SEA Arabako Enpresakek badu presidente berria: Juan Antonio Sánchez Corchero orain arte presidenteorde izandakoak hartuko du kargua, gaur goizean eginiko bileran SEAko errektore kontseiluak hala erabakita. Sanchezek Pascal Gomez ordezkatuko du postuan, zeinak, 14 urtez presidente izan ostean, agur esan baitzion lehendakaritzari joan den ostiralean eginiko Batzar Nagusian.
Sánchez Corcherok bi hamarkada baino gehiago daramatza SEAko gobernu organoetan, eta CEOEko zuzendaritza batzordeko eta Confebaskeko batzorde exekutiboko kide ere bada. Elkarteez harago, Cars&Caravans autoen eta karabanen alokairuan espezializaturiko enpresako zuzendari orokorra da, eta formazioaren esparruan ere aritutakoa da. Hain zuzen ere horregatik Aspasia Taldeko lehendakari ere bada.
Errektore kontseiluaren testuinguruan eginiko agerraldian, Sánchez Corcherok Arabako "enpresen erronketan" jarri du azpimarra, hala nola absentismoa eta talentu falta. Izan ere, horiek zaildu egiten dute belaunaldi erreleboa gauzatu eta enpresek behar duten langile kopuruarekin kontatzea. Horri irtenbidea topatu asmoz, "eragile ekonomiko eta sozial guztien elkarlana" ezinbestekotzat jo du presidente izendatu berriak.
Aitzitik, aukerez ere hitz egin du. Zehazki, SEAren egoitza berriak oro har eskainiko dizkien baliabideak "elkartea gizarteari hurbiltzeko, enpresarien irudia hobetzeko eta enpresen harteko harremanak sustatzeko".
SEAko presidente berriak alboan izango ditu: Herdit enpresako Marta Barredo, sektore industriala ordezkatuko duena; SLKko Luis Alba, Eraikuntzaren sektorearen ordezkaritzan; eta Jardines de Uleta hoteleko zuzendari Elena Martín, presidenteorde eta Zerbitzuen sektoreko ordezkari lanetan.