Mondragon taldeak gaur arratsaldean egin du 2023ko Kongresua Donostiako Kursaalean, eta 2022an guztira 10.607 milioi euroko salmentak izan dituztela jakinarazi dute, 2021ean baino %10,7 gehiago. Halaber, 68.879 langile daude orotara taldean egun eta inbertsio zifra 347 milioi eurokoa izan da, aurreko urtean baino %11,8 handiagoa, hain zuzen. EBITDA, berriz, %6,9 hazi da urte batetik bestera, 1.103 milioi eurokoa izanik iazkoa.
Banaketa eta finantza arloei dagokionez, orain aste batzuk aurkeztu zituen Mondragonek emaitzak. Banaketan, Eroskik 5.476 milioi euroko salmentak eta 64 milioi euroko irabaziak izan ditu, Erkopeko nekazaritza elikagaien lau kooperatibek, berriz, 283 milioi euroko fakturazioa eta 6,1 milioi euroko mozkinak izan dituzte. Finantzetan, 151 milioi euroko etekinak izan ditu Laboral Kutxak.
Industria arloan 27.000 pertsona inguruk dihardute lanean, eta 4.848 milioi euroko fakturazioa nahiz 222 milioi euroko etekinak eskuratu dituzte. Salmenta guztien %75a atzerriko merkatuetara bideratu da, eta egun taldeak 104 lantegi ditu atzerrian, 10.112 langileren enplegua sortuz. Gainera, industrian 197 milioi euroko inbertsioa egin dutela azaldu dute.
Beste hainbat sailen azterketen berri ere eman dute, hala nola, Osagaien saila, Ekipamendua eta Eraikuntza proiektuen “portaera ona”, Ekipo Ondasunak, energia proiektuetan izandako aurrerapena eta automobilgintza proiektuen hazkundea —%14 igo dira salmentak—.
Mondragonek berrikuntzaren alde egindako apustua “ezagutza arloan egiaztatzen da”, izan ere, taldearen arabera, 2.000 pertsonei eman die enplegua I+G arloan. Hala, 12 teknologia eta I+G zentro ditu Mondragonek eta 393 patente indarrean. Kooperatiba industrialetan egindako I+G inbertsioa 174 milioi eurokoa izan dela nabarmendu dute, eta ehun proposamen baina gehiago aurkeztu dituztela Europako I+Gko hainbat programetan.
Iñigo Ucin Mondragon taldeko lehendakariak hazkundearen bidetik jarraitzen dutela adierazi du, “nahiz eta adierazle batzuek Europako eta nazioarteko ekonomia nagusien bilakaera moteltzearen sintomak adierazi, eta horrek ondorioak ekar ditzakeen gure negozioetan”. Hala ere, egoera kaltegarriei aurre egin ahalko diotela uste du Ucinek, “neurri batean gure kooperatibek edozertara egokitzeko gaitasuna dutela frogatuta daukagulako, eta baita negozio askok eskari asko bilduta dauzkatelako ere”.
Ezagutza Dibisio berri bat
Ezagutza Dibisioaren egituraketa berria osatuko du Mondragon taldeak, erakunde guztiak sail berean integratu eta horien arteko lankidetza sustatu asmoz. Hala, ikastetxeak (Arizmendi Ikastola, Politeknika Txorierri eta Lea Artibai), Mondragon Unibertsitatea (hiru fakultateekin: ingeniaritza, enpresagintza eta humanitateak) eta zentro teknologikoak (Ikerlan, MIK, Lortek eta Leartiker) dibisio berean izango dira.
Hamaika erakunde eta 2.000 pertsona inguru bilduko ditu dibisio berriak, eta 150 milioi euroko aurrekontua izango du.