Legazpiko lanabes-kutxa

Bellotak ehun urte baino gehiago daramatza eskuko erremintak egiten, eta mundu mailako liderra da nekazaritzarako tresna eta ordezko piezetan

Argazkia: Bellota Argazkia: Bellota

1908an, Patrizio Etxeberria legazpiarraren eskutik sortutako enpresa da Bellota. Ekintzaile senaz baliatuta eta altzairuan aditua izaki, Etxeberria eskuko eta nekazaritzarako erreminten diseinuan interesatu zen, eta garai hartan oso ohikoak ziren burdinolak eta tailerrak bisitatuz, bere tresna propioak lantzen hasi zen. “Etxeberriak artisau modura egiten zen jarduera hau industrializatu zuen”, dio Pablo Izetak, egun Bellota Herramientaseko zuzendaria nagusia denak. “Merkatuak aztertzen hasi zen eta hobekuntzak lortzeko kanpora bidaiatu zuen. Horrela, prozesu eta teknologia berriak aplikatuz lantegi ugari ireki zituen”.

Hastapenetatik eskuko erremintak (palak, aitzurrak, mailuak, paletak, etab.) egiten hasi ziren, eta hortik gutxira, 1926ean, nekazaritzarako makineria ere fabrikatzen hasi ziren. XX. mende osoan zehar, sortzaileak ezarritako berrikuntza eta nazioarteko ikuspegi printzipioak oinarri hartuz, enpresa hedatzen joan zen, egun, nekazaritza makinetako osagaien salmentan mundu mailako liderrak bilakatzeraino. Halaber, gaur, Bellota markapean bi enpresa desberdin bereizten dira (Bellota Herramientas eta Bellota Agrisolutions), izan ere, bi sektore desberdinetara bideratzen dituzte euren produktuak.

Bi sektore, bi enpresa

“Bellota Agrisolutionsen sorrera ofiziala 2010ean izan zen, baina horrek ez du esan nahi lehenago ez ginela lanean ari”, nabarmendu du Eduardo Urrestarazu zuzendari nagusiak. Bere hitzetan, mundu osoan lurra prestatzeko, ereiteko eta uzta biltzeko osagai kritikoenak diseinatzen eta ekoizten enpresa liderra dira. “Munduan nekazaritzako makina fabrikanteen hornitzaile nagusiena gara” esan du. Ereiteko makinak, kultibadoreak eta goldeak egiten dituzte, besteak beste. Nekazaritza makina fabrikanteak, hala nola, Jon Deere edota New Holland bezalakoak dira Bellota Agrisolutionsen bezero nagusiak, baina osagaien eta ordezko piezen banatzaileei ere saltzen dizkie euren produktuak.

Bellota Herramientasen bezero gehienak (%70) profesionalak dira Izetaren arabera, eskuko erremintak behar dituen igeltseroa, nekazaria edota lorezaina adibidez. Gainontzeko %30a partikularrei saltzen die. Era berean, burdindegiak, saltoki handiak eta e-commerce dira enpresaren salmenta kanal garrantzitsuenak.

Pablo Izeta: “70 herrialde baino gehiagotara esportatzen ditugu geure produktuak. Europa da merkatu garrantzitsuena, bigarrena Afrika, eta azkenik, Asia, bereziki Ekialde Ertaina"

“Eraikuntza, nekazaritza eta industria sektoreetarako eskuko erremintak diseinatu, landu eta ekoizten ditugu. 4.000 erreferentzia eta 50 familia produktu baino gehiago ditugu”, azpimarratu du Izetak. Espainia eta Portugal dira merkatu garrantzitsuenak non liderrak diren eraikuntza eta nekazaritza sektoreetan. “70 herrialde baino gehiagotara esportatzen ditugu geure produktuak, Europa da merkatu garrantzitsuena, bigarrena Afrika, eta azkenik, Asia, bereziki, Ekialde Ertaina”, gaineratu du Bellota Herramientaseko arduradun nagusiak.

Agrisolutionsentzat, ordea, merkatu nagusiak garia, artoa, soja edota zekaleak ekoizten diren herrialdeak direla dio Urrestarazuk, hau da, Ameriketako Estatu Batuak, Brasil eta Errusia batik bat. “Potentzia handiko makinak erabiltzen diren nekazaritzara bideratzen ditugu gure produktuak, estentsiboa eta lehorrekoa. Aurten, 85 herrialdetan salduko dugu”, gehitu du.

Argazkia: Bellota
Argazkia: Bellota

Ehun urte baino gehiagoko ibilbidea

2.000 langile inguru ditu Bellota taldeak guztira. Urrestarazuk dionez, horietatik 400 inguru Gipuzkoan, Legazpi eta Zumarragako fabriketan, daude kokatuta. Bellota Agrisolutionsek Kanadan, Estatu Batuetan, Brasilen, Indian, Polonian eta Alemanian ere ditu lantegiak, eta aurten 300 milioi euro inguru fakturatzea aurreikusi dute. Taldearen beste enpresak, Legazpiko lantegiaz gain, beste lau planta ditu Nafarroan, Kolonbia, Mexikon eta Erresuma Batuan eta Izetaren arabera, 55 milioi euro fakturako dituzte 2022an.

“Datorren urtean 115 urte beteko ditugu. Urte hauek guztiak igarota, bizirik irautea soilik oso arrakastatsua da guretzat, eta hori gutxi balitz, liderrak izatea jada sekulakoa da”, aitortu du Urrestarazuk. Beste ehun urte baina gehiago irauteko Bellotak hainbat erronkari egin beharko dio aurre. Bi zuzendari nagusiek teknologia, digitalizazioa, jasangarritasuna eta 4.0 industria aipatzen dituzte beste ezeren gainetik. “Nekazaritzako makina fabrikanteen beharrak asetzea ardatz hartuta, teknologia aldetik fabrika eguneratu bat izan nahi dugu, eta lan taldea zein antolakuntza lerro estrategiko berean murgilduta eduki”, gehitu du Agrisolutions saileko buruak.

Eduardo Urrestarazu: “Datorren urtean 115 urte beteko ditugu. Urte guzti hauek igarota, bizirik irautea soilik oso arrakastatsua da guretzat eta hori gutxi balitz, liderrak izatea jada sekulakoa da”

Eskuko erreminten arloan, berriz, azken urteetan produktu eta prozesu berrien berrikuntzan inbertitzen ari direla azaldu du Izetak. “Enpresa eta energia ikuspegi batetik, jasangarriagoak izan nahi dugu, eta prozesu automatizatuak baliatuz, neurrizko ekoizpena hobetu nahi dugu”. Aldi berean, zuzendariaren esanetan, Bellota Herramientasek nazioarteko hedatze prozesua egonkortu nahi du, eta horretarako, produktu berriak garatzeaz gain, gama zabaldu dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK