Rosa Lavin: "Geroz eta aitortza handiagoa dago enpresa-kooperatibo eta ehun-kooperatiboarekiko"

Krisialdi garaietan handi egiteko kooperatiben gaitasunaz harago, garai onetan ere eusteko duten indarra azpimarratu du Konfekoopeko presidenteak

Lavinek bere lan ibilbide osoa egin du kooperatiben finantza arloan lanean | Argazkia: Konfekoop/Grupo SSI Lavinek bere lan ibilbide osoa egin du kooperatiben finantza arloan lanean | Argazkia: Konfekoop/Grupo SSI

Kooperatibaren figura oso zabalduta dago euskal gizarte ehunean. Baina Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak baditu bere erronkak: gizarteko eraldaketak eta talentua erakartzeaz gain, Lanbideko Administrazio Kontseiluko kide izateko aldarrikapen historikoari eusten dio, baita kooperatiba ez diren baina kooperatiba izan liratekeen enpresengana heltzea ere. Momentuz, maiatzean euren Administrazio Organoak berritzeko garaia iritsiko da. Bertako presidente lanetan dihardu Rosa Lavin Ibarrak. Grupo SSIko Finantza Arduraduna ere bada , eta zaintza sektoreko enpresaren egoitzan hartu du EnpresaBIDEA.

Nola deskribatuko zenuke egungo euskal kooperatibismoa?

Egungo euskal kooperatibismoa aldaketarako beharrezko eragilea da, ezinbestekoa egun bizi ditugun eraldaketa guztietan.

Egun 1.400 kooperatiba zarete Konfekoopen bazkide. Lan ematen diozue 60.000 pertsonei eta 1,4 milioi bazkide kooperatibo zarete. Datozen urteetan zifra horiek gora egiten jarraituko dute?

Ehunari erreparatuta, ikusten dugu azkeneko zortzi urteetan hazkundea etengabekoa izan dela. Kooperatiben berezko ezaugarria da krisialdi momentuetan adoretzea. Baina aldi berean ikusi dugu gauzak ondo doazenean ere hazten jarraitzen dugula. Horrez gain, geroz eta aitortza handiagoa dago enpresa-kooperatibo eta ehun-kooperatiboarekiko, eragile traktore eta garrantzitsu gisa. Horrek guztiak eragiten du errekonozimendu eta ospe gehiago lortzea.

Aipatutako zifrez gain, oso esanguratsua iruditzen zait EAEko helduen % 70ek kooperatibismoarekin lotura duela. Ez zara ohartzen, zenbaitetan eguneroko egitekoez ari zarelako, baina hala da: erosketa kooperatibetan egiten dugu, finantza kooperatiboetan aritzen gara, seme-alabak eskola-kooperatibetara doaz edo aisialdiko talde kooperatiboen parte gara.

"Kooperatiben berezko ezaugarria da krisialdi momentuetan adoretzea. Baina aldi berean ikusi dugu gauzak ondo doazenean ere hazten jarraitzen dugula"

Nola dago egituratuta Konfekoop?

Enpresen ordezkari gisa Konfekoop dugu, baina ondoren beste bi hanka ditu: ekintzailetzari loturikoa —Elkar-Lan—, eta kooperatiben sustapen eta hedatzea helburu duena —Kooperatiben Kontseilu Gorena—. Ekosistema bakarra gara, eta elkarri elikatzen diogu. Elkar-Lanek, ekintzailetzaren bitartez, enpresa-ehuna elikatzen du. Eta Kontseilu Gorena, sustapen eta hedatzearen bitartez, ehuna zabaltzen saiatzen da.

Gizartea aldatu egin da, eta eraldaketa bete-betean murgilduta gaude. Belaunaldi-errelebo nabarmena dugu, gazteak ondasun urria dira egun, eta eredu kooperatibotik lortu behar dugu eurengana iristen eta konektatzen. Uste dugu, gainera, gure enpresa ereduak bat etoz daitezkeela euren ikuspegi eta kezkekin; alegia, aitortza profesionala eta egonkortasun ekonomikoa eta lanarena lortzea, betiere kontziliazioa eta aisialdiarekin bateratuta.

Esan duzu krisialdi —eta ez krisialdi— garaian euskal eredu kooperatiboa motibatu egiten dela. Baina garai horiei hobeto erantzuten die beste eredu batzuek baino? Eroskin hartutako erabakia bezalakoak—denek soldata jaistekoa— beste zenbait enpresetan hartzea zailagoa al da?

Eroski bezalako kasuak ezagunagoak dira, baina erabakiak hartzeko modu hori enpresa kooperatibo guztietan dago. Ni beste enpresa kooperatibo baten parte naiz, beste sektore eta dimentsio batekoa, zerikusirik ez duena. Eta hala ekin behar izan genion: denei deitu, eta zer zegoen azaldu. Gure kasuan, adineko pertsonekin egiten dugu lan, bai ala bai artatu behar zen kolektibo batekin. Baina enplegua mantendu behar duzu, eta modu jakin baten egin.

Nola da finantzak enpresa kooperatibo baten ematea, beste enpresa batekin erkatuta?

Nik ez dakit esaten nola ematen diren beste zenbait eredutan, ez dudalako bestelako eredurik bizi. Ikasi bezain laster espezializatu nintzen ekonomia sozialean, eta enpresa kooperatiboan hasi nintzen lanean. Baina argi dago negozio eredua oso bestelakoa dela. Bestelako emaitzak ematen ditu kudeaketa modu ireki eta parte-hartzailean egiteak, non ahots guztiek duten garrantzia eta modu partekatuan erabakitzen den. Erresilienteagoak gara, eta egoeretara hobeto egokitzen gara.

"EAEko helduen % 70ek kooperatibismoarekin lotura du. Ez zara ohartzen, zenbaitetan eguneroko egitekoez ari zarelako, baina hala da: erosketa kooperatibetan egiten dugu, finantza kooperatiboetan aritzen gara..."

2022a urtea bereziki 'sinbolikoa 'izan zen mugimendu kooperatiboan, batez ere Ulmak eta Oronak Mondragon Taldetik ateratzea erabaki baitzuten. Min egin zuen horrek, edo zalantzan jarri eredua?

Orona Konfekoopeko Kontseilu Errektoreko enpresetako bat da. Eta Konfekoopentzat enpresa kooperatiba izaten jarraitzen du. Enpresa erabaki bat da, zenbait baldintzatan hartua. Ez du eredua zalantzan jartzen. Gainera, ibilbide luzea da, eta ikusiko dugu ea zer gertatzen den bidean. Baina Oronaren eta Mondragoneko hanka askoren artean dauden loturek bizirik jarraitu beharko dute, lotura handia baitu unibertsitate eta formakuntza zentroekin, Lagun Arorekin... Zenbait gauza hor mantenduko dira.

Min egiten du? Batez ere min egin nahi duen horrek lortzen du min egitea. Baina eredua ez da zalantzan jarri. Orona gurekin izan zenean esan zigun harremanak orain arte bezala mantenduko zirela. Gu ere une honetan administrazio organoaren berrikuntza prozesuan gaude murgilduta, eta baliteke Orona berriro aurkeztea. Eta Ulma ere historikoki izan da Konfekoopen Administrazio Kontseiluan. Zentzu horretan bi erakundeek mantentzen duten harremana da. Eta niretzat garrantzitsuena da bi enpresa kooperatibo izaten jarraituko dutela, eta traktore, punta-puntako eta nazioarteko erreferente izaten ere.

Konfekoopeko presidente zara, eta halako postu baten dagoen lehenengoetariko emakumea.

Bai. Hain zuzen, eredu kooperatiboak ahalbidetzen dizu alderdi profesional horri dagokionez bestelako garapena izatea, zuk erakunde zabalagoa, malguagoa eta parte-hartzaileagoa ikusten duzulako. Betiere nahi baduzu, noski.

Nik dagoeneko denbora daramat honetan, lehendik ere Herkideren kontseilu errektorean ere izan bainaiz. Badakit zeintzuk diren nire mugak. Azken batean ez nator ibilbide instituzionalago batetik edo karga korporatiboagoa duen batetik. Ahal dudan hoberen egiten dut, esfortzu eta dedikazio ahalik eta gehien eskainita, eta inspiratu eta lagundu diezadakeen jendeaz inguratuz.

Gainera, Kooperatiben Kontseilu Gorenak kontseilu bereko presidentzia du, eta lehen gobernutik eramaten zen. Hori ere guretzat bultzada bat emateko balio izan du.

"Uste dugu gure enpresa ereduak bat etoz daitezkeela euren [gazteen] ikuspegi eta kezkekin; alegia, aitortza profesionala eta egonkortasun ekonomikoa eta lanarena lortzea, betiere kontziliazioa eta aisialdiarekin bateratuta"

Fokua zabaltzen badugu, sindikatuen kasua dugu, non LAB, CCOOk eta UGT idazkari orokor emakumezkoak dituzten. Konfekoopen ere emakumezkoak. Patronal tradizionalean gizonezkoak izaten jarraitzen dute, nahiz Isabel Busto dagoen lehendakaritzan. Ibilbide gehiago dago egiteko?

Denok dugu asko egiteko. Mugimendu kooperatibotik bertatik egitasmo asko bultzatzen saiatzen gara berdintasunerako. Gainera, eredu kooperatiboak lur-hartzeko pista hobeagoa eskaintzen digu guk lan egin dezagun, geure buruak ahaldundu, eta lidergoa izan dezagun. Hori guztia esanda, nik oraindik ere askoz gizon gehiago ditut emakumezkoak baino Kontseilu Errektorean. Lantzeko asko dago oraindik. Eta patronal tradizionalean eurek jakingo dute zeintzuk diren euren zenbakiak eta konposizioak. Ez ditut ezagutzen. Baina mundu enpresarialean oro har emakumeek gizonezkoek baino presentzia urriagoa dute.

Lankidetza akordioa sinatu zenuten ANEL Gizarte Ekonomiako Enpresen Nafarroako Elkartearekin, eta UCAN Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatibarekin. Nola gauzatzen ari da?

Hasiera baten bi lan lerro jarri ditugu. Eurek Kooperatiben Kontseilu Gorenean interes handia dute. Badute antzeko zerbait Nafarroan, baina ez maila berean. Nolakoa den ezagutu nahi dute, nola eratzen den, edo nola erregulatzen den, halako zerbait gauzatzeko Nafarroan. Eta oraingoa gainera oso une aproposa da dekretu batean ari baikara lanean kontseilua berritzeko. Bertan, beraz, ñabardurak izango dira.

Horrekin batera, lehendik harremana izan dugu mugaz gaineko proiektu asko egiteko, batez ere POCTEFA deialdietarako. Beraz horri ere ekin diogu, mugaz gaineko lankidetza indartze aldera. Noski, ez soilik beraiekin, baizik eta Akitaniarekin ere. Lehendik ere harremana izan dugu CBE enplegu-batzordearekin, eta bertako zuzendaria Cress Akitania Berriko ekonomia sozial eta solidarioko ganberaren burua ere bada. Beraz, beste ildo bat da aliantza horiei berriro ekitea, forma oraindik bilatzeke badugu ere.

"Eredu kooperatiboak lur-hartzeko pista hobeagoa eskaintzen digu guk lan egin dezagun, geure buruak ahaldundu, eta lidergoa izan dezagun. Hori guztia esanda, nik oraindik ere askoz gizon gehiago ditut emakumezkoak baino Kontseilu Errektorean"

Elkar-Lanen bitartez kooperatiba berriak sustatzeko zerbitzua duzue. Zer nolako emaitzak ematen ari da?

Kooperatibak sortzeko prozesuan zifra onak ditu Elkar-Lanek. Urtea itxi zuen 137 kooperatiba sortuta. 20 urteko ibilbidean 2.000 kooperatiba baino gehiago daramatza, 8.000 enplegu sortzen dituztenak. Zifra oso indartsuak dira. Azkeneko 10 urteetan, 136ko batez bestekoa da. Horregatik esaten nuen lehen krisialdia dagoenean ehuna zabaltzen dela, baina oro har tendentzia mantendu egiten dela.

Zein sektoretakoak?

Denetarik, baina batez ere zerbitzutakoak. Kulturakoak, aldizkariak, tabernak eta kafetegiak... Oso anitza da.

Sorrera berrikoez ari gara soilik, edo dagoeneko sortuta dauden enpresen eredu aldaketaz ere?

Batez ere sorrera berrikoez. Beste enpresa ereduetatik eredu kooperatiboetara aldaketa egitea erabakitzen duen enpresa kopurua oso txikia da, eta horregatik ez ditugu zifrak. Hori bultzatzeko garaian, gure erronka nagusia da nola iritsi haiengana. Erronka hori ez da soilik gurea, sozietate laboralek ere baitute. Esaterako, jabeak erretiroa hartzean, non negozioa oraindik bizirik dagoen eta jarduera badagoen, nola iritsi gaitezke eurengana enpresa horiek kooperatiba bihurtu daitezen? Guretzat oso bide ona litzateke, ez soilik ehuna bera zabaltzeko, baizik eta eror ez dadin. Gainera, dagoeneko hainbesteko ezagutza duen jendearentzat, enpresaren egunerokoa ezagutzen duena, jarraipena ematea da.

Zailtasunak aipatu dituzu iristeko. Nolabaiteko egitasmoak bultzatzen saiatu zarete horri aurre egiteko?

Iaz, Eusko Jaurlaritzak Ekonomia Sozialaren Departamentu Arteko Plana itxi zuenean, gure aldarrikapena izan zen leiho bakarrean lan egitea hori guztia kanalizatzeko. Eta zabaldu. Eskaintzea toki bat non erretiroa hartu nahi duen pertsona baten negozioa seme-alabek hartu nahi ez badute, aukera hori dagoela jakin dezan. Izan merkataritza ganberen bitartez, izan enpresa-erakundeen bitartez, informazio hori eskuragarri izatea.

"Beste enpresa ereduetatik eredu kooperatiboetara aldaketa egitea erabakitzen duen enpresa kopurua oso txikia da, eta horregatik ez ditugu zifrak. Hori bultzatzeko garaian, gure erronka nagusia da nola iritsi haiengana"

Finantzazioa lortzerako garaian, kooperatiba txikia bazara, zailagoa da finantzazioa lortzea SL bat izanda baino?

Bere berezitasunak ditu. Enpresa bat sortzerakoan, normalean aholkulari batengana jotzen dugu, eta askotan eurek gure berezitasunak gutxiago ezagutzen dituztenez, ez dute preskribatzen. Laguntzak badira Enplegu eta Lan departamentuaren pean, Ekonomia Sozialeko zuzendaritzatik. Gu ere saiatzen gara urtez urte aurrekontu gehiago izan dezaten edo egoera berriei kobertura eman diezaioten. Laguntzak, beraz, badira; gure oztopo nagusia da ereduaren ezagutza falta, bai ekintzaileen aldetik, bai aholkularien aldetik. Hori da hain zuzen Elkar-Lanen rola, eredua bultzatzeko.

Interes-tasen igoeraren garaian, non bankuak gogortzen ari diren finantzazioa lortzeko bete beharreko baldintzak, eredua nolabait banatuago egoteak zaildu dezake finantzazioa lortzea?

Ezetz esango nuke. 2.000 kooperatibetan 8.000 enplegu aipatu ditut; batez beste 4 enpleguz ari gara. Normalean zerbitzuez ari gara, zeinak ez dituzten inbertsio handiak behar. Beste batzuk lokalak dira, alokairuekin edo eskualdatzeekin. Baditugu zenbait berezitasun, baina arrisku analista batek badaki zer izan daitekeen.

Gaiez aldatuta, zuen aldarrikapen historikoa izan da Lanbideko administrazio kontseiluan izatea. Zein puntutan dago eskaera?

Une honetan, legearen aurreproiektuaren borradorean ari dira lanean, eta zentzu horretan guk geure ekarpena egin dugu. Bertan izan nahi dugu oso eragile garrantzitsua garelako kalitatezko enplegu egonkorraren sorreran. Horregatik ulertzen dugu enpleguari loturiko politika publikoak garatzen dituen organoan izan behar garela.

Egun ez dago ordezkaritzarik gure kasuan. Elkarte enpresarial jakin bat dago, baina ez gaitu ordezkatzen. Ulertzen dugu enplegu kooperatiboa ordezkatzeko, zeinak bere ezaugarri eta idiosinkrasia duen, zuzeneko ordezkaritza izan behar dugula.

Horrekin batera uste dugu testuinguru aproposa ematen ari dela legea berritzen ari delako, gobernantza organoari —Lanbide, printzipioz— forma ematen diolako. Nik beti esaten dut enplegu erabakiak hartzen diren tokian izan nahi dugula.

"Ulertzen dugu enplegu kooperatiboa ordezkatzeko, zeinak bere ezaugarri eta idiosinkrasia duen, zuzeneko ordezkaritza izan behar dugula Lanbideko Administrazio Kontseiluan"

Baikorrak zarete?

Ni geroz eta baikorragoa naiz. Konfekoop geroz eta aktore garrantzitsuagotzat jotzen da. Uste dut enpresa kooperatiba asko aitortu direla, askotan kooperatiba zela jakin gabe. Baina garrantzian jartzen ari da enpresa kooperatiboek egiten duten ekarpena, ez soilik ekonomikoa, baizik eta soziala ere, eta hori iristen ari da. Gainera, gu ere historikoki gauzak ez kontatzekoa izan gara, dena barruan gordetzekoak, eta Konfekoop berriaren sorreratik irekiago gaude.

Sindikatuek zuekiko konfiantza falta historikoa izan al dute?

Egoera oso desberdina da ohiko patronalarekin dagoen harremanarekin alderatuta, eta errekonozitzen dute lan politikak beste zenbait enpresetan baino hobeak direla. Sindikatuek gure esparruan ikusten dute ez dutela eragiteko esparru handirik. Une jakinetan izan dira kooperatiba batzuetan non talka izan den ordezkaritza sindikalaren eta enpresa horretan bazkide ez ziren pertsonen artean. Baina sektore horiez harago, badira beste asko non sindikatuekin elkarbizitzea egokitzen zaigun, adibidez, hezkuntzan, nekazaritza sektorean edo nirean bertan, zaintzarenean.

“Enpresa kooperatiboa berritzailea da bere horretan”. Zure esaldia da. Zein zentzutan?

Bi alderdiri buruz ari gara. Barne-antolakuntzari dagokionez, eredu kooperatiboak oso bestelako antolakuntza eredua du, demokratikoa, parte-hartzailea... eredu tradizionalaren aurrean. Eta kanpora begira, egoerei aurre egiteko modu desberdina ere badu, erresilienteago egiten gaituena eta kolpeei hobeto eustea ahalbidetzen diguna. Horrekin batera, eraldaketetan ere bagaude: trantsizio energetikoaz ari garenean, Ekiola mugimenduaren atzean enpresa kooperatiboak dira; distribuzio moduaz ari garenean, duela bizpahiru urte sortu genuen Eraman, Gasteizen dagoena, Amazon txiki bat, nahiz eta ez duen zerikusirik harekin. Berritzailea zentzu horretan ere. Bestalde, berrikuntza industrialari erreparatzen badiogu, ehun-kooperatiboarena bi puntu altuagoa da: ehunaren %30en bueltan bazegoen, gu %33an geunden.

Donostia Ekonomia Sozialaren 2023ko Hiriburua izango da. Zein onura izan ditzake halako izendapen batek?

Hor ere bi alderdi ditu. Aukera eskaintzen du kanpora begira mundu mailako ekonomia sozialean, baita oro har eredu enpresarialean ere, erreferentziazko eredua garela erakusteko. Oso ezaugarri propioak ditugu: industrializazio tasak garrantzitsuagoak dira, berrikuntza tasak ere, langabeziarenak ere... Ez da ustekabeko zerbait. Zergatik Oñatiko langabezia tasa %0koa da? Ehun-kooperatiboak enplegu horri guztiari eusten dio. Beraz, hiriburu izateak ahalbidetuko digu, esan bezala, ekonomia sozialeko eredua kanpora begira balioan jartzea.

Horrekin batera, hemendik ateratzen zarenean, ekonomia sozialeko ereduak kontsumoari oso loturik daude. Distribuzioari, nekazaritzari edo finantzarioari lotuta, esaterako. Baina lan lotura duen enpresa dimentsio hori ez da hainbeste ikusten, eta are gutxiago industriaren pisuarekin. Azken hori ez dugu soilik kooperatibek, baita sozietate laboralek eta Ehlabek ere. Hori guztia ez dago. Aukera bat da.

Eta barrura begira ere, Pertsonak ekonomiaren erdigunean leloarekin, erakutsi ahalko dugu nola den posible enpresa bat izan dadin errentagarria, lehiakorra, eraldaketa askoren buruan izan eta sektoreen lidergoan, baina aldi berean errotzea sortuz, gizarte-kohesioa, desberdintasunak ezabatuz...

"Hemendik ateratzen zarenean, ekonomia sozialeko ereduak kontsumoari oso loturik daude. [...] Baina lan lotura duen enpresa dimentsio hori ez da hainbeste ikusten, eta are gutxiago industriaren pisuarekin"

Zer ari da gertatzen Next Generation funtsekin?

Next Generationak ez ditugu ikusten, ez dira iristen ari. Are gehiago, ESEPE berezi bat izan zen ekonomia sozialari eta zaintzarenari lotua. Bertan jasotako betebeharrak ezin ditu bete ETE ehunak modu erraz baten. Antza, bigarren deialdia egingo dute, baina hala ere kopuru asko ziren. Gauza handiak izan behar zuten, harrezkero martxan jarritakoak eta bultzatutakoak. Eta gainera, exekuziorako markoa edo denbora oso motza zen. Inertzia handia daramatenean kontuek, denbora espazio handia behar duzu garatzeko. Eta horrek ere atzera eraman du.

Zaintza bezalako sektore baten, non gastuaren parte handiena langileena den —%90—, inflazioaren gorakada, pentsioen erreforma berria non sozietateen kotizazio altuenak gehiago ordaindu behar duen... Kostuen ikuspegitik, hori guztia jasangarria da?

Zorionez azkeneko konkurtsoetan bezeroekin hitz egin dugu haiek kontuan izan dezaten karga. Aipatu dituzue alderdiak gako dira, baina nik beste bat gehituko nuke: absentismoa. Zaintzan, zehazki, sektorean ia 40 urte daramatzaten emakumeez ari gara, eta akituta daude. Ondorioz, absentismo indizeak oso altuak dira. Eta gainera, harrezkero soldata nahiko duinak dituzte, eta enpresentzat kostuak altuak dira. Jarduteko tarte estua dugu, eta saiatzen gara ahal dugun guztia egiten lehenagotik ere lesioak ekiditeko.

Gurea beti izan da bolumen handiko baina marjin gutxiko sektorea. Gure helburua izan da enplegua sortzea. Eta enplegurik izan ez denean, krisialdiak administrazioa ukitu eta ondorioak enpresek eta haiek eskainitako zerbitzuek pairatu dituztenean, ez dugu enplegua erregulatzeko espedienterik egin, enplegua banatu baizik. Orain puntu horretan gaude, non kostuak oso altuak diren. Eta eutsi egingo diogu, alde batetik duzulako hitzarmena, eta bestetik administrazioa esanez zerbitzua garestia da. Eta gu erdian. Hori da apur bat egoera, baina halakoa izan ohi da historikoki ere. Eta gure kasuan hitzarmena izan edo ez, irabazi asmorik gabekoak gara. Ondorioz, dena jardueran inbertitzen dugu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK