinaka. Altzairu fabriketan bidea eginez, makina mota berriak fabrikatzeari ekin zioten, denborarekin eraikuntza, metal eta automobilgintza industrietarako ere makinaria fabrikatuz. Egun giltza eskutan muntaketa linea osoa eskaintzen dute.

Maider Aizpuru Bieleko Kalitate, Segurtasun, Osasun eta Ingurumen zuzendaria da, eta urteurrena betetzearen arrakasta “gure pertsonetan” dagoela azpimarratu du. “Fundatzaileek auzolanean ikasi zuten eta balore horiek enpresari transmititu dizkiote, talde lana sustatuz”, mahaigaineratu du. Aizpururen arabera, Biele ez da merkatuaren arabera antolatzen, bezeroen arabera baizik. Bezeroek nahi duten zerbitzua eskaini behar dutela argitu du, arazo ugariei konponbidea bilatze aldera. Denetariko enpresei ingeniaritza zerbitzuak eskaintzean baina, erronka ugari sortzen direla nabarmendu du zuzendariak.

Maider Aizpuru: “Fundatzaileek auzolanean ikasi zuten eta balore horiek enpresari transmititu dizkiote, talde lana sustatuz”

Bezero bakoitzari proiektu “indibiduala” eskaintzeko helburua dute Bielen, hasierako lanketatik hasita proiektua bera muntatu eta geroko mantentze zerbitzua bukatu arte. Hori horrela, une oro moldatzeko “prest” egotea beharrezkoa ikusten du Aizpuruk: “Bezeroek eskatzen duten nahiak asetzeko sortutako enpresa gara”. Finean, arazo ugariei irtenbidea bilatzeko helburua dutela laburbildu du, nahiz eta zailtasunei aurre egin behar izan.

0L5A5861.00 00 12 03.Imagen fija020
Azpeitiko enpresaren fabrika | Argazkia: Biele Group

Halaber, mundu mailako “krisialdi” geopolitikoak sortzen dituzten zailtasunak izan ditu hizpide zuzendariak, prezioen igoerak sortzen dituzten hornikuntza arazoak, batez ere. Merkatuaren “aldakortasunean” ondorio zuzenak dituen kanpo ondorioak dira, prezioen igoera eragiten dutenak. Ildo berean, talentu falta sumatzen du Aizpuruk, Bieleko zerbitzuak gauzatzeko behar den prestakuntza duten inguruko jende gero eta gutxiago dagoelako. Soluzio gisa, aztertzen ari dira ea etorkizunean talentua nazioartetik ekarri behar duten, nahiz eta antzeko kasuak jada enpresan bertan izan.

Euskara eta industria

Hizkuntza normalizazio prozesu jakin bat eraman izan du Bielek 2006az geroztik, Elegune Azpeitiko udaletxeak euskarari buruz ematen duen aholkularitza departamentuarekin lanean hasi zirenetik, hain zuzen. Enpresaren egoitza “non kokatua” dagoen kontuan hartuta, euskararen erabilera beti “ohikoa” izan dela adierazi du, baina hobekuntzarako tarte handia zutela gehitu ere: “Uste genuen ez genuela beste ezer egiteko”. Hainbat urte departamentuarekin lana eginda, hizkuntza politika “definitu” bat garatu dute, Indeus Industriaren Euskal Plataformaren aholkularitza izanik. Bide horretan, hainbat zailtasun zein indargune hausnartu dituzte euskararen eta industriaren aferan.

Hainbat urte departamentuarekin lana eginda, hizkuntza politika “definitu” bat garatu dute, Indeus Industriaren Euskal Plataformaren aholkularitza izanik

Langileen prestutasuna euskararen alorrean babesgunea dela nabarmendu du, laneko “kultura” hobetzen laguntzen duena era berean. Hala ere, enpresa munduan asko dagoela egiteko uste du Aizpuruk, batez ere beste enpresa batzuekin harremanak egiterakoan. “Eskariak, mantentze lanak, dokumentuak, seguruak, urteko balantze txostenak... nola ditugu?”, galdetu du orokorrean zuzendariak, egiteke dagoenari so. Indeusen parte izatea oso aberasgarria izan dela azpimarratu du: “Gu baino aurrerago dauden enpresen lana ikusten duzu”. Gauzatu daitezkeen politika berriak ikasteko aukera izan dute horrela, Bieleren hizkuntza politika “hobetu” duena.

Oficina 2
Bieleren bulegoak | Argazkia: Biele Group

2021ean Bielek Bikain Zilarra ziurtagiria lortu zuen bere hizkuntz politikagatik, euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio maila egiaztatzen duen ziurtagiria, hain zuzen. Hizkuntza politika garatzen jarraitzeko, eguneroko lanean Biele ez den beste antolakuntzekin komunikazio eta lanketa bat egitea aproposa izan daitekeela uste du zuzendariak. Zailtasun nagusi gisa definitu du honakoa, “oso zaila” egiten duena egun euskararen erabilera “%100” izatea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK