Mario Fernandez zendu da, Kutxabankeko lehen presidente izan zena

1980ko hamarkadan, lehenengo Jaurlaritzaren presidenteorde izan zen Fernandez

Fernandez Kutxabankeko lehendakari izan zen 2014ko azarora arte | Argazkia: Kutxabank Fernandez Kutxabankeko lehendakari izan zen 2014ko azarora arte | Argazkia: Kutxabank

Kutxabankeko presidente ohi eta lehenengo Eusko Jaurlaritzaren lehendakariorde Mario Fernandez (Bilbo, 1943) atzo hil zen, 81 urte zituela.

Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziaturikoa 1965ean, 1966tik abokatu lanetan aritu zen, krisialdian dauden enpresak berregituratzeari loturiko esparruan. Halaber, berak ikasitako fakultateko Merkataritza Zuzenbideko irakasle lanetan ere aritu zen. 1980an EAJko kide bihurtu ostean, 1982an Carlos Garaikoetxeak Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea izendatu zuen. Horrekin batera, Transferentzien Batzorde Mistoko presidente ere izan zen, alegia, Espainiako gobernuarekin eskumenak negoziatzeko adura izan zuen. 1984ko apirilean EAJk legebiltzarkide hautatu zuten, baina 1985 eta 1986an EAJko krisialdiaren testuinguruan —EA sortu zen garaian—, agur esan zien bai lehendakaritzari, bai legebiltzarrari.

Politika utzita, 1997tik 2002ra BBVAko Lege Gaietarako zuzendari nagusi izan zen, baita Zuzendaritza Batzordeko kide ere Emilio Ibarra, Pedro Luis Uriarte eta Jose Ignacio Goirigolzarrirekin batera. 2002an Uría Menéndez abokatuen bulegoak kontratatu zuen, baina urte horretan bertan BBVAko kontu-sekretuen aferan bere izena agertu zen. Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak haren inputazioa eskatu bazuen, epaileak albo batera utzi zuen.

2009an BBKko presidente izatera igaro zen, Xabier de Irala ordezkatuz. Gauzak hala, 2012an BBK, Kutxa eta Vital Kutxaren bat egitea bultzatu zuen pertsonetako bat izan zen, eta Kutxabanken lehen presidente bihurtu zen. Juridikoki bankua zen Kutxabank, baina kutxen esku zeuden akzio guztiak. Kapital pribatua sartzeko proposamena egin zuen Fernandezek, baina haren proposamena ez zen egoki ikusi, eta  2014ko azaroaren 27an dimititu egin zuen.

Entitatea utzita, Cabieces auziagatik espetxe zigorra ezarri zioten, 6 hilabetekoa, eta 4.500 euroko isuna. Izan ere, gizarte eragileek eta sindikatuek salaketa aurkeztu zuten egotzita bankuak Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkaria kontratatu izanak zerikusia zuela soil-soilik kargu poltikoarekin, eta epaimahaiak adierazi zuen iruzurra izan zela tarteko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK