P4Qk Alonsotegiko egoitza berria inauguratu berri dute pasa den martxoan, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiaren presentziapean. Sei milioiko inbertsio horri esker, bulegoz betetako 1.500m2, aldagai elektronikoak ekoizteko 2.400m2ko planta, I+G+b laborategia, monitorizazio zentro bat eta 600m2ko biltegia dute taldearen instalazio berriek. 1999an sortu zenetik gaur arte jorratutako punta-puntako fabrikazio elektronikoaren ekoizpen eta zerbitzuekin jarraituko dute modu honetara P4Qn, baina egoitza berriak baldintza hobeetan lan egitea bermatuko dietela aitortu dute Aitor Alapont fundatzaile eta enpresa buruak (CEO) eta Arantxa Ibarzabal finantza zuzendariak (CFO).
P4Qren lantegian fabrikazio elektronikorako teknologia aurreratuena aurki daiteke eta exijentzia maila altuko sektore industrial, tren eta automobilgintzako bezerotara zuzentzeaz gain, euren produktu propioak garatzeaz ere arduratu dira: “momentu jakin batean, bezeroak diseinatu beharrean, guk merkatura zuzenean salduko genuen produktu propioa garatzeari ekin genion”, azaldu du Ibarzabalek. Eguzki-sektoreari zuzendutako produktuaz ari da, Suntrack izenekoa, 2008an jaio zena. Energia fotovoltaikoaren jarraipen kontrolatzaileetan mundu mailako liderra da Suntrack, eta denera 650.000 kontroladore elektroniko instalatu dituzte 1.150 eguzki parkeetan. Gainera, produktuaz gain zerbitzu osteko balio erantsiko soluzioak eskaintzen dituzte. “Egun, geure fakturazioaren %70 da eguzki-energia sektorea”, gehitu du finantza zuzendariak, gainerako %30 EMS deitzen dioten aurretik aipatutako sektoreentzako aldagai elektronikoak direlarik.
Dibertsikazioari esker haziz
Kostuen igoera dela eta 2022a urte erraza izan ez bada ere, %25eko hazkundea izan du enpresak. Iaz 50 milioi baino gehiago fakturatu zituzten, eta aurten 87 milioiko fakturazioa espero dute. “Gure bezeroak ere hazten ari dira, elektronika duen edozein gauza hazten ari denaren seinale, sektore industrialari dagokionez, behintzat”, dio Alapontek. Halaber, erronka hazkunde hori finantzatzean datzala uste du: “gaitasun produktibo eta finantzarioa behar dugu, eta erronka handia dugu aurretik”.
Hein berean, Ibarzabalek hazkundea eguzki-energiaren sektorean garatutako jarduerari esker dela iritzi dio. “Gure motor nagusia Suntrack da. Produktu propioa izanik, proaktibogoak izan ahal gara, beste merkatu batzuetan sartuz eta beste hornitzaile eta aldagai batzuk bilatuz. Zerbitzu elektronikoekin (EMS), ordea, 2022ean arazoak izan ditugu lehengaien kostuak direla eta. Bezeroek gure produktu eta hornitzaileak homologatuta dituzte eta eskuak lotuta aurkitu gara nolabait”.
Arantxa Ibarzabal: “Gure motor nagusia Suntrack da. Produktu propioa izanik, proaktibogoak izan ahal gara, beste merkatu batzuetan sartuz eta beste hornitzaile eta aldagai batzuk bilatuz”
Dena den, Suntrack ardatz izanik ere, enpresaren beste jarduerei ere garrantzia ematen jarraitzen dute. Izan ere, hein handi batean, dibertsifikazioan (baita nazioartekotzean ere) oinarritzen da enpresaren kudeaketa modeloa eta hazkunde estrategia. “Suntrack dugu eguzki-energian, automobilgintza eta tren sektorean gaude. Eta elektrizitateko enpresekin ere lan egin dezakegu”, dio Ibarzalabalek.
Are gehiago, Qassay produktu propio berria ere lantzen ari dira. Diagnostiko azkarreko probak egiteko gailu bat da, eta Ibarzabalen arabera, irakurgailu mediku hori jaioberri fasean dago, baina produktu berri honekin osasungintza sektorean ere sartu daitezke. “Oraingoz, Europa iparraldeko herrialdeetan eta Estatu Batuetan azaldu digute interes gehiena”.
Enkarterriariko konpromisoa
Punta-puntako enpresa teknologikoa izanda, P4Qk kanpora joateko eskaintzak jaso eta presioa sentitu dutela onartu du Alapontek. “Lehenengo egunetik Alonsotegin gaude, eta fabrika berria hemen izatea ere eskualdearekiko dugun errotzearen erakusle da. Parke teknologiko bateko enpresa izan gintezkeen, baina sortzen dugun inpaktu ekonomiko eta sozialarengatik konpromezu bat dugu inguruarekin”.
Alonsotegiko lantegiaz gain, Txinan (Kunshan) eta Estatu Batuetan (Alburkerke) ere lantegiak dituzte, denera 280 bat langile izanik, eta horietatik 200 bat Euskal Herrian. Nolanahi ere, etorkizunera begira beste lantegiren bat irekitzea ere ez dute baztertzen, Indian esaterako: “bertako energia berriztagarri eta osasun merkatua asko hazten ari da, eta herrialde horietan ekoizpen lokala izatea behartuta daude”, nabarmendu du fundatzaileak.
Aitor Alapont: “Lehenengo egunetik Alonsotegin gaude eta fabrika berria hemen izatea ere eskualdearekiko dugun errotzearen erakusle da”
Atzerrian, beraz Txina eta Estatu Batuetan fabrikatzen dute soilik. Baina P4Q Suntrack Servicesek, hau da, produktuaz gain, salmentak osteko zerbitzuaz arduratzen den enpresaren alderdiak baditu jada hiru zentro Brasil, Mexiko eta Txilen, bakoitzean bizpahiru pertsona dituztelarik.
Bestalde, giza taldea goraipatu nahi izan du Alapontek, kasik 24 urteeko ibilbidean goi mailako teknologia eta kalitatea bermatzeaz arduratu dena. Ibarzabalek dioenez, “ezinezkoa da iritsi garen lekura iristea giza talde on bat gabe. Enpresaren parte sentitzen den jendea nahi dugu hemen”, bukatu du.