Lehen sektorea indartzeko eta berritzeko helburua du Lorra euskal kooperatibak. Nekazaritza eta abeltzaintza arloko profesionalei aholkularitza lanak eskaintzen ditu Bizkaian, ekintzailetza sustatzeko helburuarekin. Horretarako, enpresa planak garatzeko kontsultak gauzatzen dituzte, etorkizuneko profesionalen bilakaera ziurtatzeko. Lehen sektoreko erronka handiena belaunaldi aldaketa dute.
1986an sortua, aurten 38 urte bete berri ditu enpresak, eta sektorearen joan-etorriei so jardun nahi izan du urte guztietan. Martin Uriarte Lorrako gerentea da, eta laburpen historiko moduan, 80ko hamarkadan kokatu da lehenbizi: “Orduan sortu ziren lehen baserri sindikatuak”. Elkarteak gero eta ohikoagoak ziren, eta bakoitzak tekniko eta administrazio jarduera propioa zuen. Testuinguru horretan sortu zen Lorra, asoziazio guztiak batzeko helburuarekin, eta horretarako Danimarkako sisteman oinarritu ziren. “Europako ereduetara hurbildu ginen, eta Danimarkan ikusi genuen dena kooperatibizatuta zegoela”, azaldu du adituak. Uriartek dio 38 urteetan zehar Lorraren helburuak anitzak izan direla baina, finean, Bizkaiko lehen sektoreko enpresak indartzea jomugan izan dutela une oro. Alegia, nekazaritza eta abeltzaintza enpresen behar administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak asetzen laguntzea izan dute jomugan.
Abiapuntuak finkatuta, kooperatibaren “zerbitzu-zorroa” osatu dutela dio, dagokien berritasunak gehituz. Europar Batasuneko eta sektoreko araudi berrien arabera aholkularitza moldatu izan dute, sektoreko profesionalen “bizi kalitatea” hobetzeko. “Nekazarien soldata duina bermatzea ezinbestekoa dugu, batez ere belaunaldi aldaketara begira”. Belaunaldi aldaketa horretan zentratu da bereziki kooperatibista, batez ere lehen sektoreko erronka nagusiena dela argi duelako. Datu gisa, aurten lehen sektorean 13 pertsona ekintzaile sartu direla azaldu du Uriartek, baina erretiratu direnak “askoz” gehiago izan direla kontatu du. “Langileen batez besteko adina 60 urtekoa da”.
Martin Uriarte: “Europako ereduetara hurbildu ginen, eta Danimarkan ikusi genuen dena kooperatibizatuta zegoela”
Uriartek uste du nekazaritza eta abeltzaintza sektorea gero eta erregularizatuagoa dagoela, hortik udaberrian izan diren manifestazioak. Ondo ikusten du Europatik sortzen den araudia, elikagaien gutxieneko kalitatea zehazteko batez ere, baina ez du zilegi ikusten kanpoko herrialdeek araudi bera ez errespetatzea. Orain eskakizunak “murriztu” egiten ari dira Uriarteren esanetan, eta horien eragina nabaritzeko esperoan daude sektoreko profesionalak.
Ekintzailetza
Araudiak araudi, lehen sektoreko erronka anitzen eragina iraultzeko ekintzailetza sustatzea dute xede Lorran, jende gaztea eta “ez hain gaztea” erakartzeko. GazteNek programa izan du ahotan adituak: “40 urtera arteko profesional berrientzat laguntzak eskaintzen dira, 20.000 eta 70.000 euro ingurukoak”, mahaigaineratu du. Gainera, 40 urtetik beherako “gazteentzat” Aldundiak lehen inbertsioa finantzatzeko beste laguntza bat eskaintzen duela gogoratu du. Berez, laguntza horiek “zero kostura” eskaintzen dira. Dirulaguntza oso “serioak” dira Uriarteren hitzetan, eta profesional berrien falta borrokatzeko dute helburu.
Dena dela, pizgarri horiek lortu ahal izateko, enpresa plan bat aurkeztu behar dute interesdunek, lehen sektorean bidea egiteko helburuarekin. Lorrak berak prozesu horretan laguntza espezializatua eskaintzen du: “Bete beharreko ezaugarri minimoak asetzen dizkiegu, luzera plana balekoa izan dadin”, dio Uriartek. Ezaugarri horiek 13.300 euroko marjin garbia izatean datza lehen jarduera urtean, ostera enpresa plana handitzen jarraitzeko. Lehen unetik enpresari berriei “laguntzen" die Lorrak, hurbiletik, hurrengo bost urteetan zehar plan “egonkor” bat sustatzeko. “Hau da, enpresak kruzero-abiadura hartu arte laguntzen diegu”.
Laguntza nabarmenak ematen direla azpimarratu nahi izan du Uriartek, sektorearen lehentasunezko erronka den belaunaldi aldaketa borrokatzeko, eta bai Bizkaian, Araban zein Gipuzkoan egoera parekoa dela kontatu du. Uriarte jakitun da belaunaldi berriek dituzten beharrak aldatu egin direla eta, lana hautatzeko orduan, baldintza jakin batzuk garrantzitsuak direla. “Gure gazteek pizgarriak dituzte industrian edo zerbitzuan lan egiteko, bizitza profesionala familiarrarekin orekatzeko aukera dute”. Egoera ikusita, talentua erakartzeko bi funtsezko azpimarratu ditu adituak: “Bizitza kalitatea eta errenta ona bermatu”. Uste du kontaketa aldaketa bat orokortu behar dutela lehen sektorearen inguruan, gizarteari eta, “bereziki” gazte berriei sektorearen nondik norakoak “egoki” azaltzeko.
Martin Uriarte: “Lorra bezalako enpresak integratu egingo dira sektoreko beste enpresa batzuekin, ustiapenak gero eta handiagoak eta kontzentratuagoak daudelako”
Enpresa plan egokiak gauzatzeko baina, sektorea bultzatu egin behar da enpresariaren arabera, plan “estrategiko” ona eginda belaunaldi txandari aurre egiteko. Lursail bankuak aurkeztu ditu esaterako, erretiratzen diren nekazarien ustiapenak erabiltzen jarraitzeko balio dezaketenak. Jada ez diren erabiliko lursailak oinordetzan uzteko helburua du, jubilatuen eta sektoreko gazte berrien arteko interakzioa piztuz. “Zaharrenak gazteak besoetan hartzeko balio dezake, ea zerbait sortu dezaketen”.
Elikadura gai “estrategikoa” dela argi du Uriartek, hurbiltasuna eta kanpoko ustiapenen independentzia baloratu egiten duena. Hala ere, etorkizunera begira sektorea gero eta zehatzagoa izango dela aurreikusten du, eta profesionalen faltan jarri du ikuspuntua berriz ere. “Lorra bezalako enpresak integratu egingo dira sektoreko beste enpresa batzuekin, ustiapenak gero eta handiagoak eta kontzentratuagoak daudelako”. Sektore gero eta txikiago batean lan egingo dela antzeman du, behar oso espezifikoak izango dituena. Bestalde, migratzaileak izan ditu hizpide, azken urteetan gero eta kanpotar gehiagok apustua egin dutelako lehen sektorean murgiltzeko eta enpresak eratzeko. Etorkizunean gehiago sartu egingo direla iritzi dio ekintzaileak.