Lanbide arteko gutxieneko soldata erkidegoetan negoziatzeko eskaera luzatuko du ELAk

Hori gauzatzeko, sindikatu abertzaleak Herri Egitasmo Legegilea sustatu nahi du 2025ean Nafarroako gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak onartu dezaten

Imanol Pascual eta Roser Espelt, goizeko agerraldian | Argazkia: ELA Imanol Pascual eta Roser Espelt, goizeko agerraldian | Argazkia: ELA

Egun Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) 15.876 eurokoa da Espanian, 1.134 euroko 14 pagatan banatuta. Zenbatekoa ezartzeko eskumena Espainiako gobernuak du, eta hain zuzen ere, erkidegoetan negoziatu dadin eskatu du ELAk, "betiere estatukoa hobetzea ekarriko badu". Zehazki, 2025ean Nafarroako gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak onartu dezaten Herri Egitasmo Legegile bat bultzatu nahi du, ondoren Madrilera joan eta kongresuak onartu beharko lukeena.

Iruñeko egoitzan gaur goizean eginiko agerraldian aurkeztu dute asmoa Imanol Pascual sindikatuaren Nafarroako koordinatzaileak eta Roser Espelt ikasketa kabineteko kideak, Gutxieneko soldata Euskal Herrian finkatzeko irizpideak dokumentuaren aurkezpenean. Orain arte, LGS finkatzeko irizpidea izan ohi da soldaten arteko konparazioaren erreferentzia; aldiz, ELAk uste du per cápita BPG nominala dela aintzat hartu beharrekoa. Horrela, ez lituzke kontuan hartuko soil-soilik langileen soldatak, orain arte egin bezala, baizik eta onura kapitalak ere —enpresen etekinak, ekoizpenaren hazkundea zein beste baliabide batzuk—. Horrek aberastasunaren banaketa bidezkoagoa egiten duela iritzi diote sindikatutik.

Zehazki, ELAk proposatu du per capita BPG nominalaren %65 izan dadila LGS. Hain zuzen ere, erreferentziatzat hartzen dute Eskubide Sozialen Europako Karta, bertan jasotzen baita gutxienez herrialde baten batez besteko soldataren %60 izan behar duela LGSkduen gomendioa. Beraz, Hego Euskal Herrian 2024rako 1.795 euro gordineko 14 ordainsari dira, alegia, Belgikaren edo Alemaniakoaren parekoa. Hala, langileek sortutako aberastasunaren bi heren jasoko lituzkete

ELAk dioenez, kalkulu berriak ahalbidetuko luke "sortzen den aberastasunaren benetako banaketa" gertatzea Hego Euskal Herrian.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK