
Adegi Gipuzkoako Enpresen elkarteak Gipuzkoako enplegu eta profil profesionalen beharrak izeneko inkestaren emaitzak argitaratu berri ditu. Horren arabera, aurten gehien beharko dituzten profilak dira produkzioari, ingeniaritzari eta kalitateari lotutakoak. Inkesta betetzeko "lehen eskuko" informazioa jaso duela nabarmendu du Adegik, laginaren profila zehaztu ez badu ere.
Inkestaren arabera, datozen urteetan lan merkatuan 80.000 pertsona gutxiago izango direla aurreikusi da. Era berean, lau kontratutatik ia hiru goi mailako ikasketak dituzten pertsonei egingo direla uste da, horietatik % 44 unibertsitateko eta graduondoko ikasketak dituzte pertsonei eta % 30 goi mailako zikloetakoei. Profilei dagokionez, unibertsitate eta graduondokoen kasuan, kontratuen % 74 STEM esparrukoak izango dira, eta gehien bat ingenieritza arlokoak (% 67). Hiru dira gehien eskatzen diren ingeniaritzak: industriala (% 28), informatikoak (% 14) eta bestelakoak (% 26). Enpresen kudeaketari, ekonomiari eta zuzenbideari lotutako profilei dagokionez, eskaeren % 16 dira. Bi esparruk egin dute gora listan: filologia eta itzulpengintzak eta turismoak. Goi mailako zikloei dagokienez, aldiz, fabrikazio mekanikoa, elektrizitatea eta elektronika, enpresen kudeaketa eta informatika izango dira gehien eskatutakoak.
Batez ere goi mailako ikasketak eskatuko badira ere, erdi mailako zikloen eskakizuna oraindik ere mantendu egiten da, % 19koa baita. Kasu honetan ere, fabrikazio mekanikoa, eta elektrizitate eta elektronika dira gehien eskatzen direnak, baita ostalaritza eta turismoari lotutakoak ere.
Jarrera, garrantzitsuena
Kontratazioak egiterakoan kontuan hartzen diren alderdiei dagokienez, 2018ko inkestatik gehien hazi den alderdia izan da jarrera pertsonala. Inkestan parte hartu dute enpresen % 90ak ezinbestekotzat jo du. Hautagaiaren formakuntza garrantzitsua bigarren aldagairik garrantzitsuena, enpresen % 65ak aipatu baitu. Dena den, garrantzia apur bat galdu du 2018ko inkestatik. Hirugarrena, berriz, aurretik izandako lan esperientzia da, hau ere hazi dena, % 57ak aipatu baitu.