Lanera bueltatuko dira Gasteizko Mercedes-Benz enpresako beharginak, hogeita lau egunez ekoizpena geldirik egon ostean. 2025eko produkzio aurreikuspena egin dute, eta zifrak azkeneko urteetakoak baino baxuagoak dira: Gasteizko egoitzan 124.634 furgonetan ekoitziko dira 2025ean, hots, azken urteetako kopururik baxuena da.
Produkzioaren beherakada bi arrazoi nagusiri dagokio. Batetik, eskaerek nabarmen egin dute behera; bestetik, moldaketak egiten ari dira laster auto modelo elektriko berriak ekoizten hasteko.
Ekoizpena gutxituko denez, lan txandak ere aldatuko dira. Izan ere, oraingoz hiru txandatara itzuliko dira, baina ordu erdi gutxiago lan egingo dute gaueko txandan, alegia, sei ordu eta erdi, “produkzio gaitasuna optimizatzeko helburuarekin”. Baina, are gehiago, martxoaren 3tik aurrera gaueko txanda ezabatuko da, eta langileek soilik bi txandatan egingo dute lan. Hala ere, enpresak adierazi du “enplegua mantendu nahi duela”.
Gasteizko egoitza da konpainiaren EAEko lantegirik handiena, 5.000 soldatapeko baitaude. Gainera, obrak egiten ari dira VAN.EA plataforman oinarritutako furgoneta elektrikoak merkaturatzeko, printzipioz, 2026. urterako ekoizten hasi nahi baitute.