ITP Aerok deskarbonizazioa sustatzeko egiten duen lana goraipatu du Jauregi sailburuak

Jaurlaritzak %6ko partaidetza du konpainiaren kapital sozialean, eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak bisita egin du gaur Zamudioko egoitzan

Mikel Jauregi sailburua ITP Aero enpresan | Argazkia: Irekia Mikel Jauregi sailburua ITP Aero enpresan | Argazkia: Irekia

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak bisita egin du Zamudioko ITP Aeroren egoitzara. Enpresako Carlos Alzola kontseilari delegatuak eta Erlantz Cristobal zuzendari exekutiboak instalazioak erakutsi dizkiote sailburuari, Jaione Ganzarain Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearekin batera.

1989an sortu zen enpresa Bizkaiako Parke Teknologikoan dago kokatuta. Motor aeronautikoak diseinatu eta fabrikatzen dituzte, eta haien esanetan “liderrak dira sektorean”. Azaldu dutenez lanean ari dira deskarbonizazio prozesua sustatzeko aireko garraioan, besteak beste, emisiorik gabeko hegaldiak garatuta. Horretarako, beste enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitateekin egiten dute lan, teknologiak garatzeko, zeinak oinarri izango dituzten propultsio hibrido-elektrikoa zein hidrogenozkoa.

Hain zuzen deskarbonizazioaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Jauregi sailburuak, eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko ITP Aerok egiten duen lana goraipatu du, “gure bidea emisio gutxiago sortzea eta industria zein garraioaren deskarbonizazioa sustatzea” delako. ITP Aero “EAErentzako enpresa estrategikoa” dela gehitu du.

Eusko Jaurlaritzak %6ko partaidetza du konpainiaren kapital sozialean, Finkatuz izeneko funtsaren bitartez. Egun 5.500 langile ditu taldeak, sei herrialde ezberdinetan kokatutako hamalau zentroetan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK