Mohamed Ayman Seddik: “Modu positiboan eragin nahi dut gizartean Aradulceren bitartez”

Hilabete bat betetzear da Araldulce. Gozogintza eta okintza lantzen dute bertan Mohamed Ayman Seddikek eta bere lantaldeak. Lantegi izateaz haratago, proiektu soziala ere bada

Ayman Seddik langile batekin | Argazkia: utzita Ayman Seddik langile batekin | Argazkia: utzita

Aradulce okindegi-gozotegi lantegiko eta saltokiko kudeatzailea da Berrobin (Gipuzkoa) bizi den Mohamed Ayman Seddik. Ekintzailea da. Ausarta. Euskal Herriko Unibertsitatean Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikasketak egiten hasi zenetik bere negozio propioa zabaltzearekin egiten zuen amets. Tolosako Kale Nagusia 31n bilakatu du bere ametsa errealitate. Ilusioa, motibazioa eta gogoa nabari zaio.

Duela hilabete eskas zabaldu zituen ateak Aradulcek. Gozogintza eta okintza uztartzeaz haratago, gizarte-lanean ekarpena egiteko helburuarekin sortu du bere proiektua. Mohamed Ayman Seddik adingabeen zentroetako egoiliarra eta hezitzailea izan da. Errealitate hori modu gordinean ezagutzen du. Pertsona horiei laguntza eskaini nahi die Aradulceren bitartez. Are gehiago, egitasmoaren bitartez gizartean modu positiboan eragin nahi du, barneratuta dauden pertzepzio okerrak iraulita.

Zer da Aradulce?

Tolosan, Kale Nagusia 31n, kokalekua duen okindegi-gozotegi lantegia eta saltokia da Aradulce. Bi hitzen baturek osatzen dute: “Ara”-k eta “dulce”-k. “Ara”-k arabiarrei egiten die erreferentzia eta “dulce”-k gozogintzari. Arabiar gozogintza hain zuzen. Aradulce, ordea, gozogintzaz eta okintzaz haratago doan proiektua da, izan ere, proiektu soziala ere bada. Nire ibilbidearen isla den egitasmoa da. Arabiarrak, atzerrikoak edota exotikoak, oro har, ez du irudi ona. Proiektu honen bitartez, gizartean, modu positiboan eragin nahi dut, oztopoak gaindituz eta aurreiritzi horiek aldatuta.  

Zein dira Aradulce proiektua abian jartzearen arrazoiak?

Arrazoiak bat baino gehiago dira. Alde batetik, beti izan dut argi nire negozio propioa ipini nahi nuela abian. Aurrez hainbat enpresetan aritu naiz lanean, baina unibertsitatean hasi nintzenetik argi nuen nirea izango zen zerbait abiarazi nahi nuela, hutsetik. Betidanik egin dut horrekin amets eta lortu dut.

Bestalde, gizarte-lanean nire ekarpena egin nahi nuen. Adingabeen zentroetako egoiliarra eta hezitzailea izan naiz. Beraz, zentro horietatik igarotzen diren pertsonen errealitatea nolakoa den ezagutzen dut; dituzten zailtasunen jakitun naiz, lanean hasteko zein gizartean integratzeko topatzen dituzten oztopoez. Ondorioz, Aradulce proiektuaren bitartez, gizartean integratzen lagundu nahi diet pertsona horiei, lanean hasi eta formatzeko aukera eman. Lana gizartean txertatzeko eta bizitzeko bitartekari garrantzitsua da.

Azkenik, uste dut, gastronomia arabiarra eskaintzen duen leku bat falta zela hemen inguruan. Kulturen arteko topaleku bilakatuko den zerbait.

"Adingabeen zentroetako egoiliarra eta hezitzailea izan naiz. Beraz, zentro horietatik igarotzen diren pertsonen errealitatea nolakoa den ezagutzen dut; dituzten zailtasunen jakitun naiz, lanean hasteko zein gizartean integratzeko topatzen dituzten oztopoez"

Nolakoa da zure lan egiteko modua?

Aradulcen topatzen diren elaborazio guztiak guk egindakoak dira. Prozesu osoa bertan egiten dugu, hasi eta buka. Momentu honetan, lau pertsona aritzen gara lanean. Bi pertsona lantegian aritzen gara, salmentarako produktuak prestatzen, eta beste bi, saltokian, produktuen salmentan. Proiektuaren hastapenetan gaude, hilabete baino gutxiago daramagu lanean eta hau da unean uneko gure lantegiaren tamaina.

Enpresa ikuspegitik, gainera, ondo kalkulatuta dut errentagarritasun-atalasea. Atalase hori gainditzen dugunean eskaria handiagoa izango da, lan gehiago egongo da eta, ondorioz, taldea handituko da. Hori litzake asmoa.

3 Aralduce
Produktu gazi zein gozoak saltzen dituzte Aradulcen | Argazkia: utzita

Duela hilabete eskas zabaldu zenituzten ateak. Zein da proiektuaren egoera egun?

Momentu honetan Aradulceren oinarriak ezartzen gabiltza. Lehen urratsa gure lan metodologia propioa eraiki, ezarri eta hura barneratzea da, gure lan egiteko modua ikasi behar dugu. Horretarako, geure burua prestatzen gabiltza, bide egokiak bilatzen dihardugu. Esperientzia hartu eta, pixkana-pixkana, hasiko gara pertsonak formatzen. Bide luzea dugu egiteko. Etorkizun hurbilean, nire helburua zentro horietatik datozen pertsonei aukerak eman, formazioa eskaini eta hazten laguntzea izango da. Etorkizunerako kontratuak hitzartuta ditugu, baina lehenik eta behin oinarriak ondo finkatu behar ditugu.

Zein produktu topatu daitezke bertan?

Orokorrean bi kategoria handitan banatuta daude produktuak, gaziak eta gozoak. Gazietan betegarriak daude: ore filozko enpanadillak: arrainez, oilaskoz edota haragiz beteak, baina berehala eskainiko ditugu baita barazkiz betetako produktuak ere. Horiez gain, pizza txikiak, bexamela oilaskoarekin… aukera asko eta askotarikoak.

Ogiak ere egiten ditugu, gure lantegian bertan egiten ditugu ogi guztiak. Ogi arruntak, krepe formakoak, gari-semola, irina edota semolina dutenak, margarina daramatenak; denetarik.

Gozogintzari dagokionez, tartak eta pastak egiten ditugu. Almendra, kakahuete, txokolate, irin eta gurin pastak. Etengabe berritzen dugu gure eskaintza, bezeroei zerbait desberdina eskaini eta beren interesari eusteko.

"Lehen urratsa gure lan metodologia propioa eraiki, ezarri eta hura barneratzea da, gure lan egiteko modua ikasi behar dugu. Horretarako, geure burua prestatzen gabiltza, bide egokiak bilatzen dihardugu"

Zein dira erronka nagusiak?

Aradulceren hastapen etapan gaude eta, ondorioz, erronka askori egin behar diogu aurre. Alde batetik, stockaren kudeaketa egokia izatea garrantzitsua da, bestelakoan, lan ordu gehiago egin behar izaten ditugu hurrengo egunetan produktuak prest eduki ahal izateko.

Bestetik, pertsonalaren kudeaketa. Helburua familia bat izatea da, lan egiteko funtzionamendua egokia izatea. Horretarako, langile guztiak norabide berean eta metodologia berarekin lan egitea beharrezkoa da.

Horrez gain, zenbakiek eman behar dute, galerak kontrolatu behar dira eta kontrol hori modu egokian egitea gakoa da.

Eta, nola ez, beldurrei eta zalantzei aurre egin behar diegu. Hastapenetan beldur asko azaleratzen dira eta gauza asko pentsatzen dituzu: eta, gaur, inor etortzen ez bada? Zer gertatuko da jendea gure eskaintzaz aspertzen bada? Zalantza eta mamu asko segurtasun eta esperientzia faltagatik. Beldur asko eta ugariak, baina horiei aurre egin behar zaie. Osagai onenak ditugu horretarako: ilusioa, motibazioa eta lan egiteko gogoa.

4 Aradulce
Une honetan, lau pertsona ari dira lanean Aradulcen | Argazkia: utzita

Zerekin egiten duzu amets?

Nire helburua jendeari zerbait berezia eskaintzea da. Herriari zerbitzu erakargarri bat eman, inguruan topatu ezin duten hura. Gastronomia arabiarra herritarren eskura ipini nahi dut eta, aldi berean, kulturartekotasuna sustatu. Aradulce kulturen arteko topaleku bilakatzea gustatuko litzaidake.

Horiez gain, pertsonen integrazioan ahalik eta gehien lagundu nahi dut. Gutaz duten ikuspegi hori aldatu nahi dut gizartean, izan ere, ekarpen asko egin ditzakegu eta balio handikoak, gainera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK