Ingeteamek bi proiektu fotovoltaiko berri gauzatu ditu AEBtan

Acciona Energia enpresaren bi instalazio fotovoltaikoetan parte hartu du, bere teknologia eskainiz. Hirugarren proiektu bat ere martxan jartzeko asmoa du Ohio estatuan

Argazkia: Ingeteam Argazkia: Ingeteam

Ingeteam taldeak Estatu Batuetako merkatua hedatzen dihardu, Acciona Energia talde espainiarrarentzat bi proiektu gauzatuta herrialdean. Bi instalazio fotovoltaiko egin ditu Texas estatuan, Wharton eta Fort Bend konderrietan, eta azaldu dutenez, 110.000 etxebizitzetarako energia garbia sortuko dute, 650.000 tona CO2ren isurketa ekidinez.

Lehenengo proiektuak 317 MWko potentzia gaitasuna du, eta Ingeteamen 185 inbertsore fotovoltaiko ditu 48 transformazio-zentrotan. Bigarren azpiegiturak 458 MWko potentzia du, 71 transformazio-zentrorekin ekipatuta eta 131 inbertsore ditu denera. Halaber, bi enpresek sinatutako akordioak bi lantegiak martxan jartzeko lanak eta PPC (Power Plant Controller) kontrol-sistemaren kudeaketa ere barne hartzen ditu.

Hirugarren proiektu bat ere martxan jartzeko asmoa dute Ingeteam eta Acciona Energiak. Eguzki energia sortuko duen 325 MWko azpiegitura eraikitzen ari dira Ohio estatuan. Proiektu hau gauzatzeko Ingeteamek 62 transformazio-zentroz hornitu du enpresa espainiarra.

Nohra Nasr Ingeteamen AEBtako negozio fotovoltaikoaren arduraduna da, eta bere hitzetan, “atsegina” da halako akordioak gauzatu ahal izatea. "Zalantzarik gabe, proiektu horiek Acciona Energiak gure teknologian eta laguntza zerbitzuan duen konfiantza berresten dute. Gainera, gauzak ondo egiten jarraitzeko motibazio ematen digu, Estatu Batuetan dugun posizioa indartuz", adierazi du.

Gaur arte, guztira 5 GW baino gehiagorako teknologia ezarri du Ingeteamek Estatu Batuetan planta fotovoltaikoetan, 100 eta 500 MWko proiektu "ugari" burututa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK