
Iberdrolak eta Kansaik beharrezko baimen erregulatzaileak eskuratu dituzte Alemaniako Windanker parke eolikoaren proiektuan inbertitzeko, eta, hala, eragiketa guztiz itxi dute konpainiek. Abenduan iragarri zuten bi enpresen artean 1.280 milioi euro inbertitzeko ideia, 315 megawatteko (MW) gaitasuna izango duen itsas parke eolikoa ekoizteko. Izan ere, Iberdrolak Kansairi saldu zion proiektuaren %49, 627 milioi euroren truke.
Alemaniako parkeak hogeita bat haize-sorgailu edukiko ditu, unitate bakoitzak 15 MWko gaitasuna edukita. Aurreikuspenen arabera, 2026ko azken hiruhilekorako martxan egongo da.
Kansai Japoniako elektrizitate konpainiarekin “aliantza estrategikoa” lortu du, hala, Iberdrolak. Pasa den hilabetean iragarri zuten Ignacio Sánchez Galán Iberdrolako presidenteak eta Toru Kuwahara Kansaiko presidenteorde exekutiboak aliantza hori indartuko zutela, bi enpresek helburu baitute elektrifikazioa bizkortzea mundu mailan.