Jubilazioa hartu ahal izateko arau berriak

Arau berriekin ahalbidetu nahi da, batez ere, jubilazioa hartu ahal izateko adin arruntetik haratago borondatez lan egiten jarraitzea

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Abenduaren 23ko 11/2024 Errege Lege-dekretuak arau berriak ezarri ditu jubilazioa hartu ahal izateko, Toledoko Itunaren azken bertsioaren 12. gomendioan ezarritakoa betearazteko xedearekin.

Arau berriekin ahalbidetu nahi da, batez ere, jubilazioa hartu ahal izateko adin arruntetik haratago borondatez lan egiten jarraitzea. Orobat, arau berriek aldaketa garrantzitsuak egin dituzte jubilazio partziala hartzearen inguruan. Hain zuzen, enpresentzat baldintzak gogortu dituzte, langileak jubilazio partziala hartzen duenerako, jubilazioa hartu ahal izateko adin arrunta baino lehenago. Horiei guztiei erreparatuko diegu jarraian. Nolanahi ere, ara berri horiek guztiak 2025eko apirilaren 1ean jarriko dira indarrean.

Jubilazioa hartu ahal izateko adin arruntetik haratago borondatez lan egiten jarraitzea

Jubilazioa hartu ahal izateko adin arruntetik haratago borondatez lan egiten jarraitzea sustatu nahi denez, ahalbidetzen da bateragarri egitea, batetik, jubilazio aktiboa deitzen dena baliatzea, hau da, jubilazio-pentsioa eta laneko ordainsariak jasotzea, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren (GSLOTBren) 214. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, bestetik, arau horretako 210.2 artikuluan jubilazioa atzeratzeagatik aitortutako pizgarri ekonomikoak jasotzea.

Dena den, orain bateragarri egin diren bi neurri horiek banan-banan azaltzea komeni da, bi-bientzako arau berriak ezarri baitira.

Jubilazioa aktiboa, alokairuko langileen kasuan

GSLOTBren 214. artikuluari emandako idazkera berriarekin, orain posible da jubilazioa oso-osoan hartzea eta lan egiten jarraitzea gutxieneko kotizazio-aldia betez gero (15 urte, eta horietatik 2 jubilazioa hartu aurreko 15 urteetan), betiere, jubilazioa hartzen bada horretarako izan beharreko adin arrunta bete eta, gutxienez, urtebete igaro denean. Bada, kontuan hartu behar da, orain arte beharrezkoa zela oinarri arau-emailearen %100ekoa kobratzeko besteko kotizazio-aldia izatea. Horrenbestez, bete beharreko kotizazio-aldia nabarmen gutxitu denez, pertsona gehiagok baliatu ahal izango dute jubilazio aktiboa. Ezbairik gabe, horrek berebiziko eragina izango du genero-ikuspegitik.

Behin jubilazioa eta lana bateragarri eginda, jubilazio-pentsioaren zenbatekoa aldakorra izango da, harik eta lan egiteari behin betiko utzi arte.

Halatan, kasuan kasuko pertsonari jubilazioa oso-osoan hartzeagatik dagokion pentsioari ehuneko batzuk aplikatuko zaizkio, jubilazioa atzeratu den urte kopuruaren arabera. Hain zuzen, ehuneko horiek aplikatzearen ondoriozko zenbatekoa da pentsio gisa kobratuko dena, lan-ordainsariekin batera.

Behin jubilazioa eta lana bateragarri eginda, jubilazio-pentsioaren zenbatekoa aldakorra izango da, harik eta lan egiteari behin betiko utzi arte

Zehatzago, honako ehuneko hauek hartu behar dira kontuan, jakiteko jubilazio-pentsioa zenbatekoa izango den, langileak lan egiteari eusten dion bitartean: jubilazioa hartzeko adin arrunta bete eta urtebete atzeratzen bada behin betiko jubilazioa, pentsioaren %45 kobratuko da; 2 urte atzeratzen bada, pentsioaren %55; 3 urte atzeratzen bada, pentsioaren %65; 4 urte atzeratzen bada, pentsioaren %80, eta 5 urte edo gehiago atzeratzen bada, pentsioaren %100.

Gainera, eskala horren arabera ateratzen den ehunekoa %5ean areagotu behar da, jubilazio aktiboan jarraitutasunez egondako 12 hilabete bakoitzeko, gehienez ere, pentsioaren %100 lortu arte. %5eko areagotze hori jasotzen hasiko da 12 hilabeteko aldi hori bete eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunetik.

Jubilazio aktiboaren berezitasunak langile autonomoen kasuan

Langile autonomoek ere balia dezakete jubilazio aktiboa. Hala ere, badira kontuan hartu beharreko berezitasun batzuk.

Baldintza batzuk betez gero, langile autonomoak bateragarri egin ahal izango ditu lana eta dagokion pentsioaren %75, baldin eta pentsioa oso-osoan jasotzea urtebetetik 3 urteraino atzeratu bada. Aitzitik, pentsioa oso-osoan jasotzea 4 urte edo gehiago atzeratu bada, inorentzako langileentzako arestian azaldu dena aplikatuko da. Alabaina, azaldu berri diren bi kasuotan %5eko areagotzea aplikatuko da, jubilazio aktiboan jarraitutasunez egondako 12 hilabete bakoitzeko, dagoeneko azaldu den moduan.

Bada, horretarako hurrengoak dira bete beharreko baldintzak: kasuan kasuko langile autonomoak bere jarduerarako kontratatuta izan behar du alokairuko langile bat, iraupen mugagabearekin eta, gutxienez, 18 hilabeteko antzinatasuna izan behar duena. Halaber, posible da iraupen mugagabearekin kontratatzea jubilazio aktiboa hartu baino 2 urte lehenago langile autonomoarekin lan-harremanik izan ez duen alokairuko langile bat.

Baldintza horiek egiaztatu ezean alokairuko langileentzako ezarritako eskala aplikatuko da.

Jubilazioa atzeratzeagatik aitortutako pizgarri ekonomikoak

Pizgarri hauek jubilazio-pentsioa osatzea eta, beraz, areagotzea eragiten dute.

Halatan, pizgarri ekonomikoak izateko beharrezkoa da jubilazioa oso-osoan hartzea horretarako legeak ezarritako gutxieneko adinetik haratago. Gainera, jubilazioa oso-osoan hartzeko unean, gutxienez, 15 urte izan behar dira kotizatuta, eta 15 urte horietatik gutxienez 2 egon behar dira jubilazioa oso-osoan hartu aurreko 15 urteen artean.

Baldintza horiek betez gero, interesdunak GSLOTBren 210.2 artikuluak ezarritako modalitateen arabera jaso ahal izango ditu pizgarriok.

Jubilazioa oso-osoan hartzea bateragarri egitea modu partzialean lan egitearekin

Arau berriarekin posible da, inolako mugarik gabe, jubilazioa oso-osoan hartzea, kasuan kasuko pentsioa oso-osoan jasota, eta modu partzialean lan egitea. Hala ere, erregelamendu bidez ezarri beharko den arauketak zer dioen ikusi beharko da.

Aldaketak jubilazio partziala hartu nahi dutenentzako

Jubilazio partzialaren kasuan bi egoera bereizi behar dira.

Horrela, lehenengo egoeraren arabera, jubilazio partziala hartzen bada jubilazioa oso-osoan hartu ahal izateko adina bete ondoren, jubilazio partziala hartu duen langilearen lanaldia murriztu ahal izango da %25 edo %75 (orain arte, gehienez, %50 murritz zitekeen). Gainera, kasu horretan enpresaburuak ez du zertan errelebuko langilerik kontratatu. Baina kontratatuko balu, errelebuko langile horren kontratua izan daiteke iraupen mugagabekoa edo aldi baterakoa. Aldi baterakoa bada, kontratu horrek iraungo du jubilazio partziala hartu duen langileak jubilazioa oso-osoan hartu arte eta, edozein kasutan, gutxienez, urtebete. Errelebuko kontratua egin behar da langabezian dagoen pertsonaren batekin edo enpresan aldi baterako lan-kontratua duen pertsonaren batekin.

Jubilazio partziala hartzeko unean izan behar dira jubilazioa oso-osoan hartu ahal izateko legeak ezarritako adina baino 3 urte gutxiago gehienez

Bestalde, bigarren egoeraren arabera, jubilazio partziala hartu daiteke legeak jubilazioa oso-osoan hartu ahal izateko ezarritako adin arrunta bete baino lehenago, baldin eta jarraian azalduko diren baldintzak betetzen badira.

Horrela, jubilazio partziala hartzeko unean izan behar dira jubilazioa oso-osoan hartu ahal izateko legeak ezarritako adina baino 3 urte gutxiago gehienez. Gainera, egiaztatu behar da 33 urte kotizatu direla.

Halaber, jubilazio partziala hartu aurretik enpresan 6 hilabeteko antzinatasuna izan behar da.

Baldintza horiek betez gero, jubilazio partziala hartu duen langileren lanaldia murriztu beharko da %25etik %75era bitartean. Baina jubilazio partziala hartu bada jubilazioa oso-osoan hartu ahal izateko legeak ezarritako adina baino 2 urte baino gehiagoko aurrerapenarekin, jubilazio partzialeko lehengo urtean lanaldia murriztu beharko da %20tik %33ra bitartean.

Lanaldi partziala dela eta, posible da lan-denbora pilatzea asteko egunetan, hileko asteetan, urteko hilabeteetan edo beste denbora-tarte batzuetan

Lanaldi partziala dela eta, posible da lan-denbora pilatzea asteko egunetan, hileko asteetan, urteko hilabeteetan edo beste denbora-tarte batzuetan, banakako itunean edo, hala denean, negoziazio kolektiboaren bidez ezarritakoaren arabera. Bada, pilatze hori ezin izango da inola ere mugatu edo eragotzi.

Orobat, bigarren egoera horretan, enpresaburuak nahitaez kontratatu behar du errelebuko langile bat. Langile hori izan behar da langabezian dagoen pertsonaren bat edo enpresan aldi baterako lan-kontratua duen pertsonaren bat. Gainera, orain errelebuko langile hori iraupen mugagabearekin eta lanaldi osorako kontratatu behar da, eta kontratua ezingo da azkendu jubilazio partziala duen langileak jubilazioa oso-osoan hartu eta 2 urte igaro arte; izan ere, 2 urte horiek igaro baino lehen errelebuko kontratua azkenduko balitz, enpresaburuak errelebuko beste langile bat kontratatu beharko luke, baita ere, iraupen mugagabearekin eta lanaldi osoarekin. Arau berriak dio errelebuko langileak jarraitutasunik gabeko lan-kontratu finkoa izan dezakeela, baina erregelamendu bidez ezar daitekeenaren arabera.

Errelebuko langilearen kotizazio-oinarriak ez dira izango jubilazio partziala hartu duen langilearen kotizazio-oinarrien batezbestekoaren %65 baino txikiagoak

Edozein kasutan, errelebuko langilearen eta jubilazio partziala hartu duen langilearen kotizazio-oinarriak bat etorri behar dira hurrengo esanguran: errelebuko langilearen kotizazio-oinarriak ez dira izango jubilazio partziala hartu duen langilearen kotizazio-oinarrien batezbestekoaren %65 baino txikiagoak, kotizazio-oinarri horiek izango direla jubilazio partzialari dagokion pentsioaren oinarri arauemailearen azken 6 hilabeteetakoak.

Jubilazio partziala kooperatibetako bazkideen kasuan

Arau berriarekin kooperatibetako bazkideek jubilazio partziala baliatu ahal izango dute inorentzako langileekin berdinetsita daudenean. Horretarako, kooperatibak iraupen mugagabeko bazkide gisa kontratatu beharko du kooperatiban aldi baterako izaerarekin dagoen bazkideren bat edo langabezian dagoen pertsonaren bat. Jubilazio partziala hartu duen bazkideari aplikatuko zaio arestian alokairuko langileentzat azaldutakoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK