Larraitz Franco: "Oposizioek sarbide objektiborako sistema bat betetzen dute"

Notarioaren ikuspuntutik, arrakala nabariena elkargoetako organo gorenetan gertatzen da

Larraitz Franco | Argazkia: EnpresaBIDEA Larraitz Franco | Argazkia: EnpresaBIDEA

2022ko azaroan, Euskal Herriko Notario Elkargo Txit Prestuan parekidetasuna bultzatzeko salaketa Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi zen. Izan ere, elkargoaren zuzendaritza batzordea aukeratzeko 2020an egin ziren hauteskundeetan, hautagaitza bakar bat aurkeztu eta aukeratu zen, bost gizon eta bi emakumek osatuta. Manuel López Pardiñas elkargoaren dekano izandakoaren ustetan, horrek ez zuen Berdintasun Efektiborako Lege Organikoarekin betetzen, alegia, gehienez %60ko ordezkaritza izatea sexu bakoitzak.

Organo gorenez harago, notariotza oposaketak geroz eta emakume gehiagok gainditzen dituzte. 1997, 134 plaza eskaini baziren Espainian, 80 gizonezkoentzat izan ziren, eta 53 emakumezkoentzat. 2005ean irauli zen zifra hori lehen aldiz, eta 2020an 91 plazetatik, 37 izan ziren gizonentzat, eta 54 emakumeentzat. Egun, EAEn, esaterako, notarioen %31 inguru dira emakumezkoak. Horietako bat da Larraitz Franco Galarraga. 1988an gainditu zituen notariotza oposaketak. Lleidako herri batetik hasita, eta Euskal Herriko zenbait udalerritik igarota, Donostian dihardu egun. Besteak beste, orain aktualitatearen pil-pilean dauden hipotekak igarotzen dira haren eskutik.

Euriborraren igoerak zuzeneko eragina du hipoteketan. Nolakoa izaten ari da aldakorretatik finkorako aldaketa kudeatzea?

Europako Banku Zentralak eta Euriborrak finkatzen duten diruaren prezio ofiziala duela 14 edo 15 urtetik ikusi gabeko mailetan dago. Urte horietan guztietan interes-tasak etengabe jaitsi ziren, eta interes-tasa negatiboak ere izan ziren.

Inflazioaren koiuntura berriak eta, ondorioz, diruaren tasaren prezio ofizialaren igoerak agerian utzi dute interes-tasa aldakor baten arrisku inplizitua. Horren ondorioz, hipoteka-maileguak kontratatzeko joera aldatu egin da, eta kontsumitzaileek nahiago dituzte interes-tasa finkoak aukeratu.

Joera hori kontratazio berrietan zein emandako maileguen aldaketan agertzen da, kontsumitzaileek bankuari tasa aldakorretik tasa finkora aldatzeko eskatzen diotenean.

Beste ondorioetako bat izan daiteke hipoteka berrien sinadurak beherakada izatea. Joera hori ikusten ari al zarete?

Egungo egoerak, inflazioaren ondorioz, interes-tasen igoera ekarri du, eta horrek, aldi berean, 2022aren amaieratik 2023aren hasierara hipoteka-maileguen interes-tasaren nobazio ugari, baita subrogazio aktiboak ere. Bestela esanda, erabiltzaileak eraman ditu bankua prozedura espezifiko baten bidez aldatzera edo, besterik gabe, aurreko mailegua ezeztatzea eta beste banku batek beste bat ematera.

Aldaketa horiek, dena den, bi arrazoik erraztu dituzte: batetik, Martxoaren 15eko 5/2019 Legea indarrean jarri zenetik, hipoteka-mailegu bat emateko notario-, erregistro- eta kudeaketa-gastuak bankuak edo kutxak hartzen ditu bere gain, ez mailegu-hartzaileak, eta hori abantaila da kontsumitzailearentzat; bestetik, Azaroaren 22ko 19/2022 Lege Dekretua indarrean sartzen denetik 2023ko abenduaren 31ra arte, interes aldakorreko mailegua duten eta kalteberatasun-egoeran dauden mailegu-hartzaileentzat berregituraketa-neurriak ezartzen dira, eta, gainera, interes aldakorreko maileguak ezeztatzeko aukera ezartzen da, konpentsaziorik edo ezerezte-komisiorik gabe.

Notario eta Erregistro Jarduketen Digitalizazioari buruzko Lege Proiektu bat dago, oraindik onartu ez dena. Proiektu horrek zuzenean eragingo du polizen edo auzietarako botereen [...] esku-hartzean

Azkenik, begien bistakoa da diruaren prezioa garestitzeak, hau da, maileguen interes-tasa altuagoek, eragiketak murriztea dakarrela. Hain zuzen ere, EBZren helburua, tasen igoerarekin, inflazioa geldiaraztea da, nahiz eta merkatuaren nolabaiteko hoztea ekarri.

Egungo gizartearen erronketako bat da digitalizazioa. Nola ari da notarioen lana eraldatzen?

Notariotzak ahalegin handia egin du digitalizazioan, zehazki, 24/2005 Legeak aldatutako 24/2001 Legeaz geroztik. Aldaketak eman dira Jabetza Erregistroetan eskritura publikoak aurkezteari dagokione, modu telematikoan aurkezte-idazpenak sortzeko eta eskriturak inskribatzeko. Eta ez bakarrik erregistro horietan, baita merkataritza-erregistroetan ere.

Jakina, arlo horretan aurrera egiten jarraitu behar da, beste sektore ekonomiko eta profesional batzuetan bezala. Pandemiaren hasieran, eta konfinamenduaren ondorioz, eskriturak modu telematikoan ematea pentsatu zen, eta Notario eta Erregistro Jarduketen Digitalizazioari buruzko Lege Proiektu bat dago, oraindik onartu ez dena. Proiektu horrek zuzenean eragingo du polizen, auzietarako botereen, botereen errebokazioaren, hipotekak ordaintzeko eta ezeztatzeko gutunen eta sozietateen eraketaren edo horien aldaketen esku-hartzean, betiere diruzko ekarpenekin.

"Oposizioak [...] funtzio publikorako sarbidean gizonentzako eta emakumeentzako aukera-berdintasun eraginkorra arautzen duten aukera bat dira"

Azkeneko urteetan, notario izateko oposaketetan joera aldaketa ikus daiteke. Izan ere, emakume gehiago dira oposaketak gainditzen dituztenak, gizonezkoak baino. Notarioaz dugun irudia zentzu berean aldatzen ari al da?

Notariotzan gizon baino emakume gehiago sartzeari dagokionez, joera hori beste esparru juridiko batzuetan ikusten ari da. Positiboa dela uste dut, eta emakumeak gizartean dagokion lekua pixkanaka hartzen duela erakusten du. Oposizioek, zaharkitua diruditen arren, sarbide objektiborako sistema bat betetzen dute, eta, are garrantzitsuagoa dena, funtzio publikorako sarbidean gizonentzako eta emakumeentzako aukera-berdintasun eraginkorra arautzen duten aukera bat dira. Horrek motibatzen du emakume askorentzat oposizioa lehen aukerako irteera profesional gisa ikustea.

Zer falta da notariotzaren arloko parekidetasuna lortzeko?

Esan dudan bezala, asko aurreratu da arlo honetan, eta molde asko hautsi dira. Lanbidea generoen erabateko parekidetasunean gauzatzen da. Agian, emakumeak ordezkaritza txikiagoa izango du notariotzaren elkargoaren gobernu-organoetan, baina hori datozen urteetan ere aldatuko dela espero dut, notarioen belaunaldi berrietan emakume gehiago sartu direlako. Hala ere, uste dut notariotza jarraitu beharreko adibidea dela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK