Osasun mentala, osasunari lotutako bigarren arazo nagusia Nafarroako enpresetan

Enpresa eta Osasunaren II. Inkestaren arabera, 211 enpresetan eginikoa, % 11,2 hazi dira buruko osasunari lotutako arazoak 2018tik

Inkestaren aurkezpena gaur izan da | Argazkia: CEN Inkestaren aurkezpena gaur izan da | Argazkia: CEN

Mutua Navarrak Enpresa eta Osasunaren II. Inkestaren emaitzak argitaratu berri ditu, CEN Nafarroako enpresarien konfederazioarekin, AEDIPE pertsonen garapenerako eta zuzendaritzarako erakundearekin, Nafarroako gobernuarekin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin garatu duena. Guztira, 211 enpresetan egin dute galdeketa, eta lanean ari den foru lurraldeko populazioaren % 36 hartzen dute.

Inkestaren arabera, enpresen % 98,5ek uste du langileen osasunak eragin "nahikoa" edo "handia" duela langileen produktibitatean. Zifra hori % 6,9 igo da 2018tik, inkesta azkenekoz egin zenetik. Langileen arazoen artean, gehien hazi dena osasun mentalari lotutako arazoak dira: % 11,2ko hazkundea izan dute 2018tik. Aldiz, lehenengo postuan dira oraindik ere muskuluei eta hezurrei lotutako arazoak.

Pandemia dela eta, osasun planak ezartzeko asmoak “nabarmen” moteldu dira 2021ean, inkestan jaso denez. Hala ere, hamar enpresetatik bederatzik osasun eta ongizateko programak martxan jartzeko asmoa adierazi dute, eta horietatik bostek dagoeneko ezarri dutela diote. Edozein kasutan, enpresen tamainak eragina du osasun planen ezarpenean: 25 langile baino gutxiagoko enpresen % 2,5ak du osasun planen bat; 250 langile baino gehiagokoetan, berriz, % 22,2k.

Azkeneko urteetan, aldatu egin da lan inguru osasungarritzat jotzen dena, eta pandemiak are gehiago eraldatu du hori. Lehen soilik alderdi fisikoak hartzen baziren kontuan, egun osasun ohiturak, alderdi psikosoziala eta pertsonen garapena ere horren parte dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK