Robotikako gune berezia eta lehen mailako erosleak, Biurtekoaren apustu bereziak

400 primizia berri aurkeztuko dira guztira azokan. Sektorearentzat inflexio puntu izatea espero dute antolatzaileek. 2023a inoizko zifra onenekin itxita ere, 2024an eskaerek behera egin dute

Biurtekoaren aurkezpena gaur goizean egin da | Argazkia: BEC Biurtekoaren aurkezpena gaur goizean egin da | Argazkia: BEC

Etorkizuneko fabrika baten erakustoki erraldoia bihurtzeko azken ikutuak ematen ari da Bilbao Exhibition Center. Astelehenean, ekainaren 3an, BIEMH Makina-Erremintaren Biurtekoaren 32. edizioak ateak parez pare zabalduko ditu sektorearen punta-puntako soluzioak erakustazokaren sei pabilioietan bildu eta profesionalen elkargune izateko asmoz, ekainaren 7ra bitarte. BECentzat "mugarri nabarmena" da, Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak gaur goizeko aurkezpenean adierazi duenez. "Ekitaldi enblematikoena", gaineratu du.

"Klusterrak inoiz baino zentzu gehiago hartzen du Biurtekoan", azpimarratu du Xabier Ortueta AFM Makina-erremintako Ekoizleen Klusterreko zuzendari nagusiak. 2023a inoizko zifra onenekin itxi ostean —2.157 milioi euroko fakturazioa eta 260 milioi euroko esporazioak—, urtea apur bat "motel" hasi dute sektoreko enpresek, eskaeren sarrerak %4 egin baitu behera: "merkatu guztiak, Txina, Asiako esparrua, AEB, Europa (Italia, Alemania)... ez daude hain indartsu". Kontuan izan behar da eskaeren sarreren beherakada ez dela aurtengo zifretan atzematen, 2025ekoan baizik, makina gehienek zortzi hilabete eta urtebete bitarte behar dituztelako eraikitzeko.

Edozein kasutan, urtearen bigarren partean, eta batez ere bukaera aldera hobekuntza espero du eskaeren sarrerei dagokienez. Bestela esanda, Biurtekoa "inflexio puntu" izatea espero du José Ignacio Ortiz de Urbina AIMHE makina-erremintako inportatzaileen elkarteko presidenteak. Azken urteetan gerturatze nabarmena izan da bi erakundeen artean.

Klusterraren ekosistema zazpi elkartek osatzen dute, tartean AFM eta AIMHE. 800 enpresa biltzen ditu egun, 4.000 milioi euro baino gehiago fakturatu eta 20.000 lanpostu sortzen dituztenak. Horietatik 210 izango dira Biurtekoan euren soluzioak aurkezten. Era berean, AIMHEren parte dira 58 enpresa, eta 41 izango dira azokan. "Kontuan izan behar dugu enpresa horien salmentaren %80 oso merkatu zorrotzetara esportatzen dela", adierazi du José Pérez Berdud AFM klusterreko presidenteak. "Ez dugu kopuru handietako ekoizpena egiten. Neurrira eginiko jantziak dira". Punta-puntako soluzio horietako batzuek ekainaren 6an klusterrak emango dituen Berrikuntzako Espainiako Sarietan sarituko dituzte, presidenteak gogorarazi duenez. "Espero dezagun erregistratuta dugun bisitari kopuru andana bilakatu dadila erosketa beharra duten bisita ugaritan", plazaratu du.

Azoka "aberatsa"

Biurtekoaren 32. edizioa BECek 20 urte bete berritan iritsiko da erakustazokara. Hala gogorarazi du Xabier Basañezek, eta beste urtebetez eskaintza eta eduki programa "aberatsa" eskainiko duela gehitu ere bai. Azkeneko zifren arabera 1.558 enpresek izango dituzte erakustokiak, 3.593 produkturekin —tartean 1.200 makina eta 105 robot—, eta nazioarte mailan 400 primizia berri inguru eskainiko ditu aurtengo azokak, Mari Carmen Gorostiza Makina-Erremintako Biurtekoaren arduradunaren arabera. "Dena sektoreka eta modu efizientean antolatuta", gehitu du. "16.900 langile" izango dira, ekipo teknokoak, muntatzaileak, erakustokietako langile eta abarrak tarteko.

Berritasunen artean, robotikako eta automatizazioko gune berezia izango da lehen aldiz. 6. pabilioian esparru horretako soluzioak eskaintzen dituzten enpresek euren erakustokiak izango dituzte, eta 4. pabilioian Robot Demo izenekoa kokatuko da, artikulatutako roboten funtzionamendua ikusteko aukera eskainiko duena.

Horrekin batera, lanketa berezia egin dute nazioarteko lehen mailako erosleak erakartzeko, Basque Trade and Investmenten lankidetzarekin, Hosted Buyers Program izeneko programaren bitartez. Era berean, "100 herrialde baino gehiagotara joan gara gure enpresek eskatzen dutenaren bila", eta 75 herrialdetako ordezkariak etorriko dira Biurtekora, tartean AEB, Frantzia, Alemania, Italia, Portugal, Erresuma Batua,Taiwan, Txina, Japonia, Turkia edo Mexikokoak. Mexiko da, hain zuzen ere, herrialde gonbidatua aurten. "Merkatu estrategikoa da, eta interes handikoa industriarentzat, bereziki T-MEC-en sinaduraren ostean eta Nearshoring politikagatik —ekoizpena bertara eramateko erraztasunak—", azaldu du Gorostizak. Aipatzekoa da, halaber, aurten AEBk izan dezaketen garrantzia azokan, 2023an bertara eginiko eskaera mailak izandako igoeraren ostean, Ortuetak nabarmendu duenez.

Bestalde, BIEMH tour izenekoak eskainiko dira, 45 minutuko iraupenarekin. "Bisita espezializatu horiek ahalbidetuko dute industriaren gaurkotasunean murgiltzea, eta hiru kategoriatan zentratuko dira: makina handiak, automatizazioa eta robotika, eta berrikuntza", azaldu du Gorostizak.

Biurtekoaren batera, Addit3D fabrikazio aurreratuko azokaren 8. edizioa eta BE Digital azokaren 6. edizioa egingo dira, baita esparru horietako bakoitzari loturiko hitzaldiak ere, Digital Talks, Robotics&Automation Talks eta Additive Talks-en bitartez, ekainaren 4ean hasi eta 6an bukatuko direnak. Bestalde, Workinn Talent enplegu azoka ere hartuko du BECek. Testuinguru horretan egingo da, era berean, Women In Industryren bigarren edizioa, sektorean berdintasunari bultzada emateko hitzaldi sorta —ekainaren 3tik 5era bitarte, PWN Bilbaok antolatuta. "Leloak Are you ready? galdetzen du. Prest gaude negoziorako, berrikuntzarako, esperientzia berrietarako, eta jasangarritasunerako", plazaratu du Basañezek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK