Etimologikoki, Kursaal hitzak 'sendaketa gela' esan nahi du, eta alemana du jatorri. Arkitektonikoki, Europako XIX. mendeko bainuetxeetako ohiko espazioa zen, hamaika erabileratarako eginikoa. Izen hori hartu zuen 1921ean Donostiako Gros auzoan egindako eraikin klasikoak, lehenik kasino eta ondoren erabilera anitzeko eraikin izandakoa. Eta hura oinordetzan jaso zuen 1999an inauguratu zen eta aurten 25 urte betetzen dituen kongresu-jauregiak.
Izenak ez zuen eztabaida ezagunik mahaigaineratu. Are, marka egiteko gako izan zen. Baina 1990eko hamarkadan, Kursaal berriaren itxura, beharrezkotasuna eta errentagarritasun ekonomikoak hika-mika bizia sortu zuen gizartean. Lehen debatea arkitektonikoa izan zen. 1970eko hamarkadan eraitsi zen eraikin zaharra, eta geroztik solar K izenez ezagutu zen eraikinik gabeko espazio bat geratu zen bertan. "1990ean argitaratu zen konkurtso publikoa Kursaala eraikitzeko, eta bospasei proiektu aurkeztu ziren. Eztabaida publikoa izan zen bertan egokiena zen proiektuaren inguruan", kontatu du Jose Miguel Ayerza Kursaaleko lehenengo gerente izandakoak —egungo Adegiko zuzendari nagusi—.
1990eko hamarkadan, Kursaal berriaren itxura, beharrezkotasuna eta errentagarritasun ekonomikoak hika-mika bizia sortu zuen gizartean
Rafael Moneo arkitekto tuterarraren Bi arroka hondartu izeneko proiektuak irabazi zuen. "Moneok eraikina planteatu zuen paisaian txertatuta geratu zedin, horren jarraipena izateko, Zurriolako beste harri bat bezala. Eraikina, baina, oso abangoardista zen. Eta sortu zen eztabaida ea klasikoagoa izan behar zuen, eraikin zaharraren antzera, Victoria Eugenia Antzokiaren eta Maria Cristina hotelaren antzerakoa". Moneoren Kuboen kontrako plataforma herritarra ere sortu zen. Gainera, Bilbon Guggenheim egiten ari ziren garai berean, eta halako bi eraikin bi euskal hiritan aldi berean eraikitzeak zalantzak sortzen zituen gizartean. "Mundu mailan, hiri bakoitza saiatzen ari zen bere eraikin erakargarri bat egiten bisitariak erakarri asmoz".
Bigarren eztabaidaren muina izan zen ea ez ote ziren Donosian funtzio bera bete zezaketen bestelako espazioak. "Egun txiki geratu bada ere, garai hartan erraldoia ziruditen kuboek, eta gainera Victoria Eugenia antzokiak funtzio hori betetzen zuela mahaigaineratzen zen", gogoratu du Ayerzak. Hirugarren eztabaidak errentagarritasunarekin zuen zerikusia. "60 milioi euroko aurrekontua —10.000 milioi pezeta— behar izan zen Kursaal egiteko, eta ez zen ikusten bideragarritasun ekonomikoa izan zezakeenik", esan du zuzendari nagusi ohiak. 116 milioi euroko —700 milioi pezetako— galera ekonomikoa izan zitekeela aurreikusten zen.
Negatibotik positibora, funtzionaltasuna tarteko
Testuinguru horretan ekin zion Kursaaleko taldeak proiektuari. Hura inauguratu baino urte eta erdi lehenago hasi zen Ayerza bertan lanean, 1990eko hamarkadan sorturiko Kursaal irabazi asmorik gabeko sozietate anonimoaren zuzendari nagusi lanetan. Proiektua Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutakoa zen, eta haiek ziren, erdibana, sozietate anonimo horren bazkideak. "Gure erronka zen, proiektua eta jarduera baino, gizarteko zenbait sektoretan zabalduta dauden emozio negatibo horiek guztiak nola eraldatu ikertzea", zioen Ayerzak berak 2004an Deusto Harvard aldizkarirako idatzitako artikulu baten.
Ikuspegi eraldatze horretan, lau gako nabarmentzen zituen Ayerzak artikuluan. Lehena, kudeaketa eredua, emaitzetara orientatutako zuzendaritzarekin, egiturazko lan-taldearekin, eta biztanleak, akziodunak, zein hornitzaileentzako bikaintasuna bermatzeko lan egin zuena. Horretan, gainera, gardentasun eta komunikazioa ezinbesteko aldagai izan ziren hasieratik. Besteak beste, komunikazio kabinete bat izan zuen hasieratik. Bigarrena, produktuari lotuta, Kursaal denontzako plaza zela erakustea, asko beldur baitziren "elitismora" joko zuela. Hirugarrena, Kursaal markaren lanketa, eskaintzen duen guztia barnebiltzen duena. Eta laugarrena, emozioak kudeatzea, izan bertan jarduera bat antolatu behar duen hornitzailearen urduritasuna, izan kontzertu bat entzutera datorren ikuslearen zirrara.
Horretan guztian, jardueraren komertzializazio eta marketinaz, eta ekoizpenaz harago, eraikinak ezinbesteko rola jokatuko zuen. Garai hartan, mundu mailan mahai gainean zegoen debateetako bat zen arkitektoak "oso artistak" zirela eta askotan, "euren protagonismoa azpimarratu asmoz, praktikotasuna alde batera" uzten zutela. Ez zen, baina, Kursaalen kasua izan. Ayerzak EnpresaBIDEAri azaldu dionez, "Moneo oso eskuzabala izan zen. Egin genuen lehen gauza izan zen Espainia guztian zehar ibili bestelako eraikinak ezagutzeko eta ikasteko zer gauza egin edo garatu behar ziren, eta zeintzuk ez. Eta erraztu egin zigun guk garatu nahi genuen horretarako eraikina izatea. Azkenean lortu genuen oso eraikin funtzionala, askotariko jarduerak egiteko". Kursaalek hasiera-hasieratik izan baititu bi hanka: kultura eta jarduera kongresuala.
Musika klasikotik harago
Jarduera kongresualaren kudeaketa Kursaal sozietate anonimoaren bitartez egiten da betidanik. Kulturaren partea kudeatzeko, baina, Kursaal Fundazioa sortu zuten 2001ean. Foru Aldundiaren eta udaletxearen parte hartzeaz gain, hainbat sozietate anonimorena ere izan zuen, patronatu-kide bihurturikoak. Izan ere, bi jardueren "izaera ekonomikoa hain desberdina" izanik, kudeaketa ikuspegitik "ez genion logika handiegirik ikusten" dena bat izateari. "Jarduera eta agenda kultural propioa bultzatzeko asmoa genuen, eta printzipioz zerbait defizitarioa da, alegia, kultura, kontzertuak, eta abar produzitzea. Eta besteak, jarduera ekonomikoagoa, kongresuak eta abar jasotzeak, aukera ematen zuen diru irabaziak eta lortzeko".
Victoria Eugeniak egiten zuen eskaintzatik bereizteko, musika klasikotik harago ere joan ziren, pop eta rock estiloko kontzertuetara salto eginez. Hala, fundazioak ere lortu zuen kontu-balantze positiboa izatea, sarrerak salduta fundazioaren ekoizpenekin, eta patronatu-kideen ekarpenarekin.
Erreferentzialtasunaren rola kongresuak bultzatzeko
Jarduera kongresualaren kasuan, munduan zehar garatzen ziren kongresuak erakartzeko asmoa zuen Kursaalek. "Hasieran ez zegoen espezializazio ikuspegia", kontatu du Ayerzak. Azaldu duenez, kongresuak normalean elkarteek antolatu ohi dituzte, eta hiri batera erakartzeko garaian, gako izan ohi da elkarte horretako kideren bat hiri horretan kokatuta izatea. "Hiri batean jarduera existitu behar da kongresua erakartzeko. Beste kontu bat da kongresua erakartzeak nola laguntzen duen jarduerari bultzada ematen, baina zuk ez baduzu jarduerarekiko loturarik, oso-oso zaila da ekartzea".
Hala, 2001ean antolaturiko Familia Medikuntza Kongresua garrantzia handiko lehenengotarikoa izan zen. "Hasieran erakarri genituen medikuntzarekin lotura zutenak hemen jada ospitale azpiegitura indartsua genuelako garai hartan, eta oso profesional onak", azpimarratu du. Lanbide Heziketari loturiko kongresuek ere garrantzia izan dute Kursaalentzat, Euskal Autonomia Erkidegoan eta, zehazki, Gipuzkoan, duten indarragatik, baita gastronomikoak eta turistikoak ere.
Hain zuzen ere, turismoaren bultzadan rol gakoa jokatu du Kursaalek Ayerzaren ustez, tartean 1996an Moneori Pritzkerra eman ostean, 2001ean Europako Eraikin Onenaren Mies van de Rohe saria jaso baitzuen, eta poliki-poliki sektoreari onura ekarri baitzion hirira etortzen ziren pertsonak erakartzeak. Halaber, "garai hartan ez zen ohikoa aretoan bertan otorduetarako goi-mailako gastronomia izateko aukera". Lehen mailako euskal sukaldariekin hitz egin ostean, lehiaketara atera zen jatetxea, eta Martin Berasategiri esleitu zitzaion. "Lehen kongresu-aretoa izan zen Michelin izarrak zituen sukaldari batekin", aldarrikatu du.
Jarduera kongresualean kontu-balantzea positiboa izan zen lehen unetik. "Horrela egin genion aurre errentagarritasunaren kritikari, erakutsiz ez zela zulo bat izango, baizik eta autofinantzaketarako gaitasuna zuela", plazaratu du Ayerzak.
Kursaal Eszena eta Miramarren kudeaketa
"Kursaalek errentagarritasuna lortu zuen lehen urtetik. Eta 25 aldiz biderkatu du hasieran eginiko ekarpena. 25 urteko epean 10 milioi bisitari, entzule, kongresulari... izan ditu", gaineratu du Iker Goikoetxeak, Kursaaleko zuzendari nagusiak. 2007 eta 2008 urte bitartean hartu zuen Goikoetxeak Ayerzaren lekukoa. "Ordurako Kursaalak oso izen ona zuen. Hasieran sortu zituen eztabaidei aurre egin zien, ekintzekin eta zenbakiekin erakutsiz benetan apustu ona izan zela. Eta testuinguru horretan, ondo zihoan heinean, erronka zen ondo joaten jarraitzea", esan dio EnpresaBIDEAri Goikoetxeak. Aitzitik, "ekipo oso on batekin" egin zuen topo. "Ordura arte lortutako guztiak ere ez ziren zerutik erori; ekipoak lana fin eta ondo egitearen ondorio izan ziren", plazaratu du.
2013 eta 2014 urte bitartean Kursaal Fundazioa Kursaal Eszena izatera igaro eta sozietate anonimoaren parte bilakatu zen
Goikoetxearen zuzendaritzapean jarduera kongresuala eta kulturalak bide beretik eutsi zioten, baina egiturazko zenbait aldaketa gertatu ziren. Tartean, 2013 eta 2014 urte bitartean Kursaal Fundazioa Kursaal Eszena izatera igaro eta sozietate anonimoaren parte bilakatu izana. "Kursaal Eszena da guk geuk sustatzen dugun jarduera kulturala. Bestelako eragileei —Musika Hamabostaldia, Zinemaldia— espazioa eta zerbitzua eskaintzen diegu. Baina Kursaal Eszena guk gehiago kontrolatzen dugu, eta ahalik eta kalitate handieneko eskaintza egiten saiatzen gara, ahalik eta prezio eskuragarrienean". 30 kontzertu baino gehiago eskaintzen dituzte egun programaren barruan, musika klasikoko eta herri musikako eskaintza uztartuta. "Eta etxeko txikienei zuzendutako jarduerak ere egiten ditugu, eurenganako musikarako interesa sustatzeko asmoz".
Eskaintza kulturalean aldaketa sumatu dute azken urteetan. Adibidez, "umorearen inguruan eskaintza handia dago, duela 10 urte ez zegoena". Beherakada "txikia" ikusi dute, aldiz, musika klasikoko kontzertuetan. "Adineko publikoa erakartzen du batez ere. Pandemiak adineko entzuleen bizitzeko ohiturak aldararazi zituen, eta berriro ere aurreko ohiturak hartzea kostatzen ari zaie. Ari gara, pixkanaka, pandemia aurreko zenbakietara itzultzen, baina egia da, besteekin konparatuta, apur bat gehiago kostatu zaigula", dio.
Jarduera kongresualean, berriz, gakotzat jo du 2012an martxan jarritako Enbaxadore programa. "Programa bat da gure inguruko mediku eta zientzialariei bultzada bat emateko sorturikoa kongresuak erakartzeko orduan. Hala, enbaxadore izendatzen ditu, eskerrak eman eta aitortu, kongresuak erakarri dituzten pertsonak. Izan ere, eskuzabaltasun handia erakutsi ohi dute kongresuak bertan gauzatu daitezen", kontatu du.
2020tik gainera, Kursaal sozietate anonimoak hartu zuen bere gain Miramar Jauregiaren kudeaketa, behin Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegia eraikin berrira lekualdatu zenean. "Udaletxeak, foru aldundiak eta Jaurlaritzak ulertzen dute azpiegitura horrek lagundu beharko lukeela kongresuak eta bestelako ekitaldi korporatiboak erakartzen aberasgarriak direlako lurraldearentzat. Eta testuinguru horretan, ulertzen da Kursaaleko taldeak baduela ibilbide bat eta jakituria bat, eta horren ondorioz eskatzen digute espazio hori kudeatzeko. Hori hito nabarmena da guretzat", adierazi du Goikoetxeak. Edozein kasutan, "duela 25 urte sortu zen egitasmoa, ni sartu nintzenekoa eta gaur egungoa oso antzekoak dira", gehitu du.
Ekosistema garatzeko tresna izaten jarraitu
Inoizko zifra onenak baditu ere, etorkizuneko begirada ezinbestekoa da Goikoetxearen ustez. Iaz garatu zuten 2024-2027 plan estrategikoa. "Planak azpimarratzen du, gu geu, azpiegituren kudeatzaile izateaz gain, plataforma eta tresna estrategikoa izan behar dugula inguruko ekosistema ekonomikoak eta, zehazki, ekosistema zientifiko-teknologikoak eta medikuntzari loturikoak, garatzeko ", azpimarratu du. Horretan dihardute, hain zuzen, ahalik eta kongresu gehien erakartzeko lanean, hiriaren eta lurraldearen garapen estrategikoekin lerrokatuta daudenak. "Dela nanoteknologia, dela kuantika, dela bio esparrua. Arlo horretan nahi dugu hazi".
Iker Goikoetxea: "biztanleen eraldaketa sozialean laguntzen duen plataforma izaten jarraitu nahi du"
Eskaintza kulturalari lotuta, "biztanleen eraldaketa sozialean laguntzen duen plataforma" izaten jarraitu nahi du, hala haien "garapena" bultzatzen. Gainera, kongresuek ere eraldaketa horretan laguntzen dutela uste du zuzendari nagusiak, "ekartzen duten ondarearen" bitartez. Garapen ekonomiko eta eraldaketa sozialaren eskutik doa, beraz, euren ekarpenaren lanketa, "jasangarritasuna landuz, eraldaketa digitala bultzatuz, nazioartekotasuna sustatuz eta lehiakortasuna ere garatuz".