Pirinio magaleko esneki naturalak

Pirinekik etxeko esnekiak ekoiztu eta saltzen ditu. Aurizperriko Buruzena etxeko familiaren proiektua da, eta 30 urte baino gehiagoz esnearekin lanean aritu ostean, gasna eta jogurtak ere egiten dituzte egun

Pirinekiren esnekiak | Argazkia: Pirineki Pirinekiren esnekiak | Argazkia: Pirineki

Aurizperriko Buruzena etxean duela 35 urte hasi ziren behiekin lanean, 1988an hain juxtu ere. Ordutik eta duela hiru urte arte esnea ekoizten eta saltzen aritu da bertako familia. Etxeko amitxi eta aita buru belarri aritzen ziren laborari lanetan, gerora esnea “zentralei” saltzeko. 2019an ordea, Aitor Zazpe etxeko seme zaharrena ere sartu zen negozioan, “transformazioaren bidea” hartzeko. Izan ere, orduan pasa zen Buruzenako esnea Pirineki marka komertziala izatera, eta esneaz harago, gasna eta jogurten ekoizpena jarri zuten martxan.

“Aita eta amitxiren eskutik etorri ziren lehenbiziko behiak eta hamar izatetik gaur 130 bat izatera pasa gara”, azaldu du etxeko anai zaharrenak. Aitak animatuta sartu zen familiako negozioan, eta herritik kanpo, Iruñea aldean, lanean aritu ostean erabaki zuen Aurizperrira itzultzea. “Aitak animatzen ninduen etxeko esnearekin lan egitea, ideia hori etxean denbora luzez egon da gure buruetan, gainera, nire anaia ertaina Koldo 2013an sartu zen negozioa buru belarri”, kontatu du.

Aitor Zazpe: "Aitak animatzen ninduen etxeko esnearekin lan egitea, ideia hori etxean denbora luzez egon da gure buruetan"

Hortaz, hiru hamarkadaz esnea soilik izanik negozioaren ardatz, anai zaharrena sartzean esnearen eraldaketan zentratu zuten negozioa. Pirineki da horren emaitza, etxekoak eta betiko esnekiak ekoizten dituen proiektua, inolako kontserbante edo gehigarririk gabe. Egun, bi gazta mota (freskoa eta guria), esne pasteurizatua eta jogurta egiten dute, Errozabalgo lautadako larreetan elikatutako behiei esker.

Lan duin bat bizitokian

“Salmenta zuzena egiten dugu eta niretzat hori oso aberasgarria da” dio Zazpek. Behiak elikatzetik azken kontsumitzailera esneki ontzia iristen den arte Pirinekik kontrolatzen baitu prozesu osoa: “behiek belarra jaten dutenetik kontsumitzaileak jogurt tapa kendu edo gasna zatia ahora eramaten duen arte gaude gu”.

15   Lacteos de Vaca de Pastoreo   Pirineki DX2 0710
Argazkia: Pirineki

Gainera, esnearen transformazioa bere gain edukirik eta salmenta zuzenari esker, eurek jar diezaiokete “neurri handi batean” egindako lanari prezioa, izan ere, Zazperen esanetan, lan duin bat edukitzea ere bazen proiektuaren asmoa. “Orain arte esnea gordinik saltzen genuenean zentralak pagatzen zizun pagatzen zizuna, ekoizpen kostuen azpitik betiere. Zure lana ez da errentagarria, diru laguntzak daude eta hortaz bizi ginen”, nabarmendu du. Balio duen prezioan baino merkeago saltzeak Errozabalgo lautadan egindako lana ez baloratzea dela uste du Zazpek eta transformazioari esker, “guk egiten duguna baloratzea” bilatzen dela dio.

Aitor Zazpe: “Behiak belarra jaten dutenetik kontsumitzaileak jogurt tapa kendu edo gasna zatia ahora eramaten duen arte gaude gu”

Honela, produktu ahalik eta naturalena ontzen saiatzen da Pirineki. Artisau ekoizpenean oinarrituta, esnekiak pasteurizatutako esnearekin egiten dituzte. “Ahalik eta gutxien kutsatzen edota eraldatzen saiatzen gara. Gure esnekientzat derrigorrezkoa da pasteurizazioa eta urarekin berotzen dugu esnea. Ur beroa behar dugu horretarako eta egurra erabiltzen dugu ura berotzeko”, azaldu du.

Halaber, Pirinekiren esnekiak ontzi berrerabilgarrietan saltzen dituzte. “Beirazko ontziak erabiltzen ditugu eta erabili ondoren nahi duenak bueltatzeko aukera du. gero guk desinfketatzen ditugu”.

Familia osoa dago atzean

Sasoiaren arabera bada ere, 60 bat behi izaten dituzte jezten. Aratxeak eta bigak tartean, denera 130 dituzte soropilean sakabanatuta. Bi pentze familiarenak dira, beste belaze zati bat partikularrena da eta errentan ordaintzen dute. Gainerakoa publikoa dela dio Zazpek eta laborarien beharren arabera banatzen dela, herriari alokairua pagatuz.

Pirineki 39 (2)
Argazkia: Pirineki

Bestalde, borda herritik kanpo dute, nahiz eta duela hogei urte pasatxo herrian bertan izan. Lehen bordan zen lekuan orain esnekitegia dute 2020az geroztik. Halaber, denda edota etxean bertan dute eta salmenta zuzena hor gauzatzen da, Zazperen ama egoten delarik saltzaile lanetan. Hain zuzen ere, ardura nagusia aita eta bi anaiak badute ere, familia proiektua da Pirineki eta beste senitartekoek laguntzen dute edozein esparrutan.

Bisita gidatuak ere antolatzen dituzte udaran, behiak larrean ikusi, esnetegia bisitatu, elaborazio prozesua ezagutu eta dastaketaz gozatzeko aukera eskainiz

Inguruko hainbat denda eta jatetxeetan ere saltzen ditu Pirinekik esnekiak eta on line kanala ere badute, nahiz eta hortik askoz ez saldu. “Udako turistak etorri ondoren, iraila eta urrian saltzen dugu on line, baina gerora kasik ezer ez. Gehien etxeko mostradorean saltzen dugu eta azoketan”.

Bisita gidatuak ere antolatzen baitituzte udaran, behiak larrean ikusi, esnetegia bisitatu, elaborazio prozesua ezagutu eta dastaketaz gozatzeko aukera eskainiz. Finean, ibarrera jendea erakartzeko parada ematen die, bertako ekonomia eta bizimoldeari bultzada ematen diolarik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK