Nafarroako mugetatik harago doan sagardotegi ibiltaria

Patxi Arangurenek 26 urte daramatza sagardoa garraiatzen edaria ekoizten ez duten lekuetara, Sidrería Móvil Patxi ekimenaren bidez

Patxi Aranguren eta bere seme-alaba, Igor eta Oihana, sagardotegi mugikorrean | Argazkia: Utzita Patxi Aranguren eta bere seme-alaba, Igor eta Oihana, sagardotegi mugikorrean | Argazkia: Utzita

Francisco Javier Patxi Aranguren duela 66 urte jaio zen Imarkoainen, Iruñea alboan. Lau hamarkadaz aritu da ostalaritza sektorean lanean. 36 urtez Kaioa Taberna kudeatu zuen, Barañainen, eta duela bost urte saldu zuen. Aldi berean, ostalaritza ibiltarian egin du lan, txokoak eta tabernak festetan alokatuz.

1998an sagardotegi ibiltariaren ideia otu zitzaion, inolako aurrekaririk ez zuena. Tuterara egindako bidaia batean, bere anaiak “lagun talde batekin Astigarragako sagardotegi batera zihoala” esan zion. Orduan, ostalaritza ibiltarian ibiltzen zela kontuan hartuta, jatetxe ibiltari bat egitea proposatu zion. “Hura izan zen sagardotegi ibiltariaren proiektuaren lehen inarra”, esan du Arangurenek. Horrela jaio zen Sidrería Móvil Patxi.

Ibilgailuaren egokitzapena

Arangurenen aitak, nekazal kooperatiba baten kidea izanik, “espazioa, makineria, soldadurak eta tailer txiki bat eskaini zizkion”, sagardotegi mugikorra sortu ahal izateko, eta prozesuan zehar “proba eta akats asko” egin zituela airtotu du.

Hain zuzen, lehen pausoa dekoratzea izan zen; hasieran su-eragilea zen material batekin egin zuen dekorazioa, eta horren ondorioz hura kendu eta aldatu behar izan zuen. Era berean, hasieran txuletak erretzen zitzaizkion, eta hori ere zuzendu behar zuen. “Erreformaz erreforma, ibilgailua funtzionatzea lortu genuen” adierazi du ostalariak.

Arangurenen aitak, nekazal kooperatiba baten kidea izanik, “espazioa, makineria, soldadurak eta tailer txiki bat eskaini zizkion”, sagardotegi mugikorra sortu ahal izateko

Urte osoan ibilgailua egokitzen ibili zen, “erregailuak prestatzen, karabana bat sukalde eta jatetxea bihurtzen eta abar”. 1999an, behin prest sentitu zela, “merkatura ateratzea” erabaki zuen. Gaur egun, guztira, hiru sagardotegi ibiltari erabiltzen ditu.

Sustapena

Arangurenen arabera, proiektua “publizitatean ia ezer ez gastatu gabe” martxan jarri ahal izan zuen. Horren ordez, “ahoz aho” bere burua aurkeztu izan du. Hala nola, sagardotegi ibiltariekin hasten ari zela, lagun batek, Urraulbeitiko alkatea zenak, hango herri batera, Tabar deiturikora, etortzera gonbidatu zuen. Esperientzia “oso ongi” atera zen: 95 pertsona inguruk parte hartu zuten, zonaldeko hainbat herritik etorritakoak.

Momentu horretan “hazi bat hozitzen hasi zen”, Arangurenen hitzetan. Azken finean, Tabarren elkartu zirenek sagardotegi ibiltariaren berria zabaldu zutenez, urte berean beste hiru herri berarekin kontaktuan jarri ziren.

Noainen “nabe edo biltegi txiki bat” dute non “gurdiak, karabanak eta sukaldeak” gordetzen dituzten. Mota guztietako ekitaldietara joaten dira: bazkari edo afari herrikoiak, ezkontzak, jaunartzeak, enpresa bazkariak eta abar.

Sin título

Sagardotegi ibiltaria | Argazkia: Utzita

Hedapen geografikoa

Behin Aranguren Errioxako hotel batera joan zen, eta sagardotegi ibilgailua bertan aparkatu zuen. Horrek hotelaren jabearen arreta piztu zuen, eta sagardotegiari buruz galdetzen hasi zen, Arangurenek zer zen azaldu ziolarik. Hilabete gerora, pertsona berak deitu zion, Errioxako herri batean ospatuko zen ekitaldi baten parte hartzea proposatuz. Tabarren gertatu zenaren antzera, “oso ongi joan zen, hainbat jende etorri zen eta horietako askok sagardotegi ibiltariaren berri zabaldu zuten”.

Sidrería Móvil Patxi batez ere Nafarroako erdialde eta hegoaldean, Araban, Errioxan, Huescan, Burgosen eta Sorian ibili da. Arangurenek esan duen bezala, “toki hauek guztiek amankomunean dutena sagardo ekoizleak ez direla da”. Aldiz, Foru Erkidegoko iparraldean eta Gipuzkoan ez du hainbeste lan egiten, “han jadanik nahiko sagardoa dago eta; herri bakoitzean bizpahiru sagardotegi daude”.

Nafarroa iparraldean eta Gipuzkoan ez du hainbeste lan egiten, “han jadanik nahiko sagardoa dago eta; herri bakoitzean bizpahiru sagardotegi daude”

Hasiera batean, berak erabakitzen zue sagardotegi ibiltariarekin zer herritara zihoan. Baina azkenaldian, bere bi seme-alabek, Igorrek eta Oihanak, lagundu izan diote erabakia hartzen. "Zenbaitetan, toki batzuetara nerekin etortzea eskatzen diet, baina ezin dira etorri denbora faltagatik”, adierazi du.

Katalunia, Madril eta beste toki batzuetatik eskaintzak ere jaso dituzte, baina ez dute hain urrunera joateko asmorik, “konplikatuegia delako”. “Oso ongi gaude markatu dugun perimetroan”, kontatu du Arangurenek. Horren ordez, jadanik lan egiten duten esparruan “aldi berean ahalik eta herri gehienetan” jarduten saiatzen dira.

Konpetentzia

Arangurenek sagardotegi ibiltariekin 15 urte zeramazkiela, antzeko ekimenak sortzen hasi ziren. Haiek prezio baxuagoarekin eskaintzen zuten sagardotegi menua. Hala ere, iniziatiba hauek ez dira Sidrería Móvil Patxi bezain arrakastatsuak izan. Arangurenen ustez, hori gertatu da “berriagoak direlako eta ez zeudelako ongi prestatuta; beraz, ez zuten lana hain ongi egiten”.

Haien menu osoa, sagardotegi batean tipikoa dena, bertan prestatzen dute bazkaldu edo afaltzeko unean, eta ezer ez da aurretik prestatuta iristen. Txingarrean eta plantxan espezializatzen dira, eta menuaren barruan entsalada, txorizoak sagardotan, bakailao tortilla, txuleta, legatza, gazta, irasagarra, intxaurrak, kafea eta kupelako sagardoa eskaintzen dute.

Etorkizunerako planak

Aranguren jubilatuta dago eta bere seme-alabak gero eta murgildutagoa daude sagardotegi ibiltariaren kudeaketan. Beren aitaren hitzetan, "ibilgailuaren mantenimenduaren arloan oraindik esperientzia pixka bat falta zaie"; beraz, Aranguren oraindik da kontu horiek kudeatzen dituena gehienbat. Dena den, herrietan lan egitean bera baino hobeto jarduten dutela uste du, gazteago izateagatik “pazientzia gehiago” dute eta. Proiektuarekin jarraitzeko asmoa dute, “oso pozik daude” eta “oso ongi lan egiten dute”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK