Zubiaurretarren tailerrak ehun urte bete ditu

1924an Domingo Zubiaurrek ekin zion jarduerari eusten dio egun bere iloba buru duen JAZ Zubiaurre enpresa eibartarrak. Tailer batean metalezko hariak dituzten eskuilak ekoizten hasitako familia jarduera 65 herrialdeetan presentzia duen negozioa bilakatu da

JAZ Zubiaurreren lantaldea | Argazkia: JAZ Zubiaurre JAZ Zubiaurreren lantaldea | Argazkia: JAZ Zubiaurre

Ehun urte betetzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Hego Euskal Herrian 48 enpresa dira orain mende pasatxotik bizirik dirautenak, eta horietako bat da JAZ Zubiaurre konpainia eibartarra. Domingo Zubiaurre, bere familiaren tradizioari segika akabatzaile lanetan ari zela, eskuila metalikoak fabrikatzen hasi zen 1924an. Ondo ezagutzen zuen produktua zen, herriko arma industriarako akabatzaile lanetan aritzen baitzen lehenago. “Orduan Eibarren gehien bat pistolak egiten ziren, baita kanoiak ere, eta metalezko piezei hainbat tratamendu eta bainu eman behar zitzaizkien. Gure aitonaren familia horretara dedikatzen zen”, dio Eduardo Zubiaurre enpresaren egungo gerenteak.

Arragueta kalean ireki zuen tailerra Zubiaurreren aitonak, harik eta Gerra Zibila iritsi, eta, ostera, Legarre kalera lekualdatu arte. 1924tik 1957ra arte artisau modura aritzen ziren lanean. Familiakoen lana zen soilik eta bezero bakarra zuten, Unceta izeneko enpresa, zeinak industriarako erremintak ekoizten zituen. “Metalezko haria duten eskuilak Alemaniatik ekarri behar zituen Uncetak. Nire aitonari eta haren lehengusu bati bururatu zitzaien guk egin genitzakeela pieza horiek, eta horrela hasi ziren”.

Familia bizirauteko jarduera zenak beste dimentsio bat hartu zuen Javier Zubiaurre egungo gerentearen aitari esker. Familiako bigarren belaunaldia sartu zen 1950eko hamarkadan, baina dagoeneko beste formakuntza batekin. “Aitak armeria eskolan ikasketak egin zituen, baita peritaje industriala ikasi ere. Enpresa batean lanean ari zela, hura utzi eta familiako jardueran murgildu zen, bultzada handia emanez”, dio gerenteak. Industrializatu egin zen familia jarduera, langileak kontratatzen hasi eta ekoizpenerako ekipamendu berria erosi zuten.

Eduardo Zubiaurre: "Metalezko haria duten eskuilak Alemaniatik ekarri behar zituen Uncetak. Nire aitonari eta haren lehengusu bati bururatu zitzaien guk egin genitzakeela pieza horiek, eta horrela hasi ziren”

1970eko hamarkadan nazioartekotzea ailegatu zen. Euskal Herrian eta Espainian negozio handitzeaz gain, lehen salmentak egin zituzten Alemanian eta Estatu Batuetan. “Enpresa batzuetan gerta zitekeen euren produktuarekin barne merkatuetan haztea, baina ez zen gure kasua. Nazioartekotzea beharrezkoa genuen hazten jarraitzeko”. Era berean, Asuarreka kaleko pabiloi industrial batera lekualdatu ziren, bertan 4.000 metro karratu zituztelarik lau solairutan banatuta.

Hurrengo mugarri garrantzitsua 1990eko hamarkada amaieran izan zuen Zubiaurretarren konpainiak. 1997an egungo instalakuntzak zabaldu zituzten, Azitaingo poligono industrialean. 10.000 metro karratuko partzela batean 7.000 metro karratu dituzte eraikita. Espazio berriak ahalbidetu zien, besteak beste, euren ekoizpen prozesuak hobetzea eta ekipoak modernizatzea. Bi urte beranduago JAZ USA filiala eratu zuten, AEBtako merkatuan finkatuz: “Estatu Batuetakoa beti izan da guretzat merkatu garrantzitsua, eta erabaki genuen bertan kokatzea”. Hasieran, zailtasunak izan bazituzten ere, egun AEB da JAZen merkatu garrantzitsuena, eta gerentearen hitzetan, bilakaera ona izaten ari dira herrialdean, hazten jarraitzeko aukerak zabalduz.

inauguracion 1997
Egungo lantegiaren inaugurazioko argazki bat, 1997an | Argazkia: JAZ Zubiaurre

65 herrialdetan

1970eko hamarkadatik hona nazioartekotzea "etengabekoa" izan da. Egun, 65 herrialdetan saltzen dituzte metalezko haria duten eskuilak nahiz gainazalak tratatzeko bestelako tresnak. Senitartekoen jarduera izatetik, 70 bat langileko konpainia izatera igaro da. “60 bat lagun gara Eibarren eta 10 Estatu Batuetan. Ez gara errealitate enpresarial handi bat, baina gure bilakaeran urrats handiak eman ditugu”.

