Nor da nor Mondragon taldearen arlo industrialean

Pello Rodriguezen izendapenak aldaketak ekarri ditu Mondragonen industria arloko dibisioetan. 5.000 milioi euroko salmenten langa gainditu du arloak 2023an

Goian, ezker-eskuin: Pello Rodríguez, Nerea Aranguren, Rafa Lizarralde, Iñigo Laskurain. Behean, orden berean: Edorta Herce, Mari Jose Pagalday, Javier Amezaga, Adolfo Plaza. Goian, ezker-eskuin: Pello Rodríguez, Nerea Aranguren, Rafa Lizarralde, Iñigo Laskurain. Behean, orden berean: Edorta Herce, Mari Jose Pagalday, Javier Amezaga, Adolfo Plaza.

2023ko abenduaren 4an iragarri zen Pello Rodriguez izango zela Mondragonen presidente berri. Rodriguez Mondragoneko lehendakariordea zen orduan, eta Makina-erreminta eta Automatizazioa dibisioetako zuzendari. Mugimenduak talde kooperatiboko dibisio eta kooperatibetan izendapen olatua ekarri du atzetik 2024 urte honetan, gehienak industria arlokoak.

2023ko ariketan, Mondragoneko kooperatibek 11.056 euroko salmentak lortu zituen, eta 70.500 langile ari dira bertan egun lanean. Etapa berriak 2025-2028 politika sozioenpresarialaren inplementazioa dakar, uztailean egindako kongresuan onarturikoa. Rodriguezek dioenez, politika sozioenpresarial horrek aterki bat izan behar du dibisioetan eta kooperatibetan egiten den horretarako. Lau ardatz ditu: konpromisoa eta identitate kooperatiboari eustea eta bultzada ematea, egun dituzten negozioak zein etorkizuna duten negozioetan aukera berriak sustatzea, bestelako entitateekin lankidetza egitea eta taldeko kooperatiben inpaktu soziala nabarmentzea, eta elkarren arteko lankidetza indartzea —betiere aintzat hartuta kooperatiba bakoitzak mantentzen duen independentzia—.

Testuinguru horretan, zein izendapen ekarri ditu Rodriguez lehendakari bilakatu izanak? Nor da nor? Zein profil dute? Eta zein erronka? Ezer baino lehen, azalpentxo bat: Mondragoneko dibisioetako zuzendari nagusi guztiak dira lehendakariorde, baina denak ez dira Kongresu Kooperatiboaren Batzorde Iraunkorraren parte. Hori argituta, azter ditzagun.

Makina-erreminta eta automatizazioa: Nerea Aranguren Achotegui

Nerea Aranguren | Argazkia: Danobatgroup
Nerea Aranguren | Argazkia: Danobatgroup

Rodriguezek utzitako Makina-erreminta eta Automatizazioa dibisioetako zuzendaritza Nerea Aranguren Achoteguik (Donostia,1973) hartu du, eta horrekin batera lehendakariordetza. Otsailean egin zen ofizial Arangurenen izendapena, eta kargu hartzea abuztuaren 1ean gauzatu zuen.

Ingeniari Industriala Nafarroako Unibertsitatean, antolaketa espezialitatean, Berrikuntza Estrategikoan doktoretza du. 2016tik Ideko zentro teknologikoko zuzendari nagusi izan da —aurretik bertako ikertzaile eta departamentu buru—, eta Danobatgroupeko Berrikuntza zuzendaritzarekin uztartu du. CFAA aeronautikako fabrikazio aurreratuko zentroko enpresa elkartearen eta Savvy enpresaren presidente ere bada, eta BAIC adimen artifizialeko zentroaren presidenteorde.

Makina-erreminta dibisioak (Danobatgroup bezala ezaguna), eta Automatizazio Industrial dibisioak (MIA bezala ezaguna) osatzen dute Mondragonen Ekipamendu-Ondasunen dibisio osoa. Makina-erremintako dibisioa edo Danobatgroupen parte dira Danobat, Soraluce eta Goimek kooperatibak, eta Ideko zentro teknologikoak. 2023an 337 mililioi euroko fakturazioa izan zuten, eta 1.400 langilek aritzen dira bertan (Edity, Savvy eta Novak ere hartuta). MIA automatizazio industrialekoak, berriz, Fagor Arrasate, Fagor Automation eta Mondragon Assembly ditu barnean, hiruak Fagor taldeko kide direnak aldi berean.

Arangurenen izendapenak ekarri du, halaber, Idekon zuzendari nagusi eta Danobatgroupeko Berrikuntza zuzendari berri bat izendatzeko beharra. Hautatua ordura arteko Ikerketa eta Negozio zuzendaria izan da, Rafa Lizarralde.

 

rafa lizarralde 5
Rafa Lizarralde | Argazkia: Maialen Andrés/Foku

Lizarralde azaroan elkarrizketatu zuen EnpresaBIDEAk, eta ziurgabetasunak eta Alemaniako egoerak sortzen duen kezka atzera utzi gabe, eurentzat erronka nagusiak beste ildo batetik doazela uste du zuzendari nagusiak. Batetik, nola eutsi baliozko ekarpen teknologikoa egiten garai honetan ere enpresek beharko dituzten berrikuntza erronkei. Bestetik, talentua, erakartzea.

Automozioa: Iñigo Laskurain Pagaegi

inigo laskurain
Iñigo Laskurain | Argazkia: Mondragon

Mondragoneko lehendakariorde izendatu dute, halaber, Iñigo Laskurain Pagaegi (Eibar, Gipuzkoa, 1968), baita Automozio dibisioko zuzendari nagusi ere. Izendapena uztailaren 5ean jakin zen, eta joan den hilabetean hasi zen Laskurain postu berrian.

Aranguren bezala, Nafarroako Unibertsitatean Industria Ingeniaritza ikasi zuen, eta antolakuntzan espezializatu zen. Halaber, Otalora prestakuntza zentroan aritu zen1996an Enpresa Kudeaketako graduondoko formakuntza egiten. Tekniker zentro teknologikotik, AFFtik eta LKStik igaro ostean, 1997an hasi zen Cikautxon (Berriatua, Bizkaia) lanean, eta 2013an zuzendari izendatu zuten, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Errumania, Espainia (Zaragoza), Mexiko eta Indiako plantak gidatuta.

Automozio dibisioa industria arloko dibisio handienetakoa da. Hiru lerro barnebiltzen ditu. Lehena, Chassis Power Train da, eta Ecenarro, Edertek, Fagor Ederlan, Tafalla Iron Foundry eta Mapsa enpresek osatzen dute. Bigarrenak CM du izena, horren parte diren kooperatiben siglek ematen diotena, Cikautxo eta Maier. CMren parte dira, halaber, euren I+G zentroak, Cikatek eta MTC, hurrenez hurren. Azkena, Tresneria eta Sistemak lerroa da, Aurrenak, Batz, Batz Zamudio, Loramendi, Matrici eta MB Sistemak kooperatibekin. Denera 12.000 langile ditu Automozio dibisioak.

Osagaiak: Edorta Herce Susperregui

 

edorta herce mondragon
Edorta Herce | Argazkia: Mondragon

Urtea hasi berritan jakin zen nork hartuko zuen ordura arte Javier Oleagak izandako Osagaien dibisioko kargua. Batzorde Iraunkorraren apustua Edorta Herce Susperreguiren (Errenteria, Gipuzkoa, 1972) aldekoa izan zen, eta martxoaren 1etik darama postuan.

Aurreko biak bezala, Ingeniaritza Industriala egin zuen Hercek. 2021etik Ategiko zuzendari nagusi da, erosketak kudeatzeko zerbitzuetan espezializaturiko kooperatibakoa, baina 20 urte baino gehiago daramatza taldean lanean. Osagaien dibisioko linea zuriko negozioaren zuzendari ere izandakoa da. Aurretik Tajo kooperatiban aritu zen, Automozioko arduradun lehenik (2002-2008) eta 2008tik 2019ra bitarte zuzendari lanetan.

Osagaien dibisioaren parte dira CS Stirling, Copreci, Eika, Embega, Fagor Elektronika, Erreka, Orkli eta Tajo kooperatibak, denera 4.200 langile baino gehiagorekin. Dibisioko kooperatiba guztien artean 700 milioi euro inguruko salmentak eduki zituzten 2023an.

Ekipamendua: Javier Amezaga Salazar

Javier Amezaga | Argazkia: Mondragon
Javier Amezaga | Argazkia: Mondragon

Ekipamendu dibisioko zuzendaritzan ere aldaketak izan dira, azaro hasieran iragarritakoak. Zortzi urte egin ditu bertan zuzendari Juan Angel Garciak, eta haren lekukoa Javier Amezaga Salazarrek (Barakaldo, Bizkaia, 1967) hartuko du, horri dagokion lehendakariordetzarekin batera. Arestian aipatu bezala, 2025eko otsailean helduko dio erronkari.

Industria ingeniaria Euskal Herriko Unibertsitatean, hiru master egin ditu, zehazki, logistika integralean, enpresa kooperatiboetan eta MBA Executive bat. Eroskiri loturik garatu du bere ibilbide profesionalaren zati handi bat, tartean Logistika zuzendari, eta Caprabo zein Eroski Taldeen zuzendari nagusi gisa. Kargu berriari heldu bitartean, Eroski Taldearen zuzendari korporatiboa Amezaga, eta erakundearen hiru filial nagusienetako administrazio kontseiluen presidente ere dihardu. Aipatzekoa da 2015etik Mondragon korporazioko Batzorde Iraunkorreko kidea dela. Halaber, Erkop Taldearen koordinatzaile ere bada, Ausolan, Barrenetxe, Behi Alde eta Miba kooperatibak barnebiltzen dituena.

Ekipamenduen dibisioak 1.500 pertsonari ematen die lan, eta 700 milioi baino gehiagoko salmenta-bolumena izan zuen iaz, %83 nazioartean. Dibisioko kooperatibak dira Dikar, Ederfil-Becker, Eredu, Gerodan, Hertell, Mccgraphics, Oiarso, Orbea, Osatu eta Urola.

Ingeniaritza eta zerbitzuak: Mari Jose Pagalday Aguiriano

marijo pagalday mondragon
Mari Jose Pagalday | Argazkia: Mondragon

Mari Jose Pagalday Aguirianoren (Eskoriatza, Gipuzkoa) izendapena ez da Rodriguezen izendapen ostean iritsi, 2023ko martxoan baizik, baina zerrendan egotea garrantzitsutzat jo da, MISE Ingeniaritza eta Zerbitzu dibisioaren ardura baitu. Pagaldayk Alberto Gorroñogoitia ordezkatu zuen karguan.

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua Mondragon Unibertsitatean, dibisioko ardura hartu aurretik Alecop kooperatibako eta MEI Mondragonen nazioarteko hezkuntzako zuzendari nagusia izan da, nazioartean goi-mailako hezkuntza erakundeak sustatu eta kudeatzeko helburua duena. Haren lidergopean garatu zen, besteak beste, Mondragon Mexico unibertsitatea. Pagalday izan da Mondragonen industria arloko dibisio bateko lehendakariordetza exekutibora iritsi den lehen emakumea.

MISE dibisioa industria alorrean integratua dago, eta egun Abantail, Galbaian, GSR, Isea, LKS Next, Krean, Mondragon Lingua-Alecop, MSI, Ondoan eta Sareteknika kooperatibak dira horren parte.

Ikerlanen lekukoa Adolfo Plazak

Adolfo Plaza, Ikerlaneko lehendakari berria | Argazkia: Ikerlan
Adolfo Plaza, Ikerlaneko lehendakari berria | Argazkia: Ikerlan

Dibisioez harago, bada 2024an gertaturiko beste aldaketa esanguratsua. Jose Miguel Lazkanotegi Oronako Berrikuntza Teknologikoko zuzendari korporatiboaren agintaldia amaituta, haren lekua hartu du Adolfo Plaza Izaguirrek zentro teknologikoaren lehen harria jarri zenetik 50 urte betetzen diren 2024 honetan. Iaztik Laboral Kutxako presidente ere bada Plaza, beraz, bi kooperatibetako lehendakari lanak uztartzen ditu egun.

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da, eta Zuzendaritza aurreratuko masterra du Deustuko Unibertsitatean. Deloitten aritu ostean, Ipar Kutxara egin zuen aldaketa auditore izateko, 2013an fusioa gertatu zen arte. Geroztik, Laboral Kutxan aritu da hainbat kargutan, besteak beste zuzendari.

Eta zein erronka dituzte?

Zenbait kasutan, dibisioen sektore antzekoagoak barnebiltzen dituztela ikus daiteke, Makina-erremintakoan edo Automoziokoan, esaterako. Beste zenbaitetan, baina, sektore anitzeko enpresak dira. Adibide bat jartzearren, dibisio beraren parte dira Krean eta Mondragón Lingua-Alecop, eta lehenengoa eraikuntzari loturiko ingeniaritza eta arkitektura kooperatiba den bitartean, bigarrenak formakuntzak egiteko ekipamendu didaktikoak egiten ditu. Horrek konplexu bihurtzen du dibisio bakoitzak aurre egin beharrekoei banan-banan heltzea.

Badira, ordea, partekatzen dituzten zenbait erronka. Alemaniako merkatuaren bilakaerak izan ditzakeen ondorioak, bai Makina-erremintako, bai Automatizazio Industrialeko eta bai Automozioko sektoreei eragin diezaieke. Azaroan, Alemaniako industriako PMI indizea 43 puntuan kokatu zen. Alegia, uzkurtze puntuan jarraitzen du, eta datua otsaila eta apirila bitartekoa baino hobea bada, ere, apur bat behera egin du ekaina eta uztailetik. Datu horrek lotura izan dezake makina-erremintaren sektoreak urtea apur bat "motel" hasi izanarekin, eskaera sarrerak %4 egin baitzuen behera, 2023a 2.157 milioi euroko fakturazioa eta 260 milioi euroko esporazioekin itxi ostean, AFM klusterraren zifren arabera. Bigarren seihilekorako espektatiba hobeak zituzten. Datu ofizialak itxaron beharko dira joera baieztatzen den edo ez ikusteko, baina edozein kasutan eskaera horien beherakada 2025eko zifretan antzemango litzateke, ez 2024koan.

AEB ere esportazioen jomuga da Automozioko (Eika, kasu) edota Ekipamenduen dibisiokoko (Orbea, esaterako) zenbait enpresentzat. Filialik ez duten enpresentzat —Fagor Ederlan edo Danobatgroup adibidez—, Trumpek muga-zergen politika abiarazteak kalte egin dakieke, are gehiago ekoizpen plantak Mexikon ere dituztenen kasuan, %25era bitarteko muga-zergak ezartzeko helburuari eutsi nahi baitio.

Oreka, baina, Txinako merkatuak ekar dezake. Danobatgroupek, adibidez, 30 urtetik gora daramatza Asiako merkatuan, eta 2022an 55 milioi euroko eskaerak lortu zituen Asiako erraldoian. 2023an bikaintasun zentroa ere zabaldu zuen Shanghain, apustua indartu asmoz.

Talentuaren erronkari dagokionez, "migrazioaren txertaketa" gakotzat jotzen zuen Pello Rodriguezek, migrazioa gertatu egingo delako, eta talentu falta errealitate delako.

Beste erronka adimen artifizialaren eskutik dator. Euskal industrian bi hamarkada daramatza AAk —Ikerlanek, esaterako, hasiera-hasieratik egin du lan AAren esparruan—, baina adimen artifizial sortzaileak orain arteko bilakaera areagotu dezake. Nola txertatu formakuntza plataformen garapenean edo pertsonen hautaketa prozesuetan, edo Galbaiani jabetza industrialaren kontuaren uztartzea da beste erronka garrantzitsua.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK