Maiatzaren 28an hauteskunde desberdinak izango ditugu Hego Euskal Herrian, alegia, udal-hauteskundeak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeak eta Nafarroako Legebiltzarrerako eta kontsejuetarako hauteskundeak. Bada, hauteskundeok eragina dute langileen eskubideetan.
Horregatik, komenigarri da langileek euren eskubideen berri izatea, boto-eskubidea berme guztiekin egikari dezaten, baita hauteskunde-mahaietako kide, kontu-hartzaile edo ahaldun gisa aritu izanagatik nolabaiteko aitortza izan dezaten ere.
Halatan, kolektibo eta egoera desberdinak bereizi behar dira, jarraian ikusiko den moduan.
Botoa emateko eskubidea bermatzea
Alokairuko langileen kasuan, kontuan hartu behar da asteko atsedenaldiak bat egiten duen ala ez hauteskunde-egunarekin. Kasu honetan, hauteskunde-eguna, maiatzaren 28a, igandea denez, litekeena da langile askok atsedenaldi hori izatea. Izan ere, erregela orokorra da langile orok, astero izan behar duen atseden etengabea, egun bat eta erdikoa, larunbat arratsaldeak edo, hala denean, astelehen goizak, eta igandeak osatzea. Baina, gero eta ohikoagoa denez igandeetan ere lan egitea, lan egiten dutenei botoa emateko eskubidea bermatu behar zaie.
Horretarako, Langileen Estatutuaren 37.3.d) artikulua oinarri hartuta, langileek eskubidea dute lanean absente izan eta ordainsariak jasotzeko eskubideari eusteko, hots, ordaindutako baimenaldia izateko botoa eman ahal izateko. Hurrean ere, botoa ematea esanbidez hartu da izaera publiko eta pertsonaleko eginbehar desenkusa gisa.
Langileen Estatutuaren 37.3.d) artikulua oinarri hartuta, langileek eskubidea dute lanean absente izan eta ordainsariak jasotzeko eskubideari eusteko
Baina manu horrek esan bezala, badira aintzat hartu beharreko bestelako arau batzuk ere. Arau horien artean dira, hai justu ere, hauteskundeei buruzkoak.
Hauteskundeei buruzko arauak
Horrela, apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuak, hauteskunde-prozesuen arauketa osagarriari buruzkoak, alokairuko langileei ez ezik, enplegatu publikoei ere aitortu die aipatu eskubidea. Hala ere, komenigarri litzateke kooperatibetako bazkide langileak eta laneko bazkideak ere kontuan hartzea, horiek ere egoera berean egon daitezkeelako.
Zehatzago, 605/1999 Errege Dekretuaren 13. artikuluaren aginduz, Autonomia Erkidegoetako Administrazioek, Gobernu Ordezkaritzarekin hala akordatuta, neurri egokiak hartzeko betebeharra dute, hauteskunde-egunean lan egiten duten boto-emaileek boto emateko eskubidea izan dezaten. Neurri horiek bermatu behar dute langileek euren lan-ordutegitik, gehienez, 4 ordu baliatu ahal izatea boto-eskubidea egikaritu ahal izateko. Gainera, botoa ematera joateko baliatutako ordu horiek ordaindutakoak izan behar dute. Edonola ere, langileak lanaldi partziala duenean, baimenaldia modu proportzionalean murriztuko da.
Neurriek bermatu behar dute langileek euren lan-ordutegitik, gehienez, 4 ordu baliatu ahal izatea boto-eskubidea egikaritu ahal izateko
Ohiko bizilekutik urrun lan egiten duten langileen kasuan, edo hauteskunde-egunean boto-eskubidea egikaritzeko bestelako arazoak izan ditzateken langileen kasuan, enpresek hartu behar dituzten neurrien helburua izan behar da langileei ahalbidetzea, lan-ordutegiaren baitan, 4 ordura arteko baimenaldi ordaindua, dela erroldan inskribatuta daudela egiaztatzeko ziurtagiria modu pertsonalean eskatzeko, dela botoa posta bidez emateko.
EAEko 2023ko apirilaren 21eko Agindua
Ildo horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoan 2023ko apirilaren 21eko Agindua hartu behar da kontuan. Agindu horrek hainbat gai zehaztu ditu. Aurrena, botoa emateko baimenaldia ezin izango da gerogarrenean berreskuratu, hau da, ezin izango da langilea behartu ordu horiek berreskuratzera. Hurrena, baimenaldia 4 ordukoa izango da, hauteslekuak irekita dauden ordutegiaren barruan, kasuan kasuko langilearen lan-ordutegiak egun horretan bat egiten duenean, lau ordu edo gehiagotan, hauteslekuak irekita dauden ordutegiarekin. Baina ohiko lanaldia lau ordutik beherakoa bada, baimenaldia lan-ordutegiaren beste murriztuko da. Halaber, hauteskunde-egunean ohiko lanaldia murriztua duten langileen kasuan, baimenaldia ere modu proportzionalean murriztuko da.
Horrekin batera enpresaburuak, hauteslekuak irekita dauden ordutegiaren baitan, zehaztu behar du baimenaldia zein ordu-tartetan erabil dezaketen langileek, lanaren antolamendua kontuan hartuta. Era berean, enpresaburuak baimaldiaren ondorioz langileari eman behar dizkion ordainsariek, printzipioz, izan behar dute baimenaldirik izan ezean eman beharko lizkionak. Baina langileak jaso beharreko ordainsarien zati bat prima edo pizgarriek osatzen badute, orduan prima edo pizgarri horiek kalkulatu behar dira aurreko azken sei hilabeteetan kontzeptu horiengatik langileak jaso duen batez bestekoaren arabera.
Enpresaburuak, hauteslekuak irekita dauden ordutegiaren baitan, zehaztu behar du baimenaldia zein ordu-tartetan erabil dezaketen langileek, lanaren antolamendua kontuan hartuta
Bestalde, baimenaldia ordaindua izan dadin, enpresaburuak langileei eska diezaikete botoa eman izana egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztea. Ziurtagiri hori kasuan kasuko hauteskunde-mahaiak luzatu behar du. Erroldan inskribatuta egotea egiaztatzeko ziurtagiria modu pertsonalean eskatzeko eta botoa posta bidez emateko baimenaldiak ere ezin izango dira berreskuratu.
Nafarroako ebazpena
Nafarroako Foru Komunitatean, ordea, apirilaren 11ko 125/2023 Ebazpena hartu behar da kontuan. Honako hauek dira horrek egindako zehaztasunak. Langileak ez du ordaindutako baimenaldirako eskubiderik izango, baldin eta beraren lan-ordutegiak hauteslekuak irekita dauden denborarekin bi ordutik behera bat egiten badu. Aitzitik, langilearen baimenaldi ordaindua bi ordutakoa izango da, beraren lan-ordutegiak hauteslekuak irekita dauden denborarekin bi eta hiru ordu bitartean bat egiten badu. Beste bi kasuak honakoak dira: langilearen baimenaldi ordaindua hiru ordutakoa izango da, beraren lan-ordutegiak hauteslekuak irekita dauden denborarekin lau eta bost ordu bitartean bat egiten badu; eta langilearen baimenaldi ordaindua lau ordutakoa izango da, beraren lan-ordutegiak hauteslekuak irekita dauden denborarekin sei ordu edo gehiagotan bat egiten badu.
Nafarroan langileak ez du ordaindutako baimenaldirako eskubiderik izango, baldin eta beraren lan-ordutegiak hauteslekuak irekita dauden denborarekin bi ordutik behera bat egiten badu.
Aipatutako irizpideak baliatuko dira, Correoseko bulegoak irekita dauden denboraren arabera, botoa posta bidez eman ahal izateko. Era berean, aurreko kasu guztietan, lanaldi partzialeko langileen kasuan, baimenaldiaren iraupena murriztuko da, langile horiek duten lanaldiaren eta enpresa berean zein langilek izan lanaldi osoa eta langile horiek ohikotasunez duten lanaldiaren arteko diferentzia aintzat hartu eta diferentzia horren araberako proportzioan. Gainera, enpresaburuak zehaztu behar du baimenaldia zein ordu-tartetan erabil dezaketen langileek, lanaren antolamendua kontuan hartuta.
Hauteskunde-mahaietako kideen, kontu-hartzaileen eta ahaldunen eskubideak
Ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzkoaren, 28.1 eta 78.4 artikuluen eta 605/1999 Errege Dekretuaren 13. artikuluaren arabera, hauteskunde-mahaietako kide izateko izendatuek eta kontu-hartzaile direla egiaztatzen dutenek, alokairuko langile edo enplegatu publiko izanez gero, eskubidea dute hauteskunde-egunean lanaldi osoko baimenaldi ordaindua izateko, egun horretan asteko atsedenaldirik ez badute. Halaber, eskubidea dute biharamunean euren lanaldia bost orduz murrizteko.
Ordaindutako baimenaldi hori aitortu behar zaie ahaldunei ere, 5/1985 Lege Organikoaren 76.4 artikuluak eta 605/1999 Errege Dekretuaren 76.4 artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz, baldin eta egun horretan asteko atsedenaldirik ez badute.
Hauteskunde-mahaietako kideek, martxoaren 1eko Barne Ministerioaren 212/2023 Aginduak xedatutakoaren arabera, 70 euro kobratzeko eskubidea dute, dieta gisa
Hauteskunde-mahaietako kideek, martxoaren 1eko Barne Ministerioaren 212/2023 Aginduak xedatutakoaren arabera, 70 euro kobratzeko eskubidea dute, dieta gisa. Hala ere, Langileen Estatutuaren 37.3.d) artikuluaren arabera, pertsona horiek ordaindutako baimenaldia badute, hain zuzen, egun hori eurentzat laneguna izateagatik, dieta gisa kobratutakoa deskontatu behar die enpresaburuak jasotako ordainsarietatik.
Era berean, hauteskunde-mahaietako kideak, 605/1999 Errege Dekretuaren 7.2 artikuluaren arabera, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrera bildu behar dira inorentzako langileekin berdinetsita, lan-istripuak babesteko besterik ez bada ere. Kotizazio-oinarria izango da Araubide Orokorrean espezializaziorik gabeko hemezortzi urtetik gorako langileentzat ezarritako kotizazio-oinarrietatik txikiena. Aplikatu beharreko tasa 116. epigrafeari dagokiona izango da. Hauteskunde hauetan, Barne Ministerioak egingo ditu kotizazioak. Babes-ekintzara biltzen dira, besteak beste, osasun-laguntza eta aldi baterako ezgaitasunaren, ezgaitasun iraunkorraren eta heriotza eta bizirik irautearen ondoriozko prestazio ekonomikoak. Gainera, prestazio horiek bateragarriak dira hauteskunde-mahaietako kideek izan ditzaketen beste prestazio batzuekin.
Gaueko txandak
Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, 2023ko apirilaren 21eko Aginduak hurrengo zehaztasunak egin ditu. Aurrena, biharamunean lanaldia bost orduz murrizteko eskubidea dute hauteskunde-mahaietako kide eta kontu-hartzaile moduan aritu izana egiaztatzen duten guztiek. Lanaldia murriztu arren, ordainsariei eusten zaie, eta murriztutako lanaldia ezin da berreskuratu.
Hurrena, enpresaburuak hauteskunde-mahaietako kideei, kontu-hartzaileei eta ahaldunei baimenaldiak, berreskuraezinak izango direnak, ordaindu behar dizkie, horiek zeregin horietan aritu izana egiaztatu ondoren.
Biharamunean lanaldia bost orduz murrizteko eskubidea dute hauteskunde-mahaietako kide eta kontu-hartzaile moduan aritu izana egiaztatzen duten guztiek
Bestalde, hauteskunde-egunaren bezperan gaueko txandan lan egin behar duten hauteskunde-mahaietako kide, kontu-hartzaile eta ahaldunei enpresaburuak gau horretako txanda aldatu behar diete, horiek hala eskatuz gero. Orobat, kontuan hartu behar da hauteskunde-batzorde zentralak erabaki duela hauteskunde-mahaietako ordezkoek ere eskubide bera dutela, nahitaez aurkeztu behar direlako hauteskunde-mahaia eratzeko unean, hala behar izanez gero mahai horretan parte hartzeko. Nolanahi ere, hauteskunde-mahaian parterik hartzen ez badute, ez dute eskubiderik izango biharamunean lanaldia bost ordu murrizteko. Gainera, hauteskunde-batzorde zentralak hauteskunde-mahaian parte hartzen duten gaueko langile guztiei aitortu die lanaldia bost orduz murrizteko eskubidea, hurrengo gaueko txandan, betiere, gaueko txanda hori hauteskundeen biharamunean bada.
Zehaztasun horiek jaso dira, berebat, Nafarroako Foru Komunitatearen apirilaren 11ko 125/2023 Ebazpenean ere.