Lea Artibaiko familia giroan kozinatutako kooperatiba

Eskualdeko familiak gako izan dira Eikaren hasieratik bertatik. Nekazaritza eta arrantza nagusi ziren eskualde baten industriaren aldeko apustuari heldu zioten, emakumeen lanarekin eta euskaraz. %40ko merkatu kuota du egun sektorean

Eikaren fabrikako marrazkia | Argazkia: Eika (utzitakoa) Eikaren fabrikako marrazkia | Argazkia: Eika (utzitakoa)

47 bat lagun batu ziren 1973ko abenduaren 22an Etxebarrin, proiektu berri bat eskuartean zutela. Egun hartan sinatu zuten Eika Kooperatiba eratzeko akta, eta Lea Artibai zonaldea ekonomikoki sustatzeko zein lanpostuak sortzeko helburua izan zuten, industria oinarri jakina izan gabe ere. 50 urte bete ditu aurten enpresak fabrikan lan egiteko nortasun bera mantenduta, herri giroa sostengu. Dena dela, erronka anitzei aurre egin behar dio Eikak egun.

Erresistentzia elektriko tubularrak eta galdaketako plaka elektriko blindatuak produzitzen zituzten lehen urte haietan, bai eta plantxa elektrikoen zolak eta plaka elektriko tubularrak ere. Egosteko berogailu elektrikoak zuen eskaera gero eta handiagoari erantzuteko premiarekin produzitzen zuten, eta hortik burutu zituzten lehen handitze lanak, bazkideen zabalkundea tartean. Eskualdeko familiei bazkidetza salduta finantzatu zen kooperatiba, eta hortik enpresaren ezaugarrietako bat: familia giroa. Merkatuan egonkortzea lortu zuen gutxinaka.

47 bat lagun batu ziren 1973ko abenduaren 22an Etxebarrin, proiektu berri bat eskuartean zutela. Egun hartan sinatu zuten Eika Kooperatiba eratzeko akta

Joxemari Etxaburu Eikako lehendakari ohia da, eta herri giroa Eikarekin bat doan ezaugarria dela nabarmendu du: “Eskualdeko jendea izan gara bertan; elkarren artean ezagutzen genuen”. 1983an sartu zen kooperatibara Etxaburu, hamarkada konplexuan, alegia, krisi sakonari aurre egin behar izan ziotelako. “Enpresan sartu berria nintzela ebentual ugari kaleratu ziren. Galerekin geunden, eta kapitalizazio lan bati ekin genion”, gogoratu du. Lan “berritzailea” zela dio, eskualdean nekazaritza zein arrantza baitziren nagusi.

Emakumeak ere lantegian

Berrikuntza horiek normaltasun bilakatu zituen denbora laburrean Eikak, hasiera-hasieratik lanpostu berriak sortzeko beharrari ekin baitzion. “Enpresaren lehen garai hartan emakumeek ez zuten oro har fabriketan lan egiten. Baina produkzioak lan ahalmena behar zuen, eta emakumeen lan aukera industriala sustatu zen hasieratik”, mahaigaineratu du.

Eikako kide izandakoak | Argazkia: utzitakoa
Euskara erreminta natural bezala erabili dute langileek betidanik | Argazkia: Eika (utzitakoa)

Bide horretan, emakumeen ohitura berritzaile horren normalizazioaz hitz egin du Antxone Arantzetak, Eikako bazkidea eta organo sozialeko kidea dena egun. “Orain dela 30 urte hasi nintzen enpresan, eta beldur askorekin, ez nekielako gai izango nintzen horrelako lanak egiteko”, adierazi du. Hasieratik laguntza jaso zuen bazkideak, eta harrotasunez azaldu du “bigarren” familia bat topatu duela Etxebarriko txoko hartan. “Sentimendu handiarekin egiten nuen lan, eta talde giroaz kutsatu nintzen”. Lanean hasi zenean emakumeak ziren nagusi fabrikan; egun %50a emakumeak dira, eta beste horrenbeste gizon. Etxaburuk dio “formula” horrekin beti aurrera egin dutela eta, beraz, formula ona dela. Egun 420 bazkidek osatzen dute Eika.

Joxemari Etxaburu: "Enpresaren lehen garai hartan emakumeek ez zuten oro har fabriketan lan egiten. Baina produkzioak lan ahalmena behar zuen, eta emakumeen lan aukera industriala sustatu zen hasieratik”

Garapen etengabean buru-belarri, 1995an bitrozeramika fokuak fabrikatzen hasi ziren kooperatiban, salmenta aukera berrien beharrizanean. Produkzioa indartu zuen horrek, baina zailtasunak ere ekarri zituen berekin: “Ohiko lana berritzera behartu gintuen”. Prozesu industrialak berak berrikuntzak ezartzera bideratu ziela azpimarratu du lehendakari ohiak, automatizazioa edota jakintza berriei adi egoteko ohitura sortu duena. “Merkatuak berak gehiago ekoizteko eskatzen zuen, eta gutxinaka joan ginen muntaia lineak hedatzen”.

"Dena zen globalizazioa"

Etxaburu Eikako lehendakari lanetan ibili zen 1999tik 2003 ingurura eta, garai hartan, nazioartera salto egitea erabaki zuten enpresan, Txekiar Errepublikara hain zuzen: “Dena zen globalizazioa, denek hitz egiten zuten horren inguruan”. Hori bai, ez zen prozesu sinplea izan enpresarentzat Lehendakari ohiak gogoratzen du prozesu industriala hobetzeko eta kantitate handiagoak produzitzeko aukera ona zela mugimendu hura aurrera eramatea, Txekian soldatak baxuagoak zirela aprobetxatuz. Hala ere, kostata hartun zuten erabakia: “Jende xumea gara, baserritarrak ia, eta horrelako mugimenduak egitea soilik enpresa handientzako zela uste genuen”.

Etorkizun oparoago baten bila aurrera egin zuten Eikan. Bazkideak konbentzitzea lan konplexua izan zela dio Etxaburuk, “ezjakintasuna” handia baitzen. Kostata hartu zuten erabakia, enpresako komertzialek gomendatuta ere bazkideei “errespetu” handia ematen zielako familia giroan murgildutako kooperatiba batek horrelako erabakia hartzea. Behin erabakia hartuta baina, nazioarteko hedatze prozesu gehiago egin zituzten ere, Mexikora eta Poloniara: “Karreran hasi eta maratoia bihurtu zen hura”.

Joxemari Etxaburu: “Jende xumea gara, baserritarrak ia, eta horrelako mugimenduak [Txekiar Errepublikara salto] egitea soilik enpresa handientzako zela uste genuen”

1999 eta 2006 urte bitartean egin zituzten hedatzeak, eta hortik dibertsifikazio lanari ekin zioten. 2010ean Isloleika sortu zuten, panel isolatzaileetarako kooperatiba dena, baita Hobeika ere, aurreko ekitaldian bezeroen muntaketa sinplifikatzen duten sukalde kitak eskaintzen dituena. Hamarkada horretan, hedatze gehiago egin zituzten filial ezberdinetan, merkatu kuota are gehiago egonkortuz. Arantzetak dio egun merkatuan agertzen diren sukalde estalki guztietatik foko bat Eikakoa dela gutxienez: “%40ko mundu mailako merkatu kuota dugu”. Dena dela, gaurkotasunean sektoreak hainbat erronka dituela argitu du bazkideak.

Lehiakortasuna

Beste enpresa batzuen agerpenak lehiakortasuna handitu du Arantzetaren esanetan, eta horrek produktuen fabrikazioa birpentsatzera behartu die enpresan. “Ez dugu indukziozko produktuak saltzen, esaterako, hori dela eta agian jokoan karta gutxiagorekin jokatzen gabiltza”, hausnartu du. Proiektu berriak gauzatzeko planak abian dituzte, baina prozesu “konplexuak” dira Eikako bazkidearen esanetan. “Produktu zein zerbitzu berriak emateko estrategiak lantzen gabiltza”.

Eikako lantegia | Argazkia: Eika (utzitakoa)
Eikako lantegia | Argazkia: Eika (utzitakoa)

2022. urtean Poloniako planta ixtea erabaki zuten kooperatiban, lehiakortasun tirabira hauek direla medio. Hala ere, Arantzetak argi du enpresaren indarguneak anitzak direla: “Kooperatiba bat izatea itzela da guretzat”. Familia sentimendu horren inguruan aritu da, sendotasunaren seinale dena haren arabera. Hala ere, etxeko sentimendu hori langile berriei transmititzeko beharra ikusten du. “Batzuk ez dute sinisten enpresa gurea dela, denona, eta parte-hartze hori sustatzea funtsezkoa dugu”. Indarguneak indargune, euskara ahotan izan dute Eikako protagonista biek.

Beste enpresa batzuen agerpenak lehiakortasuna handitu du [Antxone] Arantzetaren esanetan, eta horrek produktuen fabrikazioa birpentsatzera behartu die enpresan

Etxaburuk dio euskara erreminta “natural” gisa erabili dutela beti, dokumentazio lanetan ere sustatuta. Erabiltzen dituzten makinen jarraibideak euskaraz izatea sustatu dute enpresan: “Horrek jabetasuna ematen digu”. Bere aldetik, Arantzetak argi du indargunea dela, baina batez ere barne egitura begira. “Lagun berriak bultzatzen ditugu ikastera ez badakite eta hornitzaile euskaldunei euskaraz egiten diegu beti”. Enpresa munduan hizkuntzaren normalizazioan aurrerapauso “onak” egiten dutela uste du, eta horrek guztiak, bazkidearen esanetan, “nortasuna” ematen dio Eikari.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK