Iñigo Ucinek Mondragon taldeko presidentetzaren lekukoa eman dio Pello Rodriguezi

Datozen lau urteetarako politika sozioenpresariala aurkeztu du Rodiguezek gaur Bilbon egin duten kongresuan. Abuztuaren 1etik aurrera izango da korporazioaren presidente berria

Ucin eta Rodriguez gaurko kongresuan | Argazkia: Marisol Ramirez / Foku Ucin eta Rodriguez gaurko kongresuan | Argazkia: Marisol Ramirez / Foku

Lekuko aldaketa izan da gaurkoan Mondragon korporazioan. Zortzi urtez lehendakari izan ondoren, Iñigo Ucinek kargua utzi eta Pello Rodriguez izango da abuztuaren 1etik aurrera taldeko lehendakaria.

1976ean Urretxun jaioa, Goi Mailako Industria Ingeniaritzan lizentziatua da Rodriguez. Danobat kooperatiban hasi zuen bere ibilbidea, eta 2015etik Mondragoneko lehendakariordea eta Ekipo Ondasunen dibisioko zuzendari nagusia izan da.

Rodriguezek datozen lau urteetarako Mondragon taldearen bide-orria aurkeztu du gaur taldeak egindako kongresuan. Bilboko Euskalduna Jauregian elkartu dira taldeko kooperatibak ordezkatzen dituzten 650 konpromisario, eta 2025-2028 aldirako “politika sozioenpresariala” aurkeztu dute.

Gaurko kongresuan adierazi dutenez, taldearen estrategia berrian "ikuspegi bat" zehaztu dute: “lankidetzaren indarraren bidez gizartea eraldatzen duten pertsonekin munduko erreferente kooperatiboa izatea”; baita erronka bat ere: "lidergo posizioak lortzea, lehiakorragoak, kooperatiboagoak eta aldaketetan arinagoak izan eta gizartea eraldatzeko funtsezko eragile izateko”. Horretarako, lau ardatz estrategiko ezarri dituztela jakinarazi dute: konpromisoa eta identitate kooperatiboa, etorkizuna daukaten negozioak, irekitasuna eta inpaktu soziala eta elkarren arteko lankidetza.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK