Musu batetik hasten da maitasun istorio oro. Hasieran dena da polita, atsegina, alaia, haizea alde doa eta zerbait eraikitzearen sentimendua izaten da nolabait. Aitzitik, maitasun istorio askok goia jo, eta amildu egiten dira konturatzeke. Bat-batean dena da iluna, tristura eta negarra, eraikitakoa erautsi egiten da, eta haserreak, traizioak eta urte askotako borroka judizialak besterik ez dira geratzen. Kukuxumusurena maitasun istorio polit bat izan zen hogei urte luzez, 1989an eman zituen lehen musuak arkakusoak, urte hartako San Fermin Jaietan hiru gazte iruindarrek entzierroko zenbait kamiseta egin eta saltzea erabaki zutenean, hain zuzen. Gonzalo Dominguez de Bidaurreta, Koldo Aiestaran eta Mikel Urmeneta ziren hiru gazte horiek, eta gaur bat bera ere ez da kukusoaren musuen jabe.
Duela 34 urteko sanferminetan festaren irudi klasiko nahiz turismo klixeetatik aldenduz beste estilo bateko irudi batzuk marrazten hasi ziren hiru gazteak. Umore alternatibo batez sanferminetako entzierroaren inguruko istorioak irudikatzen ahalegindu ziren, baita lortu ere. Orduko hartan Iruñeko hiru gazteek ez zekiten San Fermin festa nahiz beste gai batzuen inguruko iruditegi oso bat eraikiko zutenik hurrengo hogei urteetan, Euskal Herri osoan erreferentziazkoa bihurtuko zena, baita hemendik kanpo ere.
Krisi ekonomikoak kikildu zuen kukusoa
Kukuxumusuren lehen urteak oparoak izan ziren, eta sona handituz joan ahala euren produktuen eskaria ere areagotzen joan zen, sanferminez harago beste gai askori buruzko marrazkiak diseinatzen baitzituzten. Horrela, beste hainbat marrazkilari gehitu ziren taldera eta 1996an Kukuxumusuren lehen denda ofiziala ireki zuten Iruñean. Are gehiago, urtebete beranduago Internet bidez saltzen hasi ziren.
Era guztietako antolakuntza, erakunde nahiz elkarteren eskaerak jaso eta kamisetak, kartelak, katiluak, aterkiak, galtzerdi eta azpiko arropak ontzen zituen Kukuxumusuk. Hala, 2000ko hamarkada amaieran, 100 langile baino gehiago eta hogei bat denda zituen espainiar estatu osoan. Halaber, Internet bidez, 500.000 euro inguru fakturatzen zituzten urtean. Testis zezen urdina, Belorzia ardia edota Wolf otsoa markaren ikono bilakatu ziren.
2000ko hamarkada amaieran 100 langile baino gehiago eta hogei bat denda zituen espainiar estatu osoan. Halaber, Internet bidez, 500.000 euro inguru fakturatzen zituzten urtean
2008ko krisi ekonomikoak, baina, bi hamarkadaz eraikitako guztia birrindu zuen, Kukuxumusuren jardueran kalte handia eraginez. Produktuen salmentak behera egin zuen, eta galerak pilatu zitzaizkien. Hurrengo urteetan, denda gehienak itxi eta langile ugari kaleratu behar izan zituzten, lau saltokiri eutsi ziotelarik soilik: bi Iruñean, eta bana Donostian eta Baionan.
2014an, sortzaileetako bik, Aiestaran eta Dominguez de Bidaurretak proiektua utzi zuten ,eta haien ordez Ricardo Bermejoren Bermer and Co diseinu eta komunikazio enpresa sartu zen. Enpresa horrek bi sortzaileen lekukoa hartu zuen, baina Urmenetak jabetzaren bere herenari eutsi zion. Bermejoren sarrera hasiera batean mesedegarria izango zela zirudien: krisi ekonomikoaren poderioz desagertzear baitzegoen Kukuxumusu, baina Urmeneta eta jabe berriak lau denda mantendu eta 30 langilerekin eutsi zioten.
Jabetza eskubideen afera
Handik gutxira, ordea, bi jabeen artean desadostasunak loratzen hasi ziren, eta 2015ean 25 urtez zuzendari artistikoa izan zen Urmeneta kaleratu zuen Bermejok. Urmenetak ostera proiektu propioa hastea erabaki zuen: Katuki Saguyaki. Aitzitik, marka berripean ondutako diseinuak Kukuxumusuko irudien antzekoak ziren, zuzendari artistiko bera zegoen marrazki horien atzean. Salaketa jarri zuen orduan Bermejok jabetza intelektualeko eskubideen urraketa argudiatuz, eta epaiketa prozesua abiarazi zuen Urmenetak sortutako markaren aurka.
Bermejok 2014ean Kukuxumusuren bi laurden erosita markaren irudi eskubideak eskuratu zituen, eta “Kukuxumusuren unibertsoa” deituriko 25.000 irudiren jabe bilakatu zen. Era berean, Urmenetak egilearen aitortza aldarrikatzen zuen. Iruñeako Merkataritza alorreko Auzitegiak Kukusumuxuri eman zion arrazoia, eta Urmenetari 30 urtez egindako marrazkiak diseinatu eta saltzen jarraitzea eragotzi zion.
Bermejok 2014ean Kukuxumusuren bi laurden erosita markaren irudi eskubideak eskuratu zituen, eta “Kukuxumusuren unibertsoa” deituriko 25.000 irudiren jabe bilakatu zen
Eztabaida sonatua piztu zuen borroka juridiko hark, eta sortzaile ugari atera ziren Urmenetaren alde artisten egile eskubideak aldarrikatuz. Hainbat marrazkilari-elkarteen babesa ere jaso zuen sortzaileak. Artista batek bere obraren ondasun eskubide guztiak lagatzean, sortzeko askatasuna murriztuta ikusten zuen nolabait. Izan ere, estilo, teknika eta gai berdin bat konpartitzen zuten Kukuxumusu eta Katuki Saguyakik. Hala, nola litzake posible 30 urtez estilo jakin bat jorratu duen artistari estilo hura alde batera uztaraztea? “Beste bat izatera kondenatu naute”, adierazi zuen orduan Urmenetak.
Gerora, 2019an, Iruñeako audientziak irudien jabetza aitortu zion Urmenetari, baina irudiak kopiatzea eragotzi zion.
Hartzekodunen konkurtso bat
Bada, Urmenetaren irteerak ez zuen jada negozioak hartutako norabide okerra zuzendu, eta maitasun istorioa erabateko amesgaizto bilakatu zen, 2018an Kukuxumusu hartzekodunen konkurtsoan sartu zelarik. 2001 eta 2004 artean Nafarroako Foru Ogasunarekin milioi bat euroko zorra izan zen egoera horren erruduna. Zutik jarraitzen zuten Donostiako denda eta Iruñeko Estafeta eta Mercaderes kaleetakoak itxi behar izan zituzten. Univers Paloseco zen orduan marka ustiatzeko eskubidea zuen enpresa, eta ez zen zorrari aurre egiteko gai izan. Hala, behin ogasuneko komunikazioa jasota, 30 langileetatik hiru besterik ez ziren geratu.
Kukuxumusuk bizirik jarraitzen du hala moduz. Bermejok 2021ean utzi zuen enpresa, eta Moniklo Brands da markaren jabe egun
Hartzekodun konkurtsoak apaltze bidean zegoen kukusoaren oihartzuna isilarazi zuen behin behinean. Kukuxumusuk egindako diseinuak guztion garunean iltzatuta geratu badira ere, iraganarekin lotzen dugu marka egun.
Haatik, Kukuxumusuk bizirik jarraitzen du hala moduz. Bermejok 2021ean utzi zuen enpresa, eta Moniklo Brands da markaren jabe egun. Aurretik lanean aritutako bost langile daude enpresa horren atzean, eta denera hamar dira lantaldean. Iazko sanferminetan pare bat urtez itxita egon eta gero, Estafeta kalean Kukuxumusuren produktuak saltzeko postu bat ireki zuten berriz. Doi-doi bada ere, kukusoak musuak banatzen dihardu.