Azaroaren 26an banatuko dira Lazarraga Sariak

Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera aintzatesten dute sariek. Hautagaitza aurkezteko epea zabalik dago urriaren 30era bitarte

Lazarraga Sarien aurkezpena | Argazkia: Arabako Foru Aldundia Lazarraga Sarien aurkezpena | Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Lazarraga Sarien zortzigarren edizioa aurkeztu berri dute Arabako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari Elkarteak. Arabako esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egin den lana saritu nahi da, eta horretarako prestatutako ekitaldia azaroaren 26an egingo da.

Izan ere, eta Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatuak eta Bergoi Madernaz Bai Euskarariko kideak azaldu dutenez, “garrantzitsua da erakundeek egiten duten lana balioztatzea, euskara sustatzen eta haien egunerokoan txertatzen”. Berriozabalek gehitu du “egungo gizarteak euskaraz hitz egiteko gero eta aukera gehiago” bermatu behar dituela, “edozein dela eremua ere”.

Euskararen alde eginiko lana saritzeko, bost sari banatuko zaizkie, bai erakundeei, bai pertsona fisikoei. Epaimahaiak kontuan hartuko ditu hainbat aldagai, esaterako: zerbitzua eskaintzeko eta lana euskaraz egiteko neurriak, lana euskaraz egiteko baliabideak, euskaraz egindako prestakuntza, eta kanpo komunikazioa, besteak beste. Hautagaia izateko ezinbesteko baldintza da egoitza Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko enklabean izatea. Izena emateko epea urriaren 30era bitartean egongo da zabalik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK