Material organikoen bidez energia sortzeaz arduratzen da Naparpellet, hau da, natura baliatzen du erregaia sortzeko, biomasa, hain zuzen. Euren produktu nagusia egurrezko pelletak dira, baina ezpalak eta briketak ere ekoizten dituzte, besteak beste. Etxarri-Aranatzen dute fabrika, Cerámica Utzubarren instalazioetan. Azken honen semea dela esan daiteke Naparpellet. Izan ere, bere jatorria zeramikaren sektorean du. Alfredo Martinez da, egun, enpresako zuzendari komertziala, eta bere hitzetan, “Naparpellet Cerámica Utzubarrek berrikuntzaren alde egindako apustuaren ondorioa da. 2009an, zeramikaren industriaren krisiari aurre egiteko, gasezko labe erregailuak beste erregai ekologiko batez ordezkatzea erabaki genuen, eta fabrikako labe gehienen ordez, zerrautsezkoak jarri ziren. Horrela, tenperatu apaleko lehortegi bat muntatu genuen, argindarra eta beroa sortzen zuen kogenerazio ekipo batekin”.
Kogenerazioak sortutako beroaren bidez lehortzen zuten eskuratutako errauts hezea. “Lehengai lehorrak genituela ikusita eta adreiluaren merkatuaren gainbeheraz jabetuta, biomasa eta pelleten inguruan ikertzen hasi ginen”, azaldu du Martinezek. “Merkatu interesgarria iruditu zitzaigun, eta 4.000-8.000 tona urteko gaitasuna zuen planta eraiki genuen. Hala atera ginen merkatura 2011ean, ENPlusA1 zigiluarekin”, gaineratu du.
4.000 tona urteko ekoizten zuen planta batetik, egun 60.000 tona urteko ekoizteko gaitasuna duen plantara pasa dira hamar urte eskasean.
Merkatua interesgarria iruditu zitzaien hasiera-hasieratik, eta harrezkeroztik gaur arte izandako bilakaerak erakusten du bete-betean asmatu zutela. 4.000 tona urteko ekoizten zuen planta batetik, egun, 60.000 tona urteko ekoizteko gaitasuna duen plantara pasa dira hamar urte eskasean. “Bilakaera izugarria izan da”, aitortu du zuzendari komertzialak. “Hazkunde honek sekulako esfortzua eskatu du, ez bakarrik inbertsio, planifikazio eta egitura komertzial aldetik, baita produktuaren kalitatea mantendu ahal izateko ere. Azken finean, hamar urtean, hamar aldiz handitu da gure ekoizpen gaitasuna”, gehitu du.
Kalitate goreneko produktua Europa mailan
Enpresa banatzaile profesionalei soilik saltzen dizkie produktuak Naparpelletek. Bezero gehienak Frantziatik datoz, baina Espainian, Alemanian, Italian eta Luxenburgon ere saltzen dute biomasa. Martinezen arabera, euren indargune nagusietako bat produktuaren kalitatea da. “ENPlusA1 eta DINPlus ziurtagiriak dituen Europa hegoaldeko lehen planta dugu. Nabarmen gainditzen ditugu ziurtagiri horien baldintza minimoak. Europa osoan galdarak eta berogailuak egiten dituzten hogei bat fabrikatzailek gomendatzen gaituzte”, dio.
Horrez gain, enpresak badu merkatuko beste taldeengandik bereizten duen beste ezaugarri bat: euren politika komertziala. “Ez dugu ez bitartekariekin, ez biltegi handiekin, ez zentro komertzialekin lanik egiten; banatzaile profesionalekin soilik. Modu horretan, merkataritza eremu esklusibo bat bermatu diegu hauei, eta euren leialtasuna dugu proiektuaren garapenean elkarrekin hazten joateko”, adierazi du Martinezek.
Egurrezko pelleta da enpresaren produktu nagusia, baina 2013tik ezpalak ere ekoizten eta banatzen dituzte. Halaber, euren produktuak garraiatu eta banatzeko ibilgailu propioak ere baditu enpresak.
On Kixote haize erroten aurka bezala
“Biomasak abantaila ugari ditu”, azaldu du Martinezek. “Energia berriztagarria da. Zuhaitzak erretzen ari direnean, emititzen dutena baino askoz CO2 gehiago xurgatzen dute euren bizitza osoan zehar”, adierazi du. Suteak ekiditeko, basoen garbiketa eta zainketa bultzatzen du. Gainera, egurraren sektoreko enpresentzat errautsa hondakin izatetik azpiproduktu bilakatzera pasa da biomasari esker. “Lehen enpresa hauek ez zekiten zer egin fabrikan sortutako errautsarekin. Orain enpresa guztiek errautsa saltzen dute, eta guk erosi egiten dugu. Duela 10 urte doan zen, garraioa bakarrik ordaintzen genuen. Egun, ordea, tonako 40-50 euro ordaintzen dugu. Horri esker, aberastasuna sortzen duzu hornikuntza kate osoan. Dirua aurreztu, ingurumena eta basoak zaindu eta ingurunean aberastasuna sortzen duen energia alternatibo bat da biomasa”, gaineratu du.
Alfredo Martinez: “Biomasaren aldeko apustua egingo balitz, independentzia energetikoa lortu eta biztanleria landa eremuetan finkatu genezake”
Aipatutako onurak izanagatik ere, sektorearen etorkizunari buruz kezkatuta dagoela dio zuzendari komertzialak. “Garatzen ari den politika energetikoak larritzen gaitu, energia kostuen ezegonkortasunak bereziki. Egoera horretan proiektu eta inbertsioa berriak abiatzea zaila da.” Nahiz eta Espainiar estatuan babes gutxi jaso, pelletaren merkatuak garatzen jarraituko duela iritzi dio. “Espainiak Europako hirugarren baso azalera handiena du, baina ez da hori aprobetxatzen ari. Biomasaren aldeko benetako apustua egingo balitz, independentzia energetikoa lortu, biztanleria landa eremuetan finkatu, ingurumen aberatsago bat izan eta erregai fosilekin alderatuta, kostu ekonomiko gutxiagoko energia izango lukete”.
Beraz, hazten jarraitzeko potentzial handia du sektoreak, baina “hemen lobby energetikoen eraginagatik edota sektorearekiko ezjakintasunagatik ez da behar bezala lan egiten, ezta sektorea babesten ere. Europarekin alderatuz, atzean geratu gara. Frantzia eta Italian, adibidez, debekatuta dago jada gas edo gasolio galdarak instalatzea”, nabarmendu du Martinezek.
Sektorean ari direnek “egiten ari diren lanean benetan sinesten dutela”, eta planeta zaintzeko eta ingurumena babesteko ekarpena egiten ari direla dio. Dena den, biomasaren sektorearekiko ezagutza eta babes faltak euren jarduera “gogorra” egiten duela onartu du. “On kixote haize erroten aurka borrokan bezala sentitzen gara gu”, bukatu du.