Irizarrek aurreikusten du 970 milioiko negozio-bolumena izatea aurten

3.700 autobus ekoiztea espero du, eta 2025erako 20 milioi euroko inbertsio-plan bat diseinatu du Ormaiztegiko enpresak

Imanol Reo, Irizar taldeko CEOa, gaurko agerraldian | Argazkia: Europa Press Imanol Reo, Irizar taldeko CEOa, gaurko agerraldian | Argazkia: Europa Press

Irizarrek baditu pozik egoteko arrazoiak. 2023a 895 miloiko fakturazioarekin itxi dute, negozioan, ekoizpenean eta errentagarritasunean zituzten aurreikuspen onenak gaindituz. Aurten 970 milioi euroko negozio-bolumena izatea aurreikusten du. Era berean 3.700 autobus inguru ekoiztea espero du autobusen euskal fabrikatzaileak, 2023aren aldean 600 gehiago.

Imanol Rego Irizarreko zuzendariak azaldu duenez, "urte gorabeheratsu eta galeren ondoren, 2023an mozkinetara itzultzea eta fakturazio zifra errekorra lortzea zen helburua. 895 milioi euroko fakturazio errekorarekin itxi dugu, 2022an baino %40 gehiago, errentagarritasun aurreikuspenak nabarmen gaindituz". Halaber, gaineratu du taldeak bere eskaerak bikoiztea lortu duela urtebetean, eta 3.000 unitate baino gehiago ditu zorroan: "2024 eta 2025erako lan karga handia dugu, aurrekaririk gabekoa". 

Egoera honen aurrean, Ormaiztegiko enpresak 2025erako inbertsio-plan bat diseinatu du, 20 milioi eurotik gorakoa, bere filial guztietan produkzio-ahalmena handitzeari ekiteko, eta hazkunde horri eusteko. Taldeak bi instalazio produktibo ditu Gipuzkoan: Ormaiztegiko egoitza, hiri arteko eta distantzia luzeko ibilgailuetan zentratua, eta Adunakoa, hiriko elektrikoetarako. Era berean, plantak ditu Marokon, Mexikon, Brasilen, Hegoafrikan eta Australian, eta filial komertzialak Estatu Batuetan, Frantzian, Erresuma Batuan eta Italian.

Bestalde, Irizarrek fakturazioaren %4 bideratzen du urtero berrikuntzara, deskarbonizazioaren erronkei aurre egiteko. Regoren esanetan, "azken urteetako galerak gorabehera, produktuak, plataforma berriak eta ibilgailu iraunkorragoak garatzen jarraitu dugu, bezeroen, operadoreen, hirien eta herritarren beharrei erantzuteko".

Ibilgailu berriei dagokienez, euskal taldeak urrian Madrilen egingo den autobus eta autokarraren nazioartekoa azokan (FIAA) bere berritasunak aurkeztuko ditu. Zuzendari nagusiaren hitzetan, "gama elektrikoan ibilgailu berri bat dugu, eta bateria belaunaldi berriei esker, %30 hobetuko dugu eraginkortasun energetikoa eta edozein hiri-linea mota".

Irizarrek, iaz, negozioa eta ekoizpena handitzeaz gain, enplegu berriak sortu zituen. Gaur egun 3.844 langile ditu, iazko 3.500 beharginen aldean. 3.800 enpleguetatik 1.548 beharginek egiten dute lan Gipuzkoako lantegietan (Ormaiztegin eta Adunan). 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK