
Konfekoopek Bilboko Euskalduna Jauregian egin du gaur 2024. urteko bere Ohiko Batzar Orokorra, eta konfederazioari lotutako kooperatibetako ehun ordezkari baino gehiago izan dira bertan, ordezkaritza instituzional zabal batekin batera, tartean, Iñigo Urkullu lehendakaria, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, edota Elena Perez Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea.
Rosa Lavin EAEko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak “aurrerabide handiko alditzat” jo du 2023ko ekitaldia, Konfekoopek zein konfederazioko kooperatibek aurrera egin baitute "nabarmen". Gainera, 2023. urtean sendotu egin du bere partaidetza erakundeen arteko koordinazioan, baita bere nazioarteko presentzia ere Nazioarteko Aliantza Kooperatiboaren (NAK/ACI) bidez.
Erakundeetako eta arlo kooperatiboko ordezkari garrantzitsuen aurrean, erakundeen arteko kolaborazioaren garrantzia azpimarratu du Lavinek. Horrela, 2023ko abenduan enpleguari buruzko lehenengo euskal legea onartu zela nabarmendu du, "lege hori aurrerapausoa baita enplegu-politika aktiboetan, eta enpresa kooperatiboek ezaugarritzat duten enplegu duin eta kalitatezkoa sortzea hartzen du ardatz". Gainera, Lavinek azpimarratu du legeak lehen aldiz onartzen duela enpresa kooperatiboek Lanbideren Administrazio Kontseiluan parte hartzeko duten eskubidea. Hala, datozen hilabeteetan Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartzea espero duela gaineratu du.
Lankidetza eta aliantza estrategikoak
Bestalde, Nafarroako kooperatibak eta ekonomia soziala ordezkatzen dituzten ANEL eta UCAN erakundeekin Hego Euskal Herrian kooperatibismoa sustatzeko sinatutako akordioa aipatu du: “Kooperatibismoak Euskadiko eta auzo-lurraldeetako instituzio eta erakundeekin izan beharreko elkarrizketa sendotzea ezinbestekoa da aurrera egin eta gure lanaren hedadura zabaldu nahi badugu”. Halaber, etorkizuneko mehatxu diren eta enpresa kooperatiboen aurrerabidean eta garapenean zuzeneko eragina duten arrisku globalek eragiten dioten kezka ere partekatu nahi izan du presidenteak.
Rosa Lavin: "Kooperatibismoak Euskadiko eta auzo-lurraldeetako instituzio eta erakundeekin izan beharreko elkarrizketa sendotzea ezinbestekoa da aurrera egin eta gure lanaren hedadura zabaldu nahi badugu”
Ildo horretan, Lavinek Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera arrisku-kapitaleko funts bat sortu dela azpimarratu du: Konfekoop Seed Bizkaia, eta horrek zer ekarriko duen azaldu du: “Enpresak beren hasierako faseetan indartzea ahalbidetuko du, eta, horrekin batera, inbertsioak egitea eta enpresei heltzen eta sendotzen lagunduko dieten proiektuak hedatzea, enpresen egonkortasuna eta lehiakortasuna finkatuz”. Gainera, gaur egun Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin lanean ari direla adierazi du, SPRIrekin batera antzeko arrisku-kapitaleko funts bat sortzeko.
Etorkizun ekonomikoa eta fiskala
Panorama makroekonomikoa ere aztertu du Lavinek, eta euskal eta europako enpresek izango dituzten erronka eta aukerak nabarmendu ditu. “Lehiakortasunak eta interdependentziak baldintzatutako egungoa bezalako testuinguru batean, aberastasunaren eta gizarte-kohesioaren ardatz gisa harturik, industria-politikaren itzulera ikusten ari gara”. Industriak euskal kooperatibismoaren barruan duen pisu eta berrikuntza-tasa handia nabarmendu ditu.