Operadore handien gehiegikeriak eta sare libreak

Telekomunikazio enpresetan oligopolioa geroz eta nabarmenagoa da. Horren aurrean, burujabetza digitalak eta zehazki, sare libreek, ezinbesteko egitekoa dute

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Telekomunikazioen sektorea erraldoi teknologiko gutxi batzuen esku dago. Edo beste modu batera esanda, telekomunikazioen sektorean oligopolio egoera argia dago. Espainiar zein frantziar estatuetan, hiruzpalau enpresaren artean banatzen dituzten merkatuko bezeroen %90 baino gehiago. Konkretuki, espainiar estatuan, Orange eta MásMóvilen arteko fusioaz geroztik, hiru enpresaren artean banatzen dute merkatuaren %90 eta frantziar estatuari dagokionez, lau enpresa handiren artean.

Izan ere, baten batek orain dela 150 urte iragarri gisa, lehia kapitalistak monopoliorantz jotzen du. Horrela, enpresa handiek txikiak jaten dituzte lehia deuseztatzeko, edota haien arteko akordio eta fusioak adosten dituzte, merkatuaren kontrola geroz eta esku gutxiagotan kontzentratuz.

Operadore handiek, baina, hainbat motatako amarru eta trikimailuak darabiltzate merkatuaren menperatze eta oligopolio egoera hori ezkutatzeko. Esate baterako, atzean enpresa bera dagoen arren, marka ezberdinak darabiltzate, aniztasun itxura eman nahian.

Baina… nor da nor?

Espainiar estatuan, adibidez, hiru enpresa handienek 20 marka komertzialetik gora merkaturatzen dituzte. Aldiz, marka horien guztien atzean jabe berberak badaude. Orduan, zertarako hainbeste marka?

Bada, marketina, lehia itxura eman nahia, zerbitzu berbera prezio ezberdinetan eskaini ahal izatea, modak, joerak… Operadoreek ondo dakite jendartea anitza dela, eta zaila dela hainbat publikorengana eraginkortasun berarekin heltzea.

Espainiar estatuan, adibidez, hiru enpresa handienek 20 marka komertzialetik gora merkaturatzen dituzte

Adibidez, publiko gazteari prezio baxuak eta mezu bihurriak saltzen dizkiote. Adinekoei, berriz, gehiago ordaindu beharra, baina bizitza erraztea. Merkatuaz "kokoteraino" dauden bezeroei, azkenik, praktika onak eta zintzotasuna eskaintzen dizkiete.

Baina, itxaron… nola praktika onak?

OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkartearen arabera, telekomunikazioen sektorea izan ohi da salaketa gehien jasotzen duen sektorea, enpresa handien iluntasun eta praktika txarren ondorioz. 2024ko lehen hiruhilekoan, esaterako, Vodafone izan da kexa gehien pilatu dituen espainiar estatuko enpresa, sektore guztiak aintzat hartuta. Bada, horren aurrean, marka komertzial batzuek marketin-produktu berria sortu zuten: praktika onak! Alegia, ez dizute edozein ordutan telefonoz deitzen produktuak modu erasotzailean saltzeko, ez zaituzte telefonoan denbora luzez zain edukitzen intzidentzia bat duzunean, bezero guztiei prezio berdinak jartzen dizkiete, ez dituzte prezioak abisatu gabe igotzen, bajan ematea errazagoa izan ohi da, eta abar.

Baina orduan, printzipioak badituztela saldu nahi badute, zergatik ez dituzte printzipio horiek aplikatzen marka guztietan?

Badago marken merkaturatzerako beste elementu esanguratsu bat: Eusko Labela. Baina hemengoak direla aldarrikatzen duten bi marka ezagun, haatik, MásMóvil enpresaren jabetzakoak dira

Horrez gain, gurera etorrita, badago marken merkaturatzerako beste elementu esanguratsu bat: Eusko Labela. Baina hemengoak direla aldarrikatzen duten bi marka ezagun, haatik, MásMóvil enpresaren jabetzakoak dira. Eta  MásMóvilen egoitza Madrilen badago, zuzendaria austriarra bada, eta enpresaren kapital gehiena funts ingeles edo estatubatuarrena baldin bada, zerk egiten ditu “hemengo”? Eta non hartzen dira erabakiak?

Errentagarritasuna ezeren gainetik

Bestalde, oligopoliopean baliabideei ematen zaien erabilera dago: zonalde errentagarrietan, hiruzpalau sare paralelo eta independente eratzen dira, eta errentagarritasun gutxiagoko zonaldeetan, aldiz, ezer ez. Horrelako gauzak gertatzen dira telekomunikazioak eskubide gisa ulertu beharrean, negozio gisa ulertzen direnean.

Ez litzateke eraginkorragoa, merkeagoa, eta ekologikoagoa izango enpresa bakar batek (edo erakunde publikoek) sare guztiak hedatzeko ardura edukitzea, eta beste operadore guztiak azpiegitura horretara konektatzea? Gasaren kasuan eta sare elektrikoaren kasuan, gutxi gorabehera horrela funtzionatzen dugu. Baita errepideekin ere. Beraz, zergatik gure errepide digitalekin ez?

Ez litzateke eraginkorragoa, merkeagoa, eta ekologikoagoa izango enpresa bakar batek (edo erakunde publikoek) sare guztiak hedatzeko ardura edukitzea, eta beste operadore guztiak azpiegitura horretara konektatzea?

Eta hori gutxi balitz, multinazional handi horiek argi erakusten dute langileen ongizatea ez dagoela haien lehentasunen artean. Berriki entzun dugu MasOrange erraldoi berriaren fusioaren ondotik 795 langileren kaleratzea iragarri dutela. Zegona funts britainiarrak Vodafone España erosi zuenetik ere, ia 1.200 pertsona kaleratzeko espedientea aurkeztu zuten, langileen %36, nahiz eta sindikatuekin negoziatu ondoren, kaleratzeen-zifra 898 pertsonan uztea adostu duten. Bi kasuetan, fusio eta erosketa eragiketak gobernuak onartu zituen, enpresariek enplegurik suntsituko ez zutela agindu ostean. Aitzitik, ez dute haien hitza bete.

Irtenbideak: sare libreak

Horren aurrean, burujabetza digitalaren alde eta arrakala digitalaren kontra lanean ari gara EH KOM kooperatiba bezalako egitasmoak —Oñatin, Hernanin, Zaratamon… eta aurki Lea-Artibain edota Bortzirietan—. Eta irtenbidea argi daukagu: sare libreak, irekiak eta neutralak eratzea. Irekiak dira, mundu guztiari parte hartzeko aukera ematen zaiolako, bazterkeriarik gabe, eta uneoro eskuragarri dagoelako sarearen funtzionamenduaren eta osagaien inguruko informazioa. Libreak dira, edonork hobetu edo hedatu ditzakeelako, eta neutralak dira, ez daudelako edukiei edota erabilitako teknologiei lotuta edo hauengatik baldintzatuta.

Sare partekatuak dira nahi ditugunak, eta ahal dela, gobernantza-eredu publiko-komunitario-kooperatibo baten bidez kudeatuak, non sarearen gaineko erabakiak hiru erpinetako eragileek hartuko dituzten

Alegia, sare partekatuak dira nahi ditugunak, eta ahal dela, gobernantza-eredu publiko-komunitario-kooperatibo baten bidez kudeatuak, non sarearen gaineko erabakiak hiru erpinetako eragileek hartuko dituzten: herritarrek edo gizarte zibil antolatuak, erakunde publikoek, eta tokiko ehun sozioekonomiko konprometituak. Ehun sozioekonomiko horretan sartuko lirateke operadore lokalak (gertukoak, euskaldunak, irabazi asmorik gabekoak, kooperatiboak), baina baita irrati edo telebista lokalak, eta tokiko hedabideak ere.

Artikulu honek Izarkom Eskolan jorratuko den hurrengo gaia du oinarri, eta eskola hori emango duen Beñat Azkargorta Mintegi EH KOM kooperatibako kideak idatzi du. EnpresaBIDEAren eta Izarkomen arteko lankidetzaren emaitza da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK