Javier Amezaga Salazar (Barakaldo, Bizkaia, 1967) izango da Mondragon taldeko Ekipamendu Dibisioko zuzendari berria. Dibisio hau Dikar, Ederfil-Becker, Eredu, Gerodan, Hertell, Mccgraphics, Oiarso, Orbea, Osatu eta Urola kooperatibek osatzen dute, eta 1.500 pertsona inguru enplegatzen ditu. Halaber, 2024an 700 milioi eurotik gorako salmenta-bolumena izan zuen; horietatik %83 nazioartean.
Amezagak Juan Angel Garcia ordezkatuko du karguan, honek beste etapa profesional bati ekingo baitio dibisioaren zuzendaritza nagusian 8 urte eman ondoren. 2025eko otsailaren 1ean hasiko du bere agintaldia Amezagak. Industria ingeniaria da, eta hiru master ditu: logistika integralean, enpresa kooperatiboetan eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan Executive bat.
Bere ibilbide profesionala Eroski kooperatibarekin lotuta egon da, eta hainbat kargu eta erantzukizun izan ditu bertan, hala nola logistika zuzendari, eta Caprabo zein Eroski taldeen zuzendari nagusi izan da. Egun, Eroski Taldearen zuzendari korporatiboa da, baita erakundearen hiru filial nagusienetako administrazio kontseiluen presidente ere. 2015etik, Mondragon korporazioko Batzorde Iraunkorreko kidea da, eta Erkop Taldea koordinatzeaz arduratzen da (lau kooperatiba biltzen ditu: Ausolan, Barrenetxe, Behi Alde eta Miba).