Iaz Eibarko fabrikan 10,6 milioi euroko fakturazioa izan zuten, eta aurten 11,5 milioikoa aurreikusten dute. AEBn, aldiz, 2023an 9 milioi dolarreko negozio bolumena izan zuten, eta 2024a 10 milioitik gora amaitzea espero dute. “Gure estrategia nagusia izango litzateke eskaintza zabaltzea eta gainazalen tratamendu merkatuan hobeto kokatzea”, azpimarratu du.

Metalezko gainazalak garbitzen

Deigarria da, baina ehun urteko ibilbidean enpresak ez du bere jarduera aldatzeko beharrik izan, eta hasiera-hasieratik aritu dira produktu bera ekoizten. Metalezko haria duten eskuila hauek hortzak garbitzeko erabiltzen ditugun eskuilen funtzio bera betetzen dute: “Metalezko gainazaletan erabiltzen dira, eta harien bitartez gainazalak izan dezakeen zikinkeria kentzeko modua da. Oso garbiketa leuna egiten du, azpiko materiala aldatu edo jan gabe, eta gainazalean geratzen den herdoila, margoak eta bizarrak kentzen ditu”.

jaz taller 2
JAZeko bi langile tailer zahar batean | Argazkia: JAZ Zubiaurre

Zubiaurreren arabera, produktuak oraindik ere industrian erabilgarri egiten duen hainbat ezaugarri ditu. “Oso erabilpen zabala du, metalarekin lana egiten duen orok horrelako prozesu baten beharra baitu, soldaduran edota ontzi industrian, esaterako”. Une honetan, “oso eskaintza profesionala” dutela argitu du, industriari zuzendutakoa. Izan ere, eskaintza “domestikoago bat” duten enpresak ere badaude sektorean, baina ez da JAZen kasua.

“Metalezko gainazaletan erabiltzen dira gure eskuilak, eta harien bitartez gainazalak izan dezakeen zikinkeria kentzeko modua da. Oso garbiketa leuna egiten du, azpiko materiala aldatu edo jan gabe"

Azken urteetako digitalizazioak ere eragin du enpresaren jardueran, eta aldaketa horien aurrean “lehenengo lerroan” egoten saiatu direla esan du Zubiaurrek, erabilgarri ikusten zituzten teknologiak barneratzen. “Kudeaketan nahiko digitalizatuak gaude eta gure prozesu guztiak, bai plantakoak, bai administratiboak, informatizatuta ditugu”. Produktua digitalizatzeko modurik, ordea, ez dute antzeman oraingoz: “Guk egiten dugun inbertsioa normalean makinerian izaten da, urtero egiten dugu inbertsio plan bat. Dena den, gure produktu edo prozesuetan eman daitezkeen berrikuntzetara irekita gaude".

Beste ehun urterako mila soluzio

Ehun urtera ailegatzea ospakizunerako sobera motibo da. Bart Eibarreko lantegian antolatu zuen JAZek mendeurrenaren ekitaldia, eta bertan izan ziren Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jon Iraola Eibarko alkatea. Ehun urteotan bidelagun izan dituzten beste enpresa eta eragile ugari ere bertaratu ziren.

jaz exposicion 4
Argazkia: JAZ Zubiaurre

"Lorpen handia" dela aitortu du Zubiaurrek. Enpresa baten jardueran beti arriskuak izaten dira, merkatu eta proiektuen gorabeherak direla tarteko, eta erabakiak hartzea ere ez da erraza izaten. “Datuak hor daude: oso enpresa gutxi gara ehun urte ditugunak, eta harrotasunez hartzen dugu. Baina, era berean, aurrekoek egindakoaren haritik, guri ere pizgarri berezi bat ematen digu aurrera jarraitzeko eta egindako ibilbideari ere beste luzapen emateko”.

“Uste dut gure jarduera, eskaintza, merkatua, ezaguna izan baldin bada, kalitatezko zerbitzua eman eta berrikuntzarekin lotuta egon garen enpresa bat izan garelako dela”

Ehun urte bizirauteko, ahalegina eta konpromisoa jo ditu gakotzat. “Urte hauetan denetik gertatu izan da. Krisiak eta gerra oso latz bat izan genituen. Eibarren kokatutako enpresa izanik, gerra sasoian herria guztiz txikituta gelditu zen, gure enpresa tartean. Gure familiako jendeak alde egin behar izan zuen. Sortzailea ere espetxeratua egon zen aldi batez”, gogoratu du. Ordukoari buelta ematea zaila izan zela onartu du, baina, bere hitzetan, ahaleginez, konpromisoz eta erabakietan asmatuz heldu dira gaurko egunera.

“Uste dut gure jarduera, eskaintza eta merkatua, ezaguna izan baldin bada, kalitatezko zerbitzua eman eta berrikuntzarekin lotuta egon garen enpresa bat izan garelako dela”, aldarrikatu du. Azken urteetan ere hala aritu dira, azken berrikuntzak merkaturatzen. Produktuaren ekoizpenaz gain, soluzio sorta oso bat eskaini nahi du JAZek. “Gure ezagutza aprobetxatuz, gainazalaren tratamenduan soluzio iturri den enpresa izan nahi dugu, eta ez soilik ekoitzi eta saldu”. Beste ehun urte bizitzeko soluzioen bila ekin dio, beraz, Eibarreko enpresak mende berriari.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK