Oftalmologian fokua jarriz

AJL Ophthalmic enpresa arabarra albaitaritzaren mundura zabaltzen ari da bere merkatua

Argazkia: AJL Ophthalmic Argazkia: AJL Ophthalmic

Duela 30 urte, Areetan (Bizkaia) jaio zen AJL Ophthalmic, AEBtik inportatutako osasun-produktu oftalmologikoak —begien osasunarekin zerikusia zutenak— Espainian banatzeko. Lortutako arrakastaren ondorioz, 1998an enpresa Arabako Miñaoko Parke Teknologikora lekualdatu zen, eta bertan hasi zen produktuak eta inplanteak egiten. Horretarako, 2006an hasi zuen lehiakortasun globala hobetzeko eta produktuen esportazioak indartzeko plana, produktu berriak garatu eta ikertzeko apustu gisa, eta 2010ean AJL Ophthalmic enpresak instalazio berriak inauguratu zituen, hauek ere Arabako Parke Teknologikoan, 3000m2ko azalera duen bi solairuko eraikin batekin. Eraikin horretan laborategi guztiak daude, ISO 7 eta ISO 6 klaseko gela garbiak, etileno eta lurrun oxidoa duten esterilizazio-ganberekin, produktuen ekoizpen guztia solairu horretan egiten baita. Eguzki-panelak ere baditu eraikinaren goiko partean. Kontsumitzen den energiaren zati bat berriztagarria izatea ahalbidetzen dute.

Egun, AJL Ophthalmic enpresak merkaturatzen dituen produktu gehienak berak ekoizitakoak dira. Zehazki, fakturazioaren % 51 dira. Fakturazioaren beste zatia hirugarrenen tresneria kirurgikoa banatzetik dator, alegia, kirurgia oftalmologikorako ekipo medikuak eta osagarriak. AJL Ophthalmicen produktuen artean daude, besteak beste, begi barneko lenteak, glaukomaren tratamendu kirurgikorako inplanteak, keratokonorako estroma-barneko eraztunak eta iris-hedagailuak.

Argazkia: AJL Ophthalmic

AJL Ophthalmicen egoitza, Miñaon | Argazkia: AJL Ophthalmic

Beste merkatu batzuetara saltoa

2013an, euskal enpresak Addition Technology INC (ATI) konpainia estatubatuarra erosi zuen. Enpresa horrek FDA AEBeko agentzia federalaren onespena zuen keratokonoaren tratamendurako kornea-barneko eraztunak merkaturatzeko. Era berean, Ferrara e Hijos S.L. brasildarren integrazioak esponentzialki bultzatu zituen konpainiaren esportazioak: 2010ean % 5 besterik ez baziren ere, gaur egun fakturazioaren ia % 30 dira. Pedro José Salazar Salegui AJL Ophthalmic enpresako zuzendari nagusi eta presidentearen hitzetan, hamarkada honen amaierarako esportazioak fakturazioaren % 50 baino gehiago izatea espero dute. Egun, 71 herrialdeetan du presentzia enpresak.

Esportazioak 2010ean % 5 besterik ez baziren ere, gaur egun fakturazioaren ia % 30 dira

AJL Ophthalmic hasieratik saiatu da merkatu eta negozio-lerro berrietara irekitzen. Esaterako, aire bideetarako arloari lotua, 2007an laringoskopio optiko baten eta intubazio-kanula baten diseinuarekin hasi zen. Une hartan merkatuak premiaz eskatzen zituen produktuak ziren. Izan ere, lehenengoak ahalbidetzen du laringea eta ahots kordak ikusi ahal izatea, besteak beste intubazioa nondik jo errazteko; bigarrena, berriz, intubazioa egiteko kanula bera da, batez ere fibroskopioa izeneko tresna baten laguntzaz jarri behar dena.

Enpresaren azkeneko apustua albaitaritzaren aldekoa izan da, txakurrentzako eta katuentzako produktu oftalmologikoak diseinatu eta sortzeko lerroarekin. Alor konplexua izanik ere, merkatu hori indartsu ari da hazten azken urteotan. Horretan eragina du, besteak beste, etxeko animalien negozioaren gorakada orokorrak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK