Inoizko diru-sarrera handienak izan zituen iaz ITP Aerok: 1.612 milioi euro

%24 handitu du fakturazioa aeronautika sektoreko enpresak, eta ehun milioi euro baino gehiago inbertitu ditu I+Gn

Argazkia: ITP Aero Argazkia: ITP Aero

ITP Aero aeronautika sektoreko enpresak inoizko diru-sarrera handienak lortu zituen iaz, 1.612 milioi eurokoak. 2023ko fakturazioa %24 handitu du konpainiak, eta 295 milioi euroko Ebitda izan du.

Zamudioko parke teknologikoan du egoitza nagusia ITP Aerok, eta ohar bidez jakinarazi duenez, iaz 102 milioi euroko inbertsioa egin zuen I+G alorrean, 2023an baino 66 milioi euro gehiago, hots, %55eko hazkundea.

Aeronautika sektorea une gozoan aurkitzen da. Nazioartean %10,4ko hazkundea izan du merkatuak, eta produktuen eskariak nabarmen egin du gora. Hegazkintza komertziala, mantenu eta erreparazio zerbitzuek (MRO) eta defentsa azpisektoreak bilakaera ona izaten ari dela nabarmendu du konpainiak. Halaber, 730 lanpostu berri sortu ditu azken urtean, eta denera 5.689 lagunek osatzen dute egungo lantaldea.

Eva Azoulay ITP Aeroko zuzendari nagusiak zera adierazi du: "2024 urte ikaragarria izan da guretzat, aparteko errendimendua izan baitugu. Merkatuan dugun posizio sendoak, bai abiazio komertzialean, defentsan eta MRO sektorean, gure taldearen bikaintasun eta dedikazioarekin dugun konpromisoarekin batera, gure arrakasta bultzatu dute”.

2025era begira ere baikor da konpainia, eta hazten jarraitzea aurreikusten du. Azoulayek argitu duenez, nazioartean duten presentzia areagotu nahi dute, baita berrikuntzara bideratutako inbertsioa handitu ere.

Informazio gehiago
Ana Villate (Hegan): "Mundu mailako sektore aeroespaziala baino gehiago haziko da EAEkoa"
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK