Plastiko zirkularra

Ekonomia zirkularra aplikatuz, estrusio, inprimaketa eta ijezketa zerbitzu integratuak jorratzen ditu Plastigaurrek, industria zein kontsumo sektoretarako ontzi eta bilgarri malguak egiteko

Egoitza Andoainen (Gipuzkoan) du Plastigaurrek | Argazkia: plastigaur Egoitza Andoainen (Gipuzkoan) du Plastigaurrek | Argazkia: plastigaur

Plastikoari buruz hitz egitean, kutsadurarekin egiten dugu lotura kasik nahi gabe, eta ez jasangarritasun edota birziklatzearekin. Plastigaurrek pentsamolde hori irauli nahi du nolabait bere jardueraren bidez. Plastikozko ontzi eta bilgarri malguak egiten dituzte, estrusio, inprimaketa eta ijezketa zerbitzuak, zehazki, gero industria eta kontsumo sektoreko enpresei saltzeko. Horretarako, lehengai birziklatuak erabiltzen dituzte, eta sortutako hondakinak ere birziklagarriak izatea da euren helburua.

30 urtetik gorako esperientzia du Plastigaurrek sektorean. Enpresa 1989an sortu zuten Antxon Garmendia, bere anaia Juan Martin eta euren emazteek. Xabier Noguera enpresako zuzendari komertzialaren arabera, proiektuaren sorkuntzaz gain, bi une garrantzitsu izan ditu enpresak bere historian. “1999tik 2003ra negozioa egonkortu eta familiako bigarren belaunaldia sartu zen enpresan. Bigarrena, 2005tik 2012ra izan zen, orduan, zuzendaritza nagusia Luis Artolaren eskutan geratu baitzen, eta berak bihurtu du Plastigaur egun den enpresa”.

Xabier Noguera: “Gure bezeroekin batera, ingurumenean inpaktu urriagoa duten soluzioak sortzeko konpromisoa hartu genuen. Gaur egun, egindako plastikoen % 97 birziklagarriak dira”

2012tik aurrera, enpresa balioa eransten hasten dela dio Noguerak. “Gainerakoek egiten dutenaz gain, beste zerbait egiten hasi ginen jasangarritasun arloan dauden exigentziei aurre egiteko”. Hala, 2017an enpresaren estrategia plan berria jarri zuten martxan, betiere jasangarritasuna ardatz duena. “Gure bezeroekin batera, ingurumenean inpaktu urriagoa duten soluzioak sortzeko konpromisoa hartu genuen. Gaur egun, egindako plastikoen % 97 birziklagarriak dira”.

Ekodiseinua aplikatuz

Enpresak Andoainen (Gipuzkoan) du egoitza, eta 150 langile baino gehiago ditu. “Plastiko-estrusore gara, eta bilgarri malguko soluzioak eskaintzen ditugu”, azaldu du Noguerak. Hiru mailatan banatzen du euren jarduera. Hasiera batean, packaging sekundarioa —jada ontziratuak daude produktuak biltzen dituena— eta tertziarioa —paleten gainean eramaten diren produktuen plastikoa— egiten zituzten soilik. Gerora, primarioa ere lantzen hasi ziren, hau da, zuzenean produktuarekin kontaktuan dagoen plastikoa. “Sekundarioa eta tertziarioa ardiei ilea moztea bezalakoxea da; primarioa, berriz, ile apaindegira joatea. Bestelako tratamendu eta ezagutza eskatzen du”, nabarmendu du.

Bi makina berritan inbertsioa handia egin du Plastigaurrek, kontsumo-osteko lehengai birziklatu gehien erabiltzeko eta jatorri fosileko produktuak saihesteko

Jarduera hau garatzeko inbertsio handia egin du Plastigaurrek euren makinarian, bi makina berritan, zehazki. Helburua ahalik eta kontsumo osteko lehengai birziklatu gehien erabiltzea da, jatorriko fosileko produktuak saihestuz, eta era berean, ekoizpen ahalmena handitzeko. “Ekodiseinuaren bitartez, jatorritik % 100 birziklagarria den produktu bat sortzen saiatzen gara”. Horretarako, Polietileno plastikoarekin egiten du lan Plastigaurrek. 2022rako helburua da euren ontzi eta bilgarri guzti-guztiak birziklagarriak izatea.

Hein berean, lan egiteko zein soluzioak bilatzeko garaian, bezero bakoitzarekin jorratutako elkarlanak balio handia du Plastigaurrentzat. “Produktuaren jatorritik bezeroarekin hitz egiten dugu, jasangarritasun arloan zer helburu dituen jakiteko, eta horren arabera lan egiten dugu plastikoarekin”, azaldu du Noguerak.

Iraunkortasunaren erreferente

Lehengo urtean, enpresak 71 milioi fakturatu zituen, eta aurten, 85 milioitara iristea aurreikusten dute. Dena den, zuzendari komertzialak onartu du lehengaien kostuak eragin handia izan duela. “Asko igo da kostua, eta salmenta prezioaren parte garrantzitsua izanik, prezioak igotzera behartzen gaitu. Hala ere, tona-kopuruari dagokionez, % 5-6 inguru hazten ari gara”.

Etorkizunera begira, Noguerak uste du Plastigaurrek “gauza asko dituela esateko”. Aipatutako makinaria berrian 8 milioi euro inbertitu dituzte, hala, berrikuntza zein teknologia saila indartzeko jomugarekin. “Etorkizuna jasangarritasunari lotuta izango da, eta gure bezeroei soluzio malguak eskaintzen jarraituko dugu, ekonomia zirkularra erabiliz. Hemendik hamar urtera, Europa mailako merkatuan partaide garrantzitsua izan nahiko genuke”.

Plastikoaren mundua “deabrutua” dagoela dio Noguerak, eta informazioa falta handia dagola iritzi dio

Sektoreak berak ere baditu aurre egin beharreko zenbait erronka. Plastikoaren mundua “deabrutua” dagoela dio Noguerak, eta informazioa falta handia dagola iritzi dio. Paperak eta kartoiak plastikoak baino karbono aztarna handiagoa du bere esanetan. “Bezero batekin konparaketa-azterlan bat egin berri dugu, eta 24 latako pack batean, kartoia edo papera erabilita, karbono aztarna 82 aldiz handiagoa dela ikusi dugu plastikoarekin alderatuz gero”. Aldi berean, beste materialen aldean, plastikoak funtzionaltasun handiagoa duela ere gaineratu du. “Arazoa zera da, plastikoak flotatu egiten du eta ikusi egiten da, papera eta kartoia berriz, ondoratu egiten dira”. Azken finean, bistara duguna egiten zaigu deigarri.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK