
25 urte baino gehiago daramatza Juanjo Saleguik Legazpiko (Gipuzkoa) Bellotan lanean. Giza Baliabideetako zuzendaria da egun, eta enpresaren jasangarritasun plan berria lantzen aritu da azken hiru urteetan. Ekonomia zirkularra, prozesuen optimizazioa, berrikuntza, talentua edota enpresen kultura aldaketaz mintzatu da EnpresaBIDEArekin.
Zertan datza Bellota enpresak garatu duen jasangarritasun plana?
Esfortzu handia egiten ari gara jasangarritasunaren arloan. Izan ere, geroz eta garrantzitsuagoa da ez soilik enpresaren munduan, baizik eta administrazioan ere. Denbora asko daramagu ingurumen eta segurtasun arloko gaiak lantzen, eta orain hori dena jasangarritasun hitzaren aterkipean biltzen da nolabait. Enpresaren emaitzak eta jarduera epe luzerago batean begiratzean datza; bezero, hornitzaile eta eragileei inpaktu positiboa sortzea. Ingurumen gaiak lantzen ari gara, baina baita gizarte arlokoak ere, zeinak talentuarekin duten zerikusia. Laneko segurtasuna ere guretzat garrantzitsua da, metalurgia fabrika ugari ditugulako.
Bestalde, gobernantzaren alderdia ere badago, nola erlazionatzen garen gure artean, eta hori ere jasangarritasunaren zutarria da.
Zenbat denbora daramazue planaren garapenean? Nola gauzatu duzue?
Orain hiru urte hasi ginen plan honekin lanean. Alde batetik, enpresa barneko jarduera guztia antolatu eta gure jarduerek ingurunean duten inpaktua aztertu dugu. Behin diagnostiko hori eginda, zenbait ekintza lehenetsi ditugu, zeinak planean zehazten diren. Ekonomia zirkularrean sartu gara asko, produktuen bizitza zikloa luzatzeko, sortzen ditugun hondakinak berrerabiltzeko eta kanpora begira isuritakoa murrizteko, besteak beste.
Teknologia eta berrikuntza ere ikertu ditugu. Zehazki, aztertu dugu nola sartu teknologia berriak gure ekoizpen prozesuak hobetzeko.
Nekazaritza edota eraikuntza bezalako sektoreetan aritzen da Bellota, ingurumen inpaktu handia sortzen duten esparruak. Nola egin aurre horri?
Hondakinen berrerabiltzean aritzeaz gain, produktuen ekodiseinuan murgildu gara. Oso garrantzitsua da merkaturatzen ditugun produktuak material birziklagarrietatik sortzea. Txatarraren fabrikaziotik eratorritako altzairuarekin egiten dugu lan. Gainera, merkatura ateratzen dugun erreminta birziklagarria izatea bermatzen dugu. Era berean, oso garrantzitsua da geure produktuak nola saltzen ditugun. Paketatze eta ontziratzeko plastiko berrerabilgarria baliatzen dugu.
Egia da nekazaritzak eta eraikuntza sektoreak inpaktu handia dutela ingurunean, baina gu balio katearen hasieran gaude, eta ez dugu uzta edo latifundio handietan lan egiten. Ez ditugu ongarriak edota fitosanitarioak erabiltzen, ezta ura xahutzen ere. Gure tresnak nekazaritza nahiz eraikuntza lanak errazteko ahalik eta egokienak izatea saiatzen gara, arinak eta ergonomikoak. Baina, esandakoa, guk inpaktu handiagoa sortzen dugu fabrikazioan eta logistikan, nekazaritza sektorean bertan baino.
"Oso garrantzitsua da merkaturatzen ditugun produktuak material birziklagarrietatik sortzea. Txatarraren fabrikaziotik eratorritako altzairuarekin egiten dugu lan"
Prozesuen eta produktuen optimizazioa bultzatzeko zein programa dituzue digitalizazioan?
Prozesuen optimizazioari dagokionez, eraginkortasun energetikoa bilatzen dugu. Ahalik eta energia gutxien kontsumitzen saiatu eta energia berriztagarriak erabiltzen ditugu. Argindarraren kontsumorako energia berdeaz baliatzen gara, lehen aipatutako diagnostikoan antzeman baikenuen gure hornidura iturriak hobetu genitzakeela.
Zertan hobetu dezake Bellotak bere berrikuntza estrategian Txina edota Estatu Batuetako enpresekiko arrakala murrizteko?
Nik uste dut bi zutabe garrantzitsu ditugula. Lehena, produktua berritzea da, lehen aipatutako ekodiseinuaren bitartez, adibidez. Bigarrena, prozesuak automatizatzea da, 4.0 industrian sartzen ari baikara, robotizazioan, besteak beste. Teknologia berriak txertatu behar ditugu prozesuen eraginkortasuna handitzeko.
Txina eta Estatu Batuekin dugu merkataritza gerran, gure enpresen tamaina dela eta, aliantzak sortzen ari gara Euskal Herriko ikerketa zentro, unibertsitate eta lanbide heziketa zentroekin. Spriren bidez ere start-up teknologikoekin elkarlanean ari gara. Teknologikoki lehiakorragoak izateko bazkideak bilatzen dihardugu etengabe.
Adimen artifizialarekin lanean ari al zarete?
Enpresaren zenbait esparrutan erabiltzen ari gara, hautaketa prozesuetan, adibidez. Hautagai asko ditugun prozesuak arintzeko balio digu, lehen paperean egiten genituen hainbat test egitea ahalbidetzen baitigu. Lehen hautagaiak lan elkarrizketa egin ostean, inkesta bat bete beharra zuen. Orain, elkarrizketa grabatu eta lengoaiaren analisiaren bidez lehen testarekin egiten zena aztertzen du adimen artifizialak.
Fabrikazioko datuen analisia, mantenu arazoak, makinen geldialdiak… informazio hori guztia ere ari gara lantzen, eta emaitzen azterketa prediktiboa egiten. Komertzial arloan ere sartu dugu teknologia; bezeroei erosketaren datuak, salmentak, erosketa aldiak, produktuak eta bestelako datuen inguruko informazioa ematen diegu. Gure lana hobeto egiten laguntzen digu adimen artifizialak.
"Enpresaren zenbait esparrutan erabiltzen ari gara adimen artifiziala, hautaketa prozesuetan, adibidez"
Talentuari dagokionez, zer egin talentua erakarri eta enpresan mantentzeko?
Jasangarritasunaren planean barne hartzen den gaia da, ESG irizpideen alderdi soziala ukitzen duelako. Oso kontuan hartzen ditugu enpresan lanean ari diren pertsonak. Langileak ahalik eta prestatuen egotea nahi dugu, baina, era berean, langileak ere zenbait gauza eskatzen dizkiote enpresari. Ez da soldata kontua soilik; enpresak proiektu bat izan behar du, gizartearekiko ardura bat. Gauzak ondo egiten diren leku batean egotea gustuko dugu. Eta, orain, ondo prestatuta dagoen eta potentzial handiarekin datorren jendea jasotzen dugunean, garapen profesionala eskatzen digute. Enpresaren irudi irekiagoa sortu behar dugu.
Zein gobernantza eredu ezarri nahi duzue Bellotan?
Enpresa kudeatzeko arauak, prozesuak eta egiturak dira gobernantza, eta gure kasuan, lehen esan dizudan epe ertaineko ikuspegi horretan kokatzen da gobernantza. Lidergo eta zuzendaritza ereduak geroz eta malguagoak izan behar dute, egokitzeko gaitasun handiagoekin. Eredu gardenagoak eta ez hain mailakatuak. Kudeaketa irekiago bat, etikoagoa behar da, eta hartzen diren barne erabakiak garbi azaldu behar dira, langileek ulertu ditzaten. Erabakietan arrazoi ekonomikoak baino gauza gehiago kontuan hartzen direla ikusi behar dute.
Gure barne egitura ere aldatzen du gobernantza eredu berriak. Ez gara hain hierarkikoak, horizontalagoak gara.
Nola egin duzue egitura demokratikoagoa sortzeko?
Esaterako, lan asko egiten ari gara enpresaren kultura eraldaketan, Adegiren Fabrika proiektuaren eskutik. Mondragongo Unibertsitatearekin ere irakaskuntza proiektu bat dugu martxan, enpresa kolaboratiboagoa izan dadin. Antolakuntzen eta enpresen kultura aldatzen ari da, lehen balio zuenak jada ez du balio, eta kultura hori balioetan neurtzen da. Aldaketa ez da egun batetik bestera egingo, baina ari gara apurka-apurka. Enpresa ez da orain 25 urte bezala ulertzen.
"Antolakuntzen eta enpresen kultura aldatzen ari da, lehen balio zuenak jada ez du balio, eta kultura hori balioetan neurtzen da"
Zuen lantaldearen %24 inguru 35 urtetik beherakoa da. Aipatzen duzun aldaketa kultura horretan lagundu dezakete belaunaldi berriek?
Hori da. Gazte horiek eskatzen dutena ez da guk geure garaian eskatu genuena. Belaunaldi berriek gizartea beste modu batera ulertzen dute, eta beharrezkoa da enpresa bezala eboluzionatu eta bidea egiten jarraitzea.
Europako Batasuneko Omnibusen legeak nola eragin dezake zuen jasangarritasun arloko egitasmoetan?
Europan azken urteetan jasangarritasunaren gaineko araudi asko sortu da, eta horrek zailtasunak ekarri dizkie enpresei. Omnibus proiektuak araudia nolabait sinplifikatuko du, gehiegizko burokrazia murriztu. Izan ere, azken horrek galga jartzen zien mundu mailan lehiatu eta ekonomikoki hazi nahi uzten konpainiei. Proiektuak jasangarritasunaren ikuspegi hori mantendu nahi du, enpresen epe luzeko hazkundea indartu, baina ingurumen helburuen datak malgutuz
Guri zenbait gaietan eragin diezaguke. Neurri batzuk ezartzeko marjina gehiago izatea ondo dago, helburua zein den ahaztu gabe. Balio-kate osoan eragingo du; guk gure hornitzaileei hainbat ingurumen baldintza eskatzen dizkiegu, eta bezeroek guri ere bai.
Nola ikusten duzu Bellotaren etorkizuna?
Aukera eta erronka asko ditugun enpresa gara. Jasangarritasuna eta berrikuntzaren alde eginez gero, lehia abantaila izango dugu segur aski. Esparru horien alde eginez gero bereiztea lortuko dugu, eta liderrak izatean jarraituko dugu. Lan asko egin beharko dugu, baina jasangarritasuna gure lanaren ardatz estrategikoetako bat da, eta fruitu onak emango dizkigula uste dugu. Erabaki guztien lehen lerroan behar du jasangarritasunak, eta epe ertainera errentagarritasuna emango digu.