Itsasbalfegók ekimen berri bat aurkeztu du atun gorria (hegalaburra) harrapatzeko. AZTI zentro teknologikoak eta Kataluniako Balfegó enpresak sortutako enpresa denak, euskal arrantza-ontzidiarekin lankidetzan, hegalaburra inguraketa aparailuen bidez ehizatzea proposatu du. Zehazki, helburua da Getariako portutik 3,688 miliatara bi akuikultura-instalazio jartzea, hegalaburraren arrantza berreskuratzeko Kantauri itsasoan. Kaiola horiek udazkenean eta neguan probatuko dira, eta 2025eko udan hegalaburra gizentzeko proba burutuko da.
Hegalaburra loditzearen arrazoia da gaur egun harrapatzen diren hegalaburren tamaina txikia izaten dela, eta hortaz, arrantza ontzientzat errentagarritasun txikia dutela. Kantauri itsasoko baldintzek ere arrantza prozesu tradizionala zailtzen dute. Horregatik, aurkeztu berri den ekimenean gizendu egingo dira harrapatutako aleak, eta, hala, bideragarritasun ekonomikoa baita ingurumenekoa ebaluatuko dira.
Juan José Navarro Balfegóko zuzendariaren hitzetan, “proiektu horrek eragin oso positiboa izan dezake euskal ekonomian eta gizartean, arrantza kuoten balioa handitzea, produktuaren kalitatea hobetzea eta arrantza kudeaketa optimizatzea ahalbidetuz”.