Mondragon, Ulma eta Orona: tentsiotik bozketara

Ostiralean erabakiko da Oronaren eta Ulmaren etorkizuna Mondragonen kide gisa izango den edo ez. Atzetik dator Oñatikoen eta Hernanikoen kritika taldearekiko, baina tentsioa ekainetik areagotu da. Baiezkoak irabaziko balu, ikusteko dago zer nolakoa izango den harremana

Argazkia: Orona Argazkia: Orona

Bi egun besterik ez dira gelditzen Oronako eta Ulma Taldeko bazkideek bozkatzeko euren etorkizuna Mondragonen barruan edo taldetik kanpo egiten jarraitu nahi duten. Ostiraleko Batzar Nagusietan Ulmako 2.789 bazkideek eta Oronako 1.750ek talde kooperatiboaren barruan geratuko diren edo ez erabakiko dute. Lehenengoek, Donostiako Illunben egingo dute bozketa, euren Oñatiko egoitzatik 70 kilometrora; bigarrenek, berriz, Hernaniko euren lantegian bozkatuko dute.

Oronak eta Ulmak Mondragoneko Industria Dibisioaren fakturazioaren %30 osatzen dute guztira, eta 11.000 langile inguru dituzte bien artean, 5.500 bakoitzak. Oronaren kasuan, 832 milioi euroko fakturazioa izan zuen iaz,aurreko urtetik % 4,1 handitu zena, eta 75 milioi euroko irabaziak. Europa mailan igogailuak egiten dituzten enpresetan bosgarrena da Hernanikoa. Eta euren kasuan, badirudi erabakia baiezkoa izango dela.

Ulma, berriz, talde propioa ere bada, nahiz eta Mondragonen barruan izan. Are gehiago, 1993an, orduko MCC edo Mondragon korporazioa sortu zenean, egitura propioa mantendu eta korporazioan ez sartzea erabaki zuen. 2002an, berriz, bazkideek onartu zuten Mondragoneko Industria Dibisioan sartzea, eta geroztik taldearen parte izan da. Egun, bederatzi enpresak osatzen dute, bakoitza negozio arlo propioarekin. Oñatiko taldeak 81 herrialdeetan du presentzia, eta 910 milioi euroko fakturazioa eta 134 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu 2021ean. Aniztasun hori dela eta, zalantza gehiago izan daitezke atera daitekeen emaitzarekin.

Eztabaida nondik-norakoak

Oronaren eta Ulmaren intentzioek urrian egin zuten salto jendartera, hedabideetan euren asmoak publiko egin zirenean. Baina tirabirak ez dira berriak. Iraganetik datoz. Fagor Etxetresnaken porrotaren harira Orona oso kritiko izan zen, batez ere enpresaren zorra eta partekatutako funtsa zirela eta. Enpresa hondoratzeak, gainera, norabide aldaketa egitera eraman zuen taldea. 2016ko kongresuan bozkatu zen hori, eta taldeak berregituraketa prozesua abiarazi zuen. Ulma eta Orona ez ziren bat etorri horrekin hasieratik, besteak beste, kooperatiben autonomiari edo Dibisio Industrialari dagokienez.

Orain arteko desadostasunak "talde barruan" konpontzen saiatu dira; azkeneko hilabeteetan, ordea, tentsioa areagotu egin da, batez ere ekainetik. Biek ala biek taldearekin harremantzeko modu berri bat jarri nahi zuten martxan. Bestela esanda, helburua zen kooperatibek autonomia gehiago izatea, baina harremanak guztiz eten gabe eta "Lagun Aro, Laboral Kutxa, Mondragon Unibertsitatea eta beste hainbat kooperatiba"-ren parte izaten jarraituta. Proposamena Mondragoneko kooperatiba guztiak biltzen dituzten organoetara eraman zuten, alegia, bai Batzorde Iraunkorrera, bai Kontseilu Orokorrera. Helburua zen eurek proposamena aztertu, eta azaroaren 15ean egingo zen Kongresuan aurkeztu eta bozkatu ahal izatea.

Helburua zen kooperatibek autonomia gehiago izatea, baina harremanak guztiz eten gabe. Proposamena Mondragoneko kooperatiba guztiak biltzen dituzten organoetara eraman zuten, baina organoek ez zuten egokitzat jo

Baina organoek ez zuten egokitzat jo. Mondragoneko iturriek EnpresaBIDEAri azaldu diotenez, halako erabakiek aurretik lanketa eskatzen dute Kongresura eraman ahal izateko, aldaketa sakonak baitira, eta "ez denborak, ez forma" ez ziren egokiak izan. Ulmaren ustez, baina "bi aldiz ukatu" zitzaien ponentzia "denbora eta informazio gehiagorekin" eztabaidatzeko aukera, eta "saihestu" egin zuten proposamena bazkide kooperatibista guztiei aurkeztea.

Lau hilabete beranduago, bai Oronak, bai Ulmak taldetik ateratzeko barne-bozketa egitea aztertzen ari zirela zabaldu zen hedabideetan, bazkideei eta langileei helarazitako mezuen edukia argitaratu zenean. Hala jakin zuten Mondragonen erabakiaren berri. "Mondragonek merezi zuen komunikazio ofizial bitartez jakitea, baina ez da halakorik izan", adierazi dute taldeko iturriek. Mondragonek, aldiz, harreman eredu berriko proposamenaren nondik norakoak taldeko kooperatiba guztiei bidali zien azaroaren 15eko kongresuaren aurretik, eta horrek Ulma eta Oronaren haserrea piztu zuen. Taldeari leporatu zioten erabakitzeko eskubidean “eskua sartzea" eta "presioa egitea", baita euren jarrera "erasokorra" ere. Geroztik tentsioak gora baino ez du egin.

Estrategia komunikatiboak

Mondragonetik, eta Ulma eta Oronatik aukeraturiko barne- eta kanpo-komunikazio estrategiak oso desberdinak izan dira. Lehenengoak apustua egin du, batetik, plataforma propioetan euren ikuspegia jasotzeko, adibidez, TULankideren bitartez albisteak eta elkarrizketak argitaratuz, eta hainbat kooperatibisten ikuspuntuarekin eginiko bideo bat zabalduz.

Bestetik, hainbat hedabideetara euren adierazpenak helarazi eta elkarrizketak egin dituzte. Leire Muguerza Batzorde Iraunkorreko presidentea eta Iñigo Ucin Kontseilu Orokorrekoa izan dira bozeramaile nagusiak. Aste honetan bertan, Muguerza Euskadi Irratian izan zen astelehenean, eta bart Ucin ETB2n. Mondragoneko iturriek EnpresaBIDEAri azaldu diotenez, "ahalegin berezia" egin nahi izan dute Oñatiko taldeko eta Hernaniko kooperatibako "kolektiboengana" iristeko eta taldean geratzea zergatik merezi dezakeen helarazteko, hori egiteko "ateak itxita" topatu dituztelako.

Mondragonetik, eta Ulma eta Oronatik aukeraturiko barne- eta kanpo-komunikazio estrategiak oso desberdinak izan dira

Ulma eta Oronak, berriz, bestelako estrategia erabili dute kanpora begira, eta Mondragoni leporatu diote "jendearen sentimenduak manipulatzea". Are gehiago, hedabideetan argitaraturiko informazioa izan da langileei, bazkideei eta gainontzeko kooperatibei helarazi zaizkien mezuak; barne-komunikazioko tresnak erabili dituzte. Oronaren kasuan, Oier Lizarazu presidenteak elkarrizketa eskaini zion El Correori euren ikuspuntua eskaini, eta defendatzeko "elkartasun eza" ez dela euren ezaugarria, eta proposamena egiteko erabakiak ez zuela horrekin zerikusirik.

Aterako balira, zer?

Mondragonetik adierazi dute euren nahia dela kooperatibak taldearen parte izaten jarrai dezaten, "etorkizuna elkarrekin hobea izango delakoan". Hala ere, erabakia "euren esku" dagoela uste dute kooperatiba taldetik. Mondragon "eurekin ondo joango dela, eta beraiek gabe ere" azpimarratu zuen Ucinek atzo ETB2n eginiko elkarrizketan. Hala ere, taldearen Industria Dibisioak parte handi bat galdu dezake, arestian aipatu bezala fakturazioetan eta langile kopuruan duten pisuagatik. Horrez gain, hausturak sinbolikoki ere esanahi garrantzitsua izan dezake, batez ere Mondragon delako Euskal Herriko enpresa talde handiena.

Mondragonekin mantendu dezaketen loturaz, Mondragonetik azaldu dute "taldeko kooperatiba izateari" utziko diotela, eta horrekin batera, esaterako, interkooperaziorako mekanismoen parte izateko gaitasuna galduko dutela, baita bestelako loturak ere. Ulmak eta Oronak euren bide propioari ekingo liokete, baita Mondragonek ere bereari, bi kide horiek gabe.

Mondragon "eurekin ondo joango dela, eta beraiek gabe ere" azpimarratu zuen Ucinek atzo ETB2n eginiko elkarrizketan

Ez lirateke ateratzen lehenak. Irizarrek eta Ampok Mondragon uztea erabaki zuten 2008an, baina formak oso bestelakoak izan direla adierazi dute taldetik. Bestelako kooperatibek ateratzeko izan dezaketen arriskuari lotuta, nabarmendu dute errealitatea dela "egoera honek gehiago elkartu gaituela kooperatibak eta ordezkariak".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK