Elkarrekin arituko dira hemendik aurrera Elkar-Lan, S. Coop. kooperatiben sustapenerako sozietatea eta Garaia Parke Teknologikoa. Izan ere, lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean Javier Sanz Elkar-Laneko zuzendariak eta Idurre Albizu Garaiako Negozio Garapenerako eta Komunikazioarako zuzendariak.
Hitzarmenean jasotzen denez, Elkar-Lan Garaia Parke Teknologikoko komunitatearen parte bilakatuko da, eta hainbat zerbitzu erabili ahalko ditu. Zerbitzu horien onuradun ez da soilik Elkar-Lan bera izango, baizik eta kooperatiben promoziorako sozietateak sustatutako gainontzeko kooperatibak ere, betiere hala eskatzen badute. Espazioen erabilera, jarduera eta albisteen promozioa, networking jardunaldietan parte hartzea edo inbertsio eta elkarlanerako sareetara sarbidea izango dira aukera horien artean.
Enpresa kooperatiboen garapenari beste bultzada bat emateko akordioa izan nahi du gaur sinatutakoak.