Jaurlaritzak 10.500 eurorainoko dirulaguntzak onartu ditu kontziliazio plana duten enpresentzat

Neurriak bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea erraztu nahi du, eta deialdia irailaren 30era arte egongo da indarrean

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Eusko Jaurlaritzak langileen kontziliazioaren alde egingo duela iragarri du. Horretarako, lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko programa bat garatzen duten enpresek dirulaguntzak jasoko dituzte. Gehienez ere, dirulaguntza 10.500 eurokoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik irailaren 30era arte.

Nerea Melgosa Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak ohar bidez azaldu duenez, neurri horrek bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea erraztu nahi du: "Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza pertsonei, familiei, enpresei eta erakundeei zuzendutako neurriak martxan jartzen. Azken horien artean, 420.000 euroko laguntza hau nabarmentzen da".

Gainera, iaz 150.000 euro banatu zituztela jakinarazi du, EAEko 27 enpresek kontziliazio plan propioa ezar zezaten. Melgosak azpimarratu duenez, "kontziliazioak onurak dakarzkie langileei, haien familiei eta enpresei".

2024ko deialdian parte hartu dezakete eremu pribatuko edozein erakundek, tamaina edozein dela ere. Baldintza bakarra enpresa EAEn egotea izango da. Deialdi berri honen beste berritasunetako bat da aurkeztutako proiektuen balorazio-irizpideak aldatu direla. Halaber, dirulaguntzaren gehienezko zenbatekoa 10.000 eurotik 10.500 eurora igo da, eta kopuru hori aldatu egiten da enpresan lan egiten duten pertsonen kopuruaren arabera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK