Dubain antolatu dute Garraio Sistema Adimendunen (ITS ingelesezko siglekin) sektoreko mundu mailako kongresuaren hogeita hamargarren edizioa, eta bertan parte hartzen ari da EAEko mugikortasun eta logistika klusterra (MLC-ITS). Ekitaldi bikoitza da Dubaikoa, kongresuaz gain azoka ere badelako. Edizio berri hau irailaren 16an hasi zen, eta irailaren 20ra bitartean egingo da.
Kongresuak urtero 20.000 pertsona, 300 stand, 170 kongresu saio eta 650 mintzalari inguru batzen ditu. Mundu osoko profesionalak bertaratzen dira, mugikortasunean, teknologian eta administrazioan adituak direnak, eta garraio sistema adimendun berrien inguruan eztabaidatzen dute.
Klusterrak stand propioa dauka, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioekin partekatzen duena. Bertan aurkezten ari dira EAEko ITS industriaren nondik norakoak. Bizkaia eta Gipuzkoa batzen dituen korridorea ere erakusten ari dira. Azken hori, AP-1 eta AP-3 autobideetan dago kokatuta, eta teknologiak probatzeko lekua izaten ari da mugikortasun konektatu, autonomo eta kooperatiboak sortzeko. Helburua da EAEk mugikortasun sistema adimendun eta konektatuen arloan duen gaitasun teknologikoa ezagutzera ematea.