Oreka IT edo ZAIK: 2023an ezagutu dituzun enpresa eredugarrienak

Geolan, Lorpen edo Totem MT bezalako enpresa proiektuen nondik norakoak ezagutzeko parada ere izan dugu aurten

Muntaia: EnpresaBIDEA Muntaia: EnpresaBIDEA

Enpresa askoren jardunak behar du izan eredu herri baten ekonomiak modu jasangarrian aurrera egin dezan. Euskal Herrian badira, ikuspegi bat edo bestetik, eredugarriak diren proiektu asko, eta urte guztian zehar horiek ezagutarazten aritu gara EnpresaBIDEAn. Lorpen galtzerdi marken jatorria, olio zikina xaboi bihurtzen duen Almotech enpresa, Oreka ITren hedatze prozesua edota Pirineki Nafar Piriniotan ekoitzitako esnekiak izan dira, besteak beste, irakurleek geihen irakurritako Ereduak.

1. Geolan, enpresetan ingurumenarekiko ardura piztuz

Enpresen ingurumen legedia betetzen laguntzeaz eta ingurumen inpaktuak gutxitzeko baliabideak eskaintzeaz arduratzen da Goierriko enpresa hau. Alicia Risueño eta Arantxa Lasa dira bi bazkideak, eta aholkularitza eta irtenbide integralak ere eskaintzen dituzte.

2. ZAIK, txirrindulari abenturazaleen komunitatea

Txirrindulari abenturazaleen komunitatea da ZAIK. Bizikleta gainean dantzan aritzeko orotariko arropa zein osagarriak diseinatzen eta saltzen dituzte. Orain gutxi arte beren jarduna Urnietan garatzen bazuten ere, egun Zarautzen dituzte bulego eta showrooma.

3. Oreka IT, enpresak euskaraz digitalizatzen dituen aholkularitza etxea

Hedatze prozesu bete betean da Oreka IT. Ehun langile inguru eta lau bulego dituzte Hego Euskal Herrian. Tamaina guztietako enpresen digitalizazio prozesuak martxan jarriz, hauen lehiakortasuna areagotzea dute helburu. “Guk ez dugu produktu bat saltzen, egiten duguna ezin da ukitu, ikusi edo alderatu, eta oso argi dugu gure salmenta prozesuaren ardatz garrantzitsu bat bezeroarekiko konfiantza dela”, dio Iraitz Perez de Goldarazena.

4. Lorpen, hamaika gailur egindako galtzerdiak

Etxalarko zazpi herritarrek 1985ean abiatutako proiektua da Lorpen. Egun, Ternua Groupen barruan daude, eta 60 herrialde baino gehiagotan saltzen dituzte mendirako edota korrika egiteko galtzerdiak. Oraindik Etxalarren dute lantegia, eta 50 lagun dira orain, horietatik %75 emakumeak. 2.000 metro karratuko lantegian, urtean milioi bat galtzerdi egiteko gaitasuna dute.

5. Almotech, olio zikina xaboi bihurtzeko etxetresnaren sortzaileak

Etxean erabilitako olioa xaboia bihurtzen duen Yenxa izeneko etxetresna elektriko txikia merkaturatuko du aurten Almotech start-up nafarrak. Ana Martinez eta Javier Vidorreta dira proiektuaren arduradunak. “Harraskatik olioa isurtzea ekiditen dugu, eta erabilera bakarreko ontzien kontsumoa ere murriztuko dugu, olioa gure pitxerrean gordetzen baita", dio Martinezek.

6. Totem MT, harkaitzetan gora segurtasunez

Eskaladaren loraldian bizi gara. Totem MT irabazi asmorik gabeko Hernaniko kooperatibak eskalatzaileentzat Totem Cam izeneko segurtasun-gailu patentatua ekoizten du. Frienak ekoizten dituzte, baina ez edonolakoak. 32 bat langile dira denera, eta kasik denak dira bazkideak.

7. Trigo Limpio, Nafar Piriniotako haragi 'garbia'

Aezkoa, Artzibar eta Zaraitzu ibarreko abeltzain talde batek osatutako kooperatiba da Trigo Limpio. Azienda inguruko bazkalekuetan hazi, haragia euren zatikatze-gelan eraldatu eta kontsumitzaileei zuzenean saltzen die, bitartekaririk gabe. Juan Martin Elizondo (Aribe), Patxi Antxorena (Garralda), Maitina Gutierrez (Zaragueta), Gabriel Errandonea (Bera) eta Manuel Andueza (Orontze) abeltzainak dira kooperatibako bazkideak Lourdes Indaburu eta Arantxa Isastirekin batera.

8. Itsas Natura, gure jaki eta ur garbien arduradun

Etxean dugun janaria dastatzeko edota kiroldegiko igerilekua erabili ahal izateko, jakiek eta urek higiene zein osasun baldintza batzuk bete behar dituzte. Era horretako azterketak egiteaz arduratzen da Itsas Natura enpresa gipuzkoarra, 1992an lau biologiako ikaslek sortua. Hasiera batean itsas eskola gisa sortu zuten enpresa, Mikel Arzubialde zuzendari tekniko eta fundatzailearen arabera.

9. Pirinio magaleko esneki naturalak

Aurizperriko Buruzena etxean duela 35 urte hasi ziren behiekin lanean, 1988an hain juxtu ere. Ordutik eta duela hiru urte arte esnea ekoizten eta saltzen aritu da bertako familia. 2019an Aitor Zazpe etxeko seme zaharrena ere sartu zen negozioan, “transformazioaren bidea” hartzeko. Izan ere, orduan pasa zen Buruzenako esnea Pirineki marka komertziala izatera.

10. Malerrekako lurretatik Euskal Herriko eraikuntza eta obretara

Malerreka eskualdearekiko konpromiso beteaz jaiota, egun Euskal Herriko hainbat zonaldeetaraino hedatu dira Sasoi Eraikuntzaken lur mugimendu, obra zibil eta eraikuntza jarduerak. Sunbilan du egoitza nagusia enpresak, bost langiletik 46 izateraino igaro dira mende laurden pasatxoko ibilbidean.

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